Eutanasia legeztatzeko proposamen bat aurkeztu du PSOEk Kongresuan

Esan dute «adostasun handia» dagoela gizartean, eta «erantzun politiko bat» eman behar zaiola

Andres Perello eta Luisa Carcedok eman zituzten atzo lege proposamenaren inguruko xehetasunak. LUCA PIERGIOVANNI / EFE.
Asier Arrate Iruskieta.
2018ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
«Sufrimendua amaitzeko laguntza eskatu eta jasotzeko legea da, beste pauso bat heriotza duinerako bidean». Hitz horiekin aurkeztu zuen Andres Perello PSOEko Justizia eta Eskubide Berrien idazkariak bere alderdiak eutanasia despenalizatzeko atzo Espainiako Kongresuan aurkeztu zuen lege proposamena. Hiltzeko aukera bermatu nahi diete egoera terminalean egon gabe gaixotasun edo desgaitasun larriak eta sendaezinak dituzten gaixoei. Sozialistek osasun zerbitzu publikoetan txertatu nahi dute horretarako aukera.

Perellok eta PSOEko osasun idazkari Luisa Carcedok eman zituzten lege proposamenaren xehetasunak, eta gogoratu zuten eutanasiak babes zabala duela gizartean. «Hamar pertsonatik zortzi erregulazioaren alde daude, eta politikarien eginbeharra da horri erantzutea».

Carcedok azaldu duenez, proposamena aurrera ateraz gero, eutanasia prozesu «ordenatua, legezkoa eta sistematikoa» izango da, eta «berme guztiak» izango ditu. Era berean, eutanasia osasun zerbitzu publikoek eskaintzea nahi dute sozialistek, eta finantzaketa publikoa izatea. «Eskubide berri bat da, eta, egingarri izateko, publikotasuna bermatu nahi dugu», adierazi du osasun idazkariak.

Lege proposamenaren arabera, hiltzea eskatzen dutenek idatzizko eskari bat egin beharko dute «beren kabuz eta inolako kanpo presio gabe». Aukera izango dute atzera egiteko ere. Eskatzaileek nazionalitate espainiarra edo bizileku baimena beharko dute izan; hiltzeko prozeduren eta alternatiben inguruko informazioa ere eduki beharko dute.

Medikuen kontrol komisioa

Medikuek ere izango dute zer esan. Eutanasia eskariak bi osagileren oniritzia beharko du. Horien baimena lortuta, eutanasia prozesu osoa ikuskatuko duen «ebaluazio eta kontroleko komisioak» izango du azken hitza. Sozialisten arabera, prozesu osoak ezingo du iraun 32 egun baino gutxiago. Heriotzan laguntzeko substantziak zuzenean medikuek eman edo norberak preskripzio bidez hartzeko aukera aurreikusten dute, eta etxean zein osasun zentroetan egin ahalko da, osasun arloko profesionalen kontrolpean betiere.

Osasun langileen kontzientzia eragozpenerako eskubidea ere biltzen du lege proposamenak. Horretarako, eragozleen erregistro bat sortzea aurreikusi dute. Perelloren hitzetan, eutanasia ez egitea profesionalen erabaki «pertsonala» izango da, eta aurretiaz idatziz jakinarazi beharko dute.

Justizia idazkariak argi utzi nahi izan du «bi gauza ezberdin» direla eutanasia eta egun Kongresuan eztabaidatzen ari diren heriotza duinerako eskubidea, eta horiek «nahastearen» aurka dagoela. Argudiatu duenez, horregatik ez zuten babestu Unidos Podemosek aurretiaz aurkeztutako eutanasiaren legea: «Dena pakete berean jarri zuten». Perelloren esanetan, eutanasiaren lege proposamenak, heriotza duinaren aldean, lege organiko berri bat lantzeaz gain, zigor kodeko 143. artikulua aldatzea ekarriko luke. Artikulu horrek suizidioan laguntzen duten pertsonak zigortzen ditu.

Perellok azaldu du Europako herrialdeetako legediak aztertu dituztela lege testua osatzeko, eta eztabaidak izan dituztela medikuekin eta heriotza duinaren aldeko elkarteekin. Bileretan jasotakoa ikusita, proposamenak «oinarrian» babes oso zabala duela berretsi du Perellok. Elkarteekin biltzen jarraituko dutela jakinarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.