Bozak «askatasunez» egiteko neurriak hartuko ditu Goirizelaiak

Ikasle mugimenduaren ekintzak gaitzetsi ditu EHUko errektoreak. Bihar parte hartzera deitu du

Iñaki Goirizelaia, hiru campusetako errektoreordeekin, atzo. MONIKA DEL VALLE/ ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2016ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Bihar aukeratuko dute EHUko errektore berria. Nekane Balluerkarena da hautagaitza bakarra. Horri eta azkenaldian jazotako istiluei buruz hitz egiteko agerraldia egin zuen atzo Iñaki Goirizelaia jarduneko errektoreak, hiru campusetako errektoreordeek eta Ikasleen, Enpleguaren eta Gizarte Erantzukizunaren arloko errektoreordeak lagunduta. Azken asteotan izandako protesta ekintzak salatu ditu Goirizelaiak, eta iragarri du EHUko hiru campusetan «segurtasun neurriak» ezarriko dituztela biharko hauteskundeetarako. Esan du euren esku dagoen guztia egingo dutela EHU «askatasun gune» izateko.

Goirizelaiak EHUren funtzio publikoa nabarmendu du, eta aldarrikatu du ideiak plazaratzeko esparru «egokiena» dela: «Adierazpen askatasunaren, ideien eztabaidaren eta iritzi publikoen manifestazioaren babesleku da unibertsitatea». Eskerrak eman dizkie azken asteetan ikasle mugimenduak egindako ekintzen harira unibertsitateari elkartasuna adierazi diotenei, eta iragarri du biharko bozetan nahi duen orok «askatasun osoz» parte hartu ahal izatea bermatuko dutela. «Ez dugu onartuko pertsona bati botoa ematea galaraziko dion inolako jokabiderik». Errektoretzak ohartarazi du hauteskunde prozesua galaraztea hauteskunde delitutzat jo daitekeela, eta ondorio penalak ere izan ditzakeela.

Ikasle mugimenduak Leioan biharko deitutako manifestazioaren harira, Goirizelaiak zehaztu du ez dutela jaso mobilizaziorik egiteko eskaerarik. «Ez dakit zer egin nahi duten, baina baldintza egokiak egotea ziurtatuko dugu». Aitortu du deialdi horren ondorioz Leioako campusa dela segurtasunari dagokionez «kezka gehien» sortzen dien lekua. Dena den, hiru herrialdeen neurri «berak» hartuko dituztela adierazi du, baina ez du zehaztu zeintzuk.

EHUko hauteskundeetan izan ohi den abstentzio handiaren jakitun, Goirizelaiak azaldu du parte hartzea ez dela berdina unibertsitateko sektoreen artean. Ikasleena beti apalena da, baina zehaztu du egoera «aldatu» egiten dela campus batetik bestera. Haren esanetan, abstenitzea «onargarria» da, baina botoa ematera joateko deia egin dio unibertsitateko komunitateari.

«Eredu kontrastea»

Errektoreak adierazi du ez duela hitz egin protesta egiten duten ikasleekin, eta sare sozialen bidez izan duela haien aldarrikapenen berri. «Gure eredua ukatzen dute; beste bat eraikitzea dute xede». Hala, Goirizelaiak iradoki du ondo legokeela bozketa prozesu batean «ereduen alderaketa» egitea. Iragarri du itxaron egingo dutela istiluak eragin zituztenen aurka neurriak hartuko dituzten erabakitzeko, hauteskunde eguna igaro arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.