Forentseak dio «ezinezkoa» dela Rodriguez istripuz hil izana

Hilketa autoarekin harrapatuz eragin zutela berretsi du auzitegi medikuak. Gaur amaituko da biktimaren senar ohiaren aurkako epaiketa

Jon Ander De la Hoz -

2018ko apirilak 13
Leire Rodriguez atzeraka erorita istripuz hil izana «ezinezkoa» da, gorpuari autopsia egin zion forentsearen arabera. Hala, auzitegi medikuak baztertu egin du Rodriguez hiltzeaz akusaturiko gizonaren bertsioa. Autopsiaren emaitzen berri eman zuen atzo, Bizkaiko Lurralde Auzitegian, senar ohiaren aurkako epaiketaren laugarren egunean. Akusatuari proba psikologikoak egin zizkion psikologoak, eta auto harrapaketa ikertu zuten adituek ere hartu zuten parte atzoko saioan.

2015eko abuztuaren hasieran aurkitu zuten Rodriguezen gorpua, Bilbo inguruko errepide bazter batean. Indarkeria matxistako kasu bat izan zitekeela pentsatuta, senar ohia jo zuten susmagarritzat. Ertzaintzak deklaratzera deitu zuenean, bere buruaz beste egiten saiatu zen senar ohia, trenbidera salto eginda, eta elbarri dago harrezkero. Epaiketan adierazi du istripuz hil zuela emakumea: buruan kolpe bat hartu zuela Rodriguezek, hilda zegoela pentsatu zuela gizonak, eta, inork sinetsiko ez zuelakoan, harrapaketaren itxura egin zuela gero.

Forentseak baztertu egin du andrea nahi gabeko eroriko baten ondorioz hil zela: «Lesioek eta akusatuaren bertsioak ez dute bat egiten ikuspuntu medikotik». Rodriguezen gorpuak sei zauri zituela azaldu du: «Gutxienez sei alditan, esku batek Rodriguezen burua zerbaiten kontra jo zuen». Komuneko koska izan daitekeela uste du; odol arrastoak aurkitu zituzten han. Auzitegi medikuak azaldu duenez, Rodriguez ez zuten kolpe horiek hil, auto harrapaketek baizik.

Psikologoak, berriz, esan du «artifiziala, inkongruentea eta irrazionala» dela akusatuaren bertsioa. Gertakariak justifikatzeko sortutakoa iruditu zaio: «Kolpeak nahi gabekoak izan balira, osasun zerbitzuen laguntza eskatzea litzateke logikoena». Psikologoak azaldu du akusatuarekin izandako elkarrizketetan hark ez zuela «biktimaren izenik aipatu, ezta damurik azaldu ere». Ez hori bakarrik; psikologoaren esanetan, gertatutakoaren errua hildakoari bota zion une batean, hura «bere onetik irtenda» zegoela argudiatuz.

Udaltzainak, forentsearekin

Harrapaketa ikertzen aritu diren adituek azaldu dute «bateraezinak» direla akusatuak harrapaketaz emandako bertsioa eta ikerketan ondorioztatukoak. Gizonak «nahi gabe» harrapatu zuela esan zuen bere deklarazioan. Alabaina, adituek zehaztu dute behin baino gehiagotan zapaldu zuela ibilgailuarekin, ihes egin aurretik.

Adituek esandakoa bat dator udaltzainek herenegun deklaratu zutenarekin. Haien arabera, «hildakoaren arrasto biologikoak» zeuden akusatuaren autoaren azpialdean eta maletategian. Halaber, udaltzainek azaldu zuten hasieratik susmatu zutela ez zela harrapaketa normal bat, eta Rodriguezen gorpuak «han utzi izanaren zantzuak» zituela.

Gaur amaituko da Leire Rodriguezen hilketa argitzeko epaiketa. Fiskaltzak 23 urteko espetxe zigorra eskatu du senar ohiarentzat. Herri akusazioak eta akusazio partikularrak, berriz, 25 eta 30 urte arteko zigorra eskatu dute. Defentsak, aldiz, zazpi urteko kartzela zigorra proposatu du, homizidio delitua egotzita.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna