Saudi Arabiak «zuzeneko eraso militarra» egitea leporatu dio Irani

Teheranek adierazi du Riadek Yemenen eginiko ekintzek nazioarteko legeak urratzen dituztela

Sana hiriko eraikin bat, Saudi Arabiak zuzendutako koalizioak bonbardatu ondoren, igandean. YAHYA ARHAB / EFE.
Iosu Alberdi.
2017ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Saudi Arabiako printze oinordeko Mohamed bin Salmanek «zuzeneko eraso militartzat» jo du larunbatean Yemengo matxino xiitek —huthiek— Riadera jaurti zuten misila. Saudi Arabiako Gobernuak astelehenean gogor jo zuen Iranen aurka, eta huthiek jaurti zuten misila Teheranek emanikoa zela salatu zuen. Iranek, berriz, faltsutzat jo ditu akusazioak, eta gogor kritikatu du Saudi Arabiaren jarrera.

Bin Salman printze oinordekoa Defentsa ministroa ere bada, eta Riaden aurkako erasoa «erresumaren aurkako gerra ekintza» gisa har daitekeela esan du.Hala azaldu dio Erresuma Batuko Atzerri ministro Boris Johnsoni telefonoz. Johnsonek Londresen babesa adierazi dio printzeari, «segurtasun mehatxuen aurrean».

Era berean, Iraneko Atzerri ministro Mohamed Javad Zarifekin ere hitz egin du Johnsonek. Zarifek azaldu dio Saudi Arabia Ekialde Hurbilean egiten ari den «mugimendu probokatzaileek» nazioarteko legeak urratzen dituztela. Riadek eginiko akusazioak ere «faltsutzat eta arriskutsutzat» jo ditu. «Saudi Arabiak, Yemen bonbardatu, eta milaka errugabe hiltzen ditu, haurrak barne, eta kolera eta gosea hedatzen ditu. Baina, noski, Irani botatzen dio errua», idatzi du bere Twitter kontuan.

Izan ere, zazpi milioi pertsona gose dira Yemenen, NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, eta 5.295 zibil hil dituzte gerra ekintzetan, 2015eko martxotik.

Misilaren jaurtiketaren ondoren Riadek hartutako erabakiek ez dute lagundu egoera hobetzen. Nazioarteko koalizioak Yemengo aireko, uretako eta lurreko mugak itxi ditu, «behin-behinean». Blokeoaren eraginez, laguntza humanitarioa bidaltzeko operazioak bertan behera geratu dira, NBEko Gai Humanitarioen Koordinaziorako Bulegoko bozeramaile Jens Laerkeren esanetan: «Bide horiek irekita ez edukitzea katastrofikoa da jendearentzat, jada egungo krisi humanitario handienean bizi direnentzat». NBEko Giza Eskubideentzako Goi Mandatariaren bozeramaile Rupert Colvillek ere blokeoaren inguruko datuak eskatu dizkio Saudi Arabiak zuzentzen duen koalizioari, «nazioarteko zuzenbidea urratzen duen jakiteko».

Misila Riadeko Jaled erregearen aireportura iritsi aurretik, Saudi Arabiako segurtasun indarrek hura geldiaraztea lortu zuten. Horiek eginiko ikerketen arabera, Iranen fabrikatua zegoen misila. Saudi Arabiako Atzerri ministro Adel al-Jubeirrek esan du Libanoko Hezbollah erakundea izan zela misila jaurti zuena, Iranen babesa duen erakunde armatua: «Irango misil bat zen, eta Hezbollahek jaurtia, huthiek Yemenen okupatuak dituzten lurraldeetatik». Al-Jubeirren esanetan, misila desmuntatu zuten Yemenen sartzeko, eta ondoren Hezbollahek eta Iraneko Guardia Iraultzaileak muntatu zuten, handik Riadera jaurtitzeko asmoz.

Misilari erantzunez, Saudi Arabiak gidatzen duen nazioarteko koalizioak Yemenen Saudi Arabiak berak duen enbaxada bonbardatu zuen astelehenean, Sanan, Efek jaso duenez. Enbaxada hutsik dago huthiek hiria bereganatu eta Abd Rabo Mansur Hadi presidentearen Gobernua kanporatu zutenetik.

Huthiek, berriz, Saudi Arabia eta Arabiar Emirerri Batuak mehatxatu dituzte, blokeoari erantzunez: «Saudi Arabiako eta Arabiar Emirerri Batuetako aireportu, portu eta mugak gure armen jomuga izango dira; gure eskubide legitimoa da».

Libanon, zalantzak nagusi

Saad Hariri Libanoko lehen ministroak Saudi Arabian jarraitzen du. Handik eman zuen bere dimisioa larunbatean. Libanoko Al-Akhbar egunkariak —Hezbollahen ingurukoa— argitaratu du Hariri etxe barruan atxilotua dagoela, baina lehen ministroaren ingurukoek albistea gezurtatu dute. Saudi Arabiako Atzerri ministroak ere esan du nahi duenean alde egiteko libre dela. Hain zuzen, Hariri Abu Dabhin izan zen atzo, hango printze oinordeko eta emirerriko indar armatuen buru Mohamed bin Zayedekin hitz egiteko, Riadera itzuli aurretik.

Ustekabeko dimisioak eragin zuzena izan du Libanoko egoera politikoan, iaz estatuko hainbat fakziok batasun gobernu bat osatu eta 2005etik lehen aurrekontuak adostu ostean. Libanoko presidente Michel Aounek ez du onartu Haririren dimisioa, eta adierazi du ez duela halakorik egingo hura Beirutera itzuli eta azalpenak eman arte. Haririren aurreko kargudun eta alderdikide Fuad Siniorak azaldu du berarekin hitz egin duela, eta Libanora itzultzeko asmoa duela.

Libanoko bizitza politikoa bi fakzio nagusitan banatzen da egun. Alde batetik, Etorkizuna Mugimendua alderdiak gidatutakoa —Hariri alderdi horretako kide da—, Saudi Arabiaren aldekoa eta Iranen aurkakoa. Bestetik, Hezbollah erakunde xiitak gidatua, Iranen babesarekin eta Saudi Arabiaren aurkakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.