Esa ezin dela handitu berretsi, eta bertzelako aukerak aurkeztu dituzte

2004an jorratutako alternatibak berrikusi, eta txosten bat egin dute Arrojok, Casasek eta Graciak
Arrojo, Casas, Iker Aramendia (Esa + Ez) eta Fito Jimenez (Uraren Kultura Berria fundazioa), atzo.
Arrojo, Casas, Iker Aramendia (Esa + Ez) eta Fito Jimenez (Uraren Kultura Berria fundazioa), atzo. JAGOBA MANTEROLA / ARP

Edurne Elizondo -

2015eko ekainak 13
Zaragozako Unibertsitateko irakasle Pedro Arrojok eta Antonio Casasek argi dute: Esako (Nafarroa) urtegia handitzeko lanek ez zuten zentzurik duela 11 urte, eta are zentzu gutxiago dute gaur egun. Iruñean izan ziren atzo Arrojo eta Casas, Esa + Ez eta Rio Aragon elkarteetako ordezkariekin. Esa ez handitzeko alternatiben txostena aurkeztu zuten, jendaurrean. 2004. urtean egin zuten, baina orduan mahai gainean jarritako aukerak berrikusi dituzte orain, Jose Javier Graciarekin batera. Urtegia handitu beharrean, Bardeako ubidean presa txikiak egitea proposatu dute, bertzeak bertze.

Azken hamar urteotan gertatu denak utzi du agerian txostena berrikusteko beharra, egileen hitzetan. Urtegiaren segurtasunarekin lotutakoak nabarmendu zituen Casasek atzo. Geologian doktore da Zaragozako Unibertsitateko irakaslea. Argi erran zuen: «Arrisku handiko obra da Esa. Eror daiteke edo ez; aukera bera dago gauza bat edo bertzea gertatzeko. Eror daiteke gaur, edo 200 urte barru».

2013ko otsailean gertatu zen lur mugimendu handia eskuineko hegalean. Haren ondorioz, Esako bi urbanizazio hustu behar izan zituzten; iazko udan, azkenik, desjabetu egin zituzten. «Geroztik, magal hori ez da egonkortu. Mugitzen ari da oraindik. Ezkerrekoa ere ez da egonkorra», nabarmendu zuen Casasek. Azken datuen arabera, hilean milimetro bat inguru ari da mugitzen eskuineko magala. «Azarokoak dira azken datuak». Ebroko Ur Konfederazioaren gardentasunik eza salatu zuen geologoak.

Erakunde horrek behin baino gehiagotan erran du eskuineko magala «hagitz mantso» mugitzen dela. «Urtegien segurtasunari buruz ari garenean, 'hagitz mantso' ez da onartutako kategoria bat; hagitz mantso mugitzen dela errateak, beraz, ez dio larritasuna kentzen egoerari».

Casasek zalantzarik gabe erran zuen urtegia ezin dela handitu; are gehiago, egungoa baino maila baxuago batera jaitsi beharko lukete ura, haren hitzetan. «Helburua da Zangozan hondamendia gertatzeko arriskua ahalik eta gehien gutxitzea». Presatik behera dago Zangoza, Nafarroan. Urtegian zerbait gertatuz gero, urak azpian hartuko luke herri hori, bai eta bertze zenbait ere.

Seguruagoak, merkeagoak

Esako urtegiko magalen egoeraz aspaldi hasi zen ohartarazten Antonio Casas. Geologoak eta bertze hainbat adituk errandakoei entzungor egin die Ebroko Ur Konfederazioak, ordea. Horixe salatu zuen irakasleak atzo: «Deus gertatuko ez balitz bezala ari dira jokatzen; egoera benetan larria da, eta jendearen bizitza dago jokoan».

Magalen egoerak bakarrik justifikatzen du Esa handitzeko obrak bertan behera uztea, Zaragozako Unibertsitateko Ekonomia katedradun eta Uraren Kultura Berria fundazioko arduradun Pedro Arrojoren ustez. Baina bertze hainbat elementu ere jarri zituen mahai gainean atzo. «Guk proposatutako alternatibak seguruagoak, merkeagoak eta eraginkorragoak dira», laburbildu zuen.

2004ko txostenean jasotako hainbat kontu Ebroko Ur Konfederazioak berak onartu behar izan dituela azaldu zuen Arrojok. «Onartu behar izan dute, adibidez, klimaren aldaketaren eragina. Datozen urteotan ur gutxiago izanen dugu. Urtegi handiago bat egiteak ez du arazo hori konponduko; datozen 30-40 urteotan, %20 eginen du behera ibaien emariak. Hori kontuan hartuta, ureztatzeko eremua handitzeak ez du zentzurik».

Esako urtegiko ura Aragoiko (Espainia) lurrak ureztatzeko erabiltzen da batez ere, baina Nafarroako hainbat hektarea ere ukitzen ditu: 10.000 denera. Lur horiek guztiak ureztatzeko Esa handitzeko beharrik ez dela berretsi zuen Arrojok, atzo Iruñean egindako agerraldian. 2004ko txostenean jaso eta orain berrikusitako alternatibak jarri zituen mahai gainean. Esako urtegiko ura Bardeako ubideak ateratzen du, eta ubide horretan presa txikiak egitea da proposamenetako bat. «Kontua da presa horiek beharraren arabera egitea, mailaka. Neguko urarekin beteko lirateke, udan erabiltzeko». Ebroko Ur Konfederazioak jada halako hiru egin dituela nabarmendu zuen irakasleak. Zortzi egiteko aukera jasota dago txostenean.

Bada bertze neurririk. Batetik, egungo sistema moldatzea, modernizatzeko asmoz. Neurri horrek 44.000 hektarea ukituko lituzke. Bertzetik, gazitasun handia duten eta hagitz emankorrak ez diren 8.000 hektarea erabiltzeari uztea. «Kalte-ordaina jasoko lukete nekazariek, noski», zehaztu zuen Arrojok.

2004ko txostena berrikusi eta gero, proposamenen berri zabaltzea izanen da hurrengo urratsa. Atzo, Nafarroako hainbat alderdirekin bilera egin zuten; herritarren aurrean ere aurkeztu zituzten alternatibak, hitzaldi batean. 19an, elkarretaratzea eginen dute Zangozan, eta txostenaren berri emateko baliatuko dute. Ebroko Ur Konfederazioko kideen esku uztea ere badute xede. Erakunde horrek orain arteko bidea aldatuko duen esperantzarik ez dute Esa + Ez elkartean. Raimundo Lafuente da orain konfederazioko buru. Hura izan da Esako proiektuko zuzendari, orain arte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna