Forentseak dio «ezinezkoa» dela Rodriguez istripuz hil izana

Hilketa autoarekin harrapatuz eragin zutela berretsi du auzitegi medikuak. Gaur amaituko da biktimaren senar ohiaren aurkako epaiketa

Jon Ander De la Hoz.
2018ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Leire Rodriguez atzeraka erorita istripuz hil izana «ezinezkoa» da, gorpuari autopsia egin zion forentsearen arabera. Hala, auzitegi medikuakbaztertu egin du Rodriguez hiltzeaz akusaturiko gizonaren bertsioa. Autopsiaren emaitzen berri eman zuen atzo, Bizkaiko Lurralde Auzitegian, senar ohiaren aurkako epaiketaren laugarren egunean. Akusatuari proba psikologikoak egin zizkion psikologoak, eta auto harrapaketa ikertu zuten adituek ere hartu zuten parte atzoko saioan.

2015eko abuztuaren hasieran aurkitu zuten Rodriguezen gorpua, Bilbo inguruko errepide bazter batean. Indarkeria matxistako kasu bat izan zitekeela pentsatuta, senar ohia jo zuten susmagarritzat. Ertzaintzak deklaratzera deitu zuenean, bere buruaz beste egiten saiatu zen senar ohia, trenbidera salto eginda, eta elbarri dago harrezkero. Epaiketan adierazi du istripuz hil zuela emakumea: buruan kolpe bat hartu zuela Rodriguezek, hilda zegoela pentsatu zuela gizonak, eta, inork sinetsiko ez zuelakoan, harrapaketaren itxura egin zuela gero.

Forentseak baztertu egin du andrea nahi gabeko eroriko baten ondorioz hil zela: «Lesioek eta akusatuaren bertsioak ez dute bat egiten ikuspuntu medikotik». Rodriguezen gorpuak sei zauri zituela azaldu du: «Gutxienez sei alditan, esku batek Rodriguezen burua zerbaiten kontra jo zuen». Komuneko koska izan daitekeela uste du; odol arrastoak aurkitu zituzten han. Auzitegi medikuak azaldu duenez, Rodriguez ez zuten kolpe horiek hil, auto harrapaketek baizik.

Psikologoak, berriz, esan du «artifiziala, inkongruentea eta irrazionala» dela akusatuaren bertsioa. Gertakariak justifikatzeko sortutakoa iruditu zaio: «Kolpeak nahi gabekoak izan balira, osasun zerbitzuen laguntza eskatzea litzateke logikoena». Psikologoak azaldu du akusatuarekin izandako elkarrizketetan hark ez zuela «biktimaren izenik aipatu, ezta damurik azaldu ere». Ez hori bakarrik; psikologoaren esanetan, gertatutakoaren errua hildakoari bota zion une batean, hura «bere onetik irtenda» zegoela argudiatuz.

Udaltzainak, forentsearekin

Harrapaketa ikertzen aritu diren adituek azaldu dute «bateraezinak» direla akusatuak harrapaketaz emandako bertsioa eta ikerketan ondorioztatukoak. Gizonak «nahi gabe» harrapatu zuela esan zuen bere deklarazioan. Alabaina, adituek zehaztu dute behin baino gehiagotan zapaldu zuela ibilgailuarekin, ihes egin aurretik.

Adituek esandakoa bat dator udaltzainek herenegun deklaratu zutenarekin. Haien arabera, «hildakoaren arrasto biologikoak» zeudenakusatuaren autoaren azpialdean eta maletategian. Halaber, udaltzainek azaldu zuten hasieratik susmatu zutela ez zela harrapaketa normal bat, eta Rodriguezen gorpuak «han utzi izanaren zantzuak» zituela.

Gaur amaituko da Leire Rodriguezen hilketa argitzeko epaiketa. Fiskaltzak 23 urteko espetxe zigorra eskatu du senar ohiarentzat. Herri akusazioak eta akusazio partikularrak, berriz, 25 eta 30 urte arteko zigorra eskatu dute. Defentsak, aldiz, zazpi urteko kartzela zigorra proposatu du,homizidio delitua egotzita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.