Urratsak kontrako norabideetan

Sestaoko ACB altzairu lantegiko ekoizpena handitzen ari da; hamabi orduko lan txanden ordez zortzi ordukoak ezarri ditu, eta, hala, langile gehiagori eman die beharra. Leioako Vicrila beira lantegia, ordea, hartzekodunen bila dabil, joan den astean hautagai bakarrak atzera egin baitu.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Lander Muñagorri Garmendia.
2017ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Parez pare egon ez arren ere, bi lantegiak elkarri begira daude. Batetik begira jarriz gero, bestea ikusi daiteke, eta baita alderantziz ere. Baina tartean itsasadarra daukate, 160 metro, eta horrek bereizten ditu elkarrengandik. Ezker ibarrean Sestaoko (Bizkaia) ACB altzairu fabrika dago, eta eskuinekoan, berriz, Leioako (Bizkaia) Vicrila beira enpresa. Ez dira sektore bereko ekoizpen guneak, eta zerikusi gutxi daukate elkarrekin. Hala ere, azken astean zeresana eman dute biek ala biek, kontrako norabidean izan bada ere. Ekoizpenarekin jarraitzeko bidean jarri delako bat, eta kontrakoan bestea.

Industrializazio garaian zeresan ezberdina izan zuen itsasadarreko ibar bakoitzak. Eskuinaldea burgesiaren bizitoki izan zen, eta Ezkerraldean kokatu ziren langileen etxebizitza eta lantokiak. Baina, denborarekin, eskualdea desindustrializatuz joan da pixkanaka, eta inguruko herritar eta eragile sozial eta sindikalek Ezkerraldearen industriaren aldeko ekinaldiak eskatu dituzte. Deialdi hori ozenago entzun zen joan den urte hasieran, Arcelor Mittal altzairugintzako multinazionalak Sestaon zuen lantegia denbora batez ixteko erabakia hartu zuenean. Zazpi hilabete dira, ordea, lantegia martxan jarri zenetik, erdizka bazen ere. Asteburuetan hasi ziren lanean, eta, ekoizpenak gora egin ahala, baita astegunetako gauetan ere. Orain, ordea, hamabi orduko lanaldi txanden ordez zortzi ordukoak ezarriko dituzte langileentzat, eta jende gehiago joango da txanda horiek egitera.

Bestelako albisteak iritsi dira, ordea, Bilboko itsasadarraren beste aldetik. Industrializazio maila apalagoa izan arren, Leioako Vicrilak eskualdeko langile askori eman dio beharra urte luzez. 2013 urteaz geroztik, ordea, herren doa bertako negozioa, lan karga eduki baduen arren. Baina zorrak ito du beira lantegia, eta hartzekodunen konkurtsoan dago egun. Sainberg inbertsio funtsa interesatuta zegoen bertako ekoizpena bere gain hartzeko, baina pasa den astean atzera egin, eta orain berriz ere atzera egin du bertako prozesuak. 160 metroek bi eskualde eta bi errealitate bereizten dituzte kasu honetan ere.

Vicrila.

Zorrakitota «bideragarria den lantegia»

Sainberg inbertsio funtsa zen pasa den ostiralera arte Vicrilako 356 langileen itxaropenerako iturria. Baina une honetan inbertsio funtsak lantegiaren hartzekodun ardura hartzeari muzin egin ondoren, egoera berriz ere erabat okertu da Leioako Lamiako auzoan dagoen beira lantegian. «Itxaropena daukagu beste enpresa batek lantegiarekiko interesa azaldu dezan, enpresa bideragarria delako», esan du Eva Gonzalez LABeko Eskuinaldeko industria arduradunak. Dena den, etsipen kutsua dario sindikatuko ordezkariari, orain arteko interesdunek atzera egin dutelako, eta apurka Vicrilaren bezeroen poltsa husten ari delako. Baina oraindik beharrean jarraitzen dute bertako langileek, eta hortik datorkio itxaropen printza.

Krisi ekonomikoarekin batera hasi zen bertako egoera okertzen. 2009. urtean ARC talde frantsesak Vicrilako zuzendaritza uztea erabaki zuen, baina 2013. urtera arte Leioako lantegiari eskari poltsa bat bermatu zion. «Hori egin zuten Vicrilak bere bezero poltsa egingo zuela bermatu ahal izateko», dio Gonzalezek. Bere merkatu propioa eduki arte, alegia. «Bitarte horretan, enpresak irabaziak ere izan zituen urteren batean», baina ARCrekin zuen eskarien epea amaitu zenean lantegiaren geroa iluntzen hasi zen. Hain zuzen, enpresa zuzentzen zuen administrazio kontseiluak Mexikon lantegi berri bat zabaltzea erabaki zuen, eta hor hasi zen egoera okertzen. «Behiak ematen duen esnea ematen du, eta ezin die denei jateko eman». Denbora horretan guztian 50 miloi euroko zorra pilatu du beira lantegiak, eta horrek oztopatu du haren bideragarritasuna.

Azken momentuan, atzera

Egungo zuzendaritzako kideetako batek zuzentzen du Sainberg inbertsio funtsa, eta hark erakutsi zuen beira lantegiaren inguruko interesa. «Vicrila egungo egoeran egotearen erantzulea», Gonzalezen arabera. Enpresaren ardura hartuta, langileekin akordio sozial bat egitea proposatzen zuen inbertsio funtsak: ez zen kaleratzerik egongo, baina doitze batzuk egin beharko ziren. «Baina luzera begirako industria plan bat falta zitzaion proposamenari, etorkizunean enpresaren iraupena bermatuko zuen plan bat», salatu du. Horrekin guztiarekin batera, 15 milioi euroko ekarpena egiteko bermea eskaintzen zuen Sainbergek, «baina horietatik bost zeuden bermatuta, gainerako dirua emaitza positiboei lotuta zegoelako». Konpromiso horiek guztiak hartuak zituen Sainberg inbertsio funtsak, baina pasa den astean langile batzordeari bidalitako eskutitzean atzera egingo zuela jakinarazi zuen. «Egungo egoeraren analisi bat egin ondoren, gure eskaintza alboratzea erabaki dugu», zioen gutun horrek. Gonzalezen arabera, lantegia bezeroak galtzen ari zelako alboratu du proposamena Sainbergek.

Edozein modutan, bidea ez da hor amaitzen, parez pare oztopo handi bat jarri bat baldin bazaio ere. «Oraindik eskaera poltsa bat dauka enpresak, eta bezeroak izaten jarraitzen du». Horregatik dio Gonzalezek Vicrila oraindik bideragarria dela. Une honetan 356 langileek bertan beharrean jarraitzen dute, baina enpresak duen zorrak haren egoera kaltetu du. «Egia da gero eta denbora gehiago igaro, orduan eta egoera okerragoan egongo dela Vicrila, eta erosle batentzat ez dela hain erakargarria izango». Horregatik uste du datozen asteak garrantzitsuak izango direla Leioako lantegiaren etorkizunerako. Izan ere, une honetan administratzaile konkurtsalak enpresaren likidazio fasea zabaldu du, «baina ez ixteko asmoarekin, erosle berri bat topatzeko baizik». Denbora honetan guztian pilatutako zorrari aurre egingo dion norbait azaltzen den bitartean, langileek Leioa eta Getxoren (Bizkaia) arteko mugan dagoen lantegira joaten jarraituko du. Azken 126 urteetan zehar egin izan duten bezalaxe. Baina oraingo honetan euren enpresaren geroa bermatu gabe dagoen testuinguru batean.

ACB.

Tunelaren amaierako lehen argi printzak

Zalaparta handia sortu zuen pasa den urte hasieran Arcelor Mittal altzairugintzako multinazionalak hartu zuen erabakia. Sestaoko ACB lantegia behin-behinean ixtea erabaki zuen, bertan lanean zeuden 350 langileentzako lan erregulazio txosten bat aurkeztuz. Altzairuaren prezioek behea jo zuten, eta horren eraginez berregituraketa bat egin zuen multinazionalak, tartean Zumarragan (Gipuzkoa) zuen lantegia ere itxiz. Egoerak hobetzera egin zuen irailean, eta horren eraginez lantegia berriz lanean hasi zen, asteburuetan bakarrik baldin bazen ere. Hamabi orduko txandetan banatu zuten lanaldi hori, eta ekoizpena hobetzen joan ahala, astegunetan gauez lan txandak egiten hasi ziren beharginak. Energia merkeena zen momentuetan. Orain, lan baldintza horiek aldatu ditu zuzendaritzak, eta hamabi orduko txanden ordez, zortzi ordukoak ezarri ditu astearteaz geroztik. Horren eraginez, 56 langile gehiago ari dira lanean.

Aitor Garriga ELAko Ezkerraldeko industria arduradunak langileen borrokaren ondorioz lortutako aldaketa dela nabarmendu du: «Arcelorren esku zabaltasunik ez da egon hemen, langileak borrokan aritu gara miseriazko lan baldintza horiek ezartzeari uzteko». LABekin batera mobilizazioetara jo du ELAk, «lan baldintzak hobetzeko asmoarekin». Maiatza hastearekin batera bertan behera utzi dituzte asteazken eta ostegunetan egiten ari ziren ordubeteko lanuzteak, baina negoziazioak bide onetik joan ezean, berriz itzuliko direla ohartarazi du Garrigak.

Baina aurrerapausoak ez dira mobilizazioaren eta presioaren bidez bakarrik heldu. Hain zuzen, enpresako zuzendaritzak CCOO eta UGTrekin hitzartu zituen lanera itzultzeko baldintzak, eta horiek salatu zituen ELAk. «Akordioa bertan behera utzi zuen, eta ekoizpena 12.000 tonatik 30.000 tonara igo zenean ere berdina egin genuen», dio. Azaldu duenez, horri esker lortu da une honetan hamabi orduko lanaldiak izan beharrean zortzi ordukoak izatea, «langileen borrokari esker». Izan ere, ekoizpena igo bazen ere, lan baldintzak ez ziren hobetu, Garrigaren arabera. Azken salaketa horrek zuzendaritza eta sindikatuen arteko negoziazioak zabaldu zituen Precon, eta bertan ari dira orain etorkizuneko lan baldintzak negoziatzen. «Gutxieneko langile kopurua, eta etorkizunean etor daitezkeen aldaketen aurrean hartu beharreko neurriak». Hurrengo bilera asteartean daukate.

Bertako langileak bermatu

ACBk geldialdia baino lehen zuen egoerara itzultzea, hori da langileek une honetan duten helburu nagusia. Horretarako, kanpo baldintzak aldatzen ari direla dirudi: argindarraren kostua jaitsi egin da apur bat, eta Europako Batasunak muga zergak igo dizkio Txinako altzairuari. Horrek guztiak eragina izan dezakeela uste du Garrigak, baina eurek borrokan jarraituko dutela dio. Horien artean, bertako langileen presentzia bermatzea. Izan ere, irailean lantegia erdizka zabaldu zenean lan erregulazio espedientearekin zegoen beharginei deitu zien enpresak, baina ez denei. Hau da, salatu duenez, Arcelorrek Asturiasen duen lantokitik ere ekarri zituzten beharginak, «bertan lanik gabe zeudenei deitu beharrean». Horregatik, une honetan enpresarekin duten beste borroketako bat ere hori da, Sestaoko langile izandakoek ACBn lanean hasteko lehentasuna izatea. Une honetan ia 200 langile daude altzairu enpresan lanean.

Lortutakoarekin gustura dago Garriga, «hobe delako 150 langile baino 200 beharrean aritzea», baina oraindik asko dute lortzeko, bere arabera. Une honetan testuingurua aldeko dauka ACBk, eta denborarekin espero du ekoizpen maila handitzen joatea, horrek berekin ekarriko lukeelako gainerako langileak ere berriz beharrera itzultzea. Urte bete pasa duen pasarte ilun honen amaieran argia azaltzen hasi da dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.