Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Gizartea Botika industriak medikuei egiten dien presioa kontrolatu nahi dute

Publizitatea

Gizartea

Botika industriak medikuei egiten dien presioa kontrolatu nahi dute

Eusko Legebiltzarrak 1990eko araudia gaurkotzeko eskatu dio Jaurlaritzako Osasun Sailari
Juan Luis Uria, Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkidea, erdian, atzoko Osasun Batzordean.
Argazkia: JAIZKI FONTANETA / ARGAZKI PRESS

2017-11-14 / Ibai Maruri Bilbao

Botika industriako komertzialek Osakidetzako medikuei egiten dizkieten bisitak 1990eko lege batek arautzen ditu. Eusko Legebiltzarrak aho batez eskatu dio Eusko Jaurlaritzari araudi hori berritu dezala. Bisita horiek debekatzeko eskatu du Elkarrekin Podemosek hasieran; harena izan da arauz besteko proposamena. Baina, azkenean, alderdi guztien artean araudia gaurkotzea eskatzeko beste proposamen bat adostu dute Osasun Batzordean.

Juan Luis Uria Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideak salatu du eragin «izugarria» duela medikuen lanean. «Hainbat medikuk esan didate neurriak hartu behar direla eurak komertzialen presiopetik askatzeko». Osakidetzaren diru kontuetan eta herritarren osasunean eragin zuzena duela ohartarazi du. Bisita horiek debekatzea lortu ez duen arren, «pozik» agertu da, auzia Osasun Sailaren agendan sartzea lortu duelako. Uriak aitortu du mediku gehienek «zintzo» jokatzen dutela. Baina ohartarazi du industriak «etikarik gabe» jarduten duela. Datu bat eman du: multinazionalek aurrekontuaren %30 marketinerako erabiltzen dute.

Medikua da Uria, eta egoeraren «jakitun» dela esan du. «Industriaren presioei men egiten zaien kasuak ez dira salbuespena». Bilboko adibide bat ipini du, asko zehaztu gabe. Esan du osasun zentro batean gertatu zela, familia medikuen eta espezialisten arteko bilera batean. «Espezialista bat etorri zitzaien gaixotasun jakin baterako tratamenduen inguruan hitz egitera. Sendagai baten inguruan berbetan hasi zitzaien, marka komertzial bat erabilita. Familia medikuetako batek eskatu zion marka hori erabiltzeari uzteko, eta generikoari aipamen egiteko. Ez zion kasurik egin. Beste batek esan zion marka horretako sendagaia ez zela osasun gidak lehenesten zuena, eta ez aipatzeko gehiago. Ez zien kasurik egin». Uriak esan du badirela industriak ordainduta 400 euro arteko dietak kobratzen dituzten espezialistak, halako bileretan euren botikaren onurak azaltzeko.

Jaurlaritza sostengatzen duten EAJk eta, batez ere, PSE-EEk medikuen profesionaltasuna auzitan jartzea leporatu diote. Natalia Rojo sozialistak Bilboko kasu hori epaitegian salatzeko eskatu dio. Eta PPko bozeramaile Carmelo Barriok esan dio administrazioak berak, medikuen elkargoak eta osasun arloko sindikatuek kontrol «zorrotza» egiten dutela Osakidetzan, «baita medikuen eta botika industriaren arteko harremanean ere». EH Bilduko ordezkari Rebeka Uberak, profesionalentzako prestakuntza ez ezik, herritarren ahalduntzea ere eskatu du: «Gertatzen bada, errezetatzen dieten botikak euren interesa ez baizik beste batzuk lehenesten dituela ikusten jakin behar dute, eta gai izan behar dute medikuari esateko: 'Hori ez da Osakidetzak lehenesten duen botika'».

Interes pribatuak

Batzorde berean beste proposamen bat aurkeztu du Elkarrekin Podemosek. Uriak nahi izan du Osakidetzako medikuei sektore pribatuan jardutea debekatzen dien legedia betetzea. Kasu honetan, ez da alderdien arteko adostasunik egon, eta ez da onartu. Rojok uste du Uriak «oker» egin duela eskaera: «Zuk ez duzu egungo legedia betetzea nahi, kasu batzuetan bi sektoreetan jardutea bateragarri baita. Zuk legedia aldatu nahi duzu, eta hori nahi baduzu, proposa ezazu».

Uberak aitortu du eurek ez dutela «gogoko» langile publikoak sektore pribatuan aritzea. Gaur egun, ardura postuen kasuan debekatzen du legediak. Horregatik, EH Bilduk egoera aztertu, eta ikuskaritza txosten bat egiteko eskatu dio Osasun Sailari: «Datorrela hona, eta proposa dezala zer neurri har daitezkeen langile publikoek sektore publikoaren aldeko apustua egin dezaten». Eta ez du nahi Osakidetzan esklusiboki lan egiten dutenek aparteko ordainsari bat jasotzea.

Beste hiru alderdiek berriro egotzi diote Uriari langile publikoen «kriminalizazioa». Hark ukatu egin du: «Sektore publikoko pazienteak pribatura eroatea ustelkeria da. Baliabide publikoak sektore pribaturako erabiltzea ustelkeria da. Sektore pribatuan lan egiteko publikoan dagokizun ordutegia ez betetzea ustelkeria da. Dituen baliabideetarako, Osakidetzak ondo funtzionatzen du; baina bizkarroiak ditu».

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak