Eskola segregazioa desagerrarazteko neurriak galdegin dituzte Gasteizen

Jendetza batu da Euskal Eskola Publikoaren aldeko manifestazioan: «Ez dugu erortzen utziko»
Jendetza Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, atzo, eskola publikoaren aldeko manifestazioan.
Jendetza Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan, atzo, eskola publikoaren aldeko manifestazioan. JUANAN RUIZ / FOKU

Aitor Biain -

2018ko maiatzak 26
Egoera «larria» dela iritzita, jendetza atera zen kalera atzo Gasteizen, Euskal Eskola Publikoaren defentsan. Gasteizko Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak egindako deiari erantzunez, eskoletako segregazioaren auzia aintzat hartu eta arazoari aurre egiteko «premiazko neurriak» galdegin dizkiote Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari. Aldarria ozen entzun zen Andre Maria Zuriaren plazan egindako ekitaldian hainbat ikaslek irakurri zuten manifestuan: «Adreiluz adreilu eraiki dugu euskal eskola publikoa denon artean. Orain, eskola euskalduna, laikoa, demokratikoa eta koloretsua nahi dugu! Denona eta denontzat!».

Festa giroan egin zuten protesta. Euskal, Eskola, eta Publikoa hitzak goiburu hartuta, zutabe bana abiatu zen San Anton plazatik, Prado parketik eta Azoka plazatik. Andre Maria Zuriaren plazan egin zuten bat guztiek ondoren. Musikari eta trikitilariak izan zituzten bidelagun irakasle, ikasle, guraso eta gainerako parte hartzaileek. Ibilbide osoan, ez zen aldarrikapenik falta izan, halere: «Ez, ez, ez, segregaziorik ez!; Bai, bai, bai, aniztasuna bai!», edota «Publikoa, sare bakarra» leloak oihukatu zituzten. Erlijioa eskoletatik ateratzeko aldarriak ere entzun ziren. Txistu jo zuten, halaber, Ajuria Enea eta Eusko Legebiltzarraren albotik pasatzean. Mezu zuzenak igorri zizkioten Eusko Jaurlaritzari: «Eskola publikoa borrokan dago!».

Ez ziren bakarrik izan, ordea. Aldarrikapenarekin bat egin baitzuten hainbat eragile sozial, alderdi politiko eta sindikatuk ere. Orotara, 50 eragile baino gehiagok babestu zuten martxa.

«Eraikuntza sinbolikoa»

Eskola publikoaren «eraikuntza sinbolikoa» irudikatu zuten manifestazio amaieran, Andre Maria Zuriaren plazan egindako ekitaldian. Ikasleek ikastetxeetan atondutako kartoizko kaxak baliatu zituzten etorkizuneko euskal eskola publikoaren «adreiluak» irudikatzeko. Anitza, euskalduna, publikoa, denona eta antzeko hitzak irakur zitezkeen kaxetan. «Ez dugu erortzen utziko. Horregatik gaude hemen: agintariei eskatzeko lehenbailehen neurriak hartzeko», adierazi zuten. «Gizarte haustura ez areagotzeko», egoera irauliko duten «premiazko neurriak» galdegin zizkioten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailari. «Guztion eskola zaindu, maitatu eta errespeta dezatela eskatzen diegu, besterik ez. Gure eta hiri osoaren etorkizuna haien esku dago», adierazi zuten.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna