Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Mundua «Irabazi duguna ez galtzeko kontzientzia daukagulako eutsi diogu»

Publizitatea

Mundua

Aleida Guevara. Medikua

«Irabazi duguna ez galtzeko kontzientzia daukagulako eutsi diogu»

Zailtasunik gabeko maldarik ez dela uste du Guevarak, baina taldearen babesean igotzea errazagoa dela; bidea erakutsi dio Kubako iraultzak, eta ibiltzen jarraitzeko sasoian dagoen herriaren parte sentitzen da. Bideoa albistearen amaieran (azpitituluekin).
Argazkia: JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Habanako ospitalean daukan lana uzten du tarteka Aleida Guevarak (Habana, 1960), Kubako proiektuez eta egoeraz hitz egitea egokitzen zaionean. Pediatra da, baina baita Alderdi Komunistako eta Che Guevara ikerketa zentroko kidea ere. Angolan egon zen bi urtez umeak artatzen, Nikaraguan eta Ekuadorren ere bai, eta asko markatu diote bizitza esperientzia haiek, baita Ernesto Guevara Che-ren alaba izateak ere, eta Fidel Castrorekin izan duen harreman estuak. Aitaz, «osabaz», Kubaz, Europaz eta munduaz hitz egin du BERRIArekin, umorez, baina zorroztasunez.

Ama Aleida Marchek hazi zintuen; aita ez zegoen etxean, eta 7 urte zenituela hil zuten. Nola gogoratzen duzu Ernesto Guevara Che? Nola bizi duzu?

Oso oroitzapen gutxi dauzkat nire aitaz. 5 urte ez nituen Kubatik irten zenean, eta gainera oso gutxitan ikusten nuen. Hamasei- hemezortzi ordu egiten zituen lan, eta, etxera iristerako, lo nengoen. Ni amarekin sartzen nintzen ohera, eta, etxera itzultzen zenean, bere besoetan eramaten ninduen gelara. Gogoan ditut ematen zizkidan musu estuak. Igandeetan, berriz, goizeko bost eta erdietan esnatzen ninduen, boluntario joaten baitzen azukre kanabera biltzera. Han egoten nintzen eserita, jaten, eta bera hitz egiten, kanabera mozten zuen bitartean. Ez galdetu zertaz hitz egiten zuen, ez dut gogoan. Baina gogoan dut ni berari begira egoten nintzela. Flashak dauzkat memorian, baina nire ama arduratu zen, maite baitzuen miresgarriki, gure bizitzen parte egiten. Bagenekien ez zegoela, baina amak hari buruz hitz egiten zuen egunerokoan; nola egiten zuen hau eta beste.

Zure aitaren aurpegia T-shirtetan, burukoetan eta edonon itsatsita ikusten duzunean, zer pentsatzen duzu bilakatu den mitoaz?

Mito hitza baztertzen dut, nire aita errealitatetik urruntzea baita. Jesu Kristoz hitz egiten baduzu, ezagutu ez zenuen norbaitez hitz egiten ari zara, ez dakizu existitu zen edo ez. Nire aita izan zen, egon zen, borrokatu zen, eta sinesten zuenagatik hil zuten. Ez da mito bat, errealitatea da, eta errealitate horrek guregandik gertu egon behar du, ez urrun. Merkantzia bat bilakatu nahi izan dute, irudi huts bat, eta borrokatu dugu, Che Guevara ikerketa zentroaren bidez, irudi hori edukiz betetzen, berak idatzi zituenekin, eta gazteek elastikoa jar dezatela, baina jakinda zergatik janzten duten: gazte, aktibo, eta injustizien borrokalaria zelako.

Zure familia ez baita ohikoa, osaba deitzen zenion Fidel Castrori.

Argazki zoragarri bat dago hor zehar. Aita dago, Iraultzaren Plazara eraman ninduen, baina besoetan Fidelek nauka, eta biak barrez ari dira esan edo egiten dudan zerbaiten gainean, baina biek partekatzen dute nireganako nahitasuna, maitasuna. Erdian dagoena haietako baten alaba da, baina ikus dezakezu zein zen bi gizonen arteko intimitatea. Nire aita hil eta urte askotara, Fidel eta biok gauza serioez hitz egiten ari ginela, barre egin nuen, eta galdetu zidan: 'Zergatik ari zara barrez?'. Nire aitaz hor egongo balitz bezala hitz egiten zuela esan nion. Begiratu ninduen, eta esan zidan: «Hala da. Zure aita beti dago presente».

Haien arteko lehiari buruzko iruzkinak ukatu dituzue. Cheren hilketaren atzean Fidel zegoela ere esan izan dute.

Ergelkeriak dira, bata bestearen atzetik. Pasajes en la guerra revolucionaria del Congo liburuko hitzaurrea idatzi behar nuenean, eskutitz bat erabili nuen Fidelen baimenaz, nire aitarengan zuen erabateko konfiantzaren erakusgarri baita. Galdetu nion Fideli zergatik ez zuen erabili leporatzen ziotenari erantzuteko. Esan zidan: «Begira, Aleidita, zital guztiei erantzun beharko banie, ezingo nuke lanik egin. Lelokeria horiek baztertu behar dira». Fidelek Che berarekin nahi zuen borrokan. Urte batzuk lehenago, osabak esan zidan Mexikon gertatu zitzaiena, preso hartu zituztenean, Kubara iritsi aurretik. Esanguratsua da ikusteko euren arteko harremana. Fidelek bere agindupean zeudenei agindu zien ez zezatela esan, inolaz ere ez, afiliazio politikoa. Zer egin zuen nire aitak? Kartzelazainarekin eztabaidan hasi zen Stalinen figurari buruz. Emaitza: aita ez beste guztiak askatu zituzten. Orduan konturatu omen zen nire aitak ezin zuela gezurrik esan, eta zer egin zuen orduan? Ba, onartu. Askatu zuten arte Fidel ez zen Mexikotik mugitu. Hori nire aitarentzat miresgarria izan zen, eta ordutik aurrera bi gauza egon ziren haien artean: buruzagi gisara errespetatu zuen aitak; konturatu zen bere taldekideengatik edozer egiteko gai zela, baina bien artean arriskuek eta heriotzak amai ez zezaketen laguntasuna sortu zen.

Nola bizi izan zenuen Fidel Castroen heriotza?

Ui! Gai zaila da niretzat oraindik hitz egiteko. Umezurtz izan nintzen bigarren aldiz, nire aita ere izan delako. Gertuen izan dudan gizona izan da, eta oraindik kosta egiten zait hitz egitea. Dolua ez dut amaitu. Maitasun handiz gogoratzen dut beti, errespetuz eta, batez ere, miresmenez.

Eta, hemendik aurrera, zer gertatuko da?

Fidel, Che, Raul... Oso garrantzitsuak dira, eta garai bat markatu dute, motor izan dira beste hainbat gizon eta emakumerekin batera, baina haien onena da dena eman dutela herri bat hezteko, kultura bat emateko, inork ez gaitzan erabili, manipulatu edo engaina. Egoera aztertu eta erabakiak hartzeko gai den herria gara. Jendea kezkatuta dago norabide sozialista gal dezakegula eta, eta gobernuari galdegiten dio zer egiteko asmoa duen. Interesgarria iruditzen zait hori, nola egiten duen presio jendeak. Garai oso gogorrak bizi izan ditugu, batez ere Europako bloke sozialista eroriz gero. Seguruenik, hainbat herrik ez lioke eutsiko, baina irabazi duguna ez galtzeko kontzientzia dugulako eutsi diogu. Niri ezin dit inork hitz egin medikuntza pribatuari buruz, lehoi bat bezala saltatzen naiz, gizakiaren eskubide bat delako. Diru asko da estatuarentzat, baina hori da egin behar dena.

Jendeari aukerak emateko hainbat proiektu martxan jarri dituzue. Hugo Chavezek eta Fidel Castrok bultzatu zituzten, besteak beste, Mision Milagro edo Yo Si Puedo egitasmoak. Zertan dira horiek?

Prozesu baten garapena izan da, Hugo Chavezek prozesu bolivartarra abiatu zuen garaian hasia. Venezuelarrak beren petrolioaren jabe egin zirenean, beren buruaren jabe egiten hasi ziren. Venezuela etorri zen, gero Ekuador eta Bolivia, eta aldaketa horiekin batzeko beharra sentitu genuen, eta hor Chavez eta Castro izan ziren artistak, Jose Martik zioena gogoan: «Herri bat benetan libre izateko ikasia behar du izan». Eta jendea alfabetatzen hasi ginen Yo si Puedo egitasmoaren bidez. Baina mesfidantzaz ikusten zuten batzuek, eta kontxo! konturatu ginen askok eta askok ez zutela ondo ikusten, eta lotsatu egiten zirela horregatik, eta Mision Milagro sortu genuen, konturatu baikinen askok kataratak eta pterigioa zutela, konpontzea errazen diren itsutasunak, eta horregatik jarri genion Milagro izena, ebakuntza egin ondoren, esaten zutelako: «Hau miraria da!». Bi proiektuek egin dute aurrera ALBAko herrietan [Gure Amerikako Herrientzako Aliantza Bolivartarra], Venezuelan, Ekuadorren, Bolivian, Nikaraguan, Kuban... Milaka lagunengana heldu gara.

Argentinan ere ari zarete.

Bai, baina ospitaleak egiten hasi ginenean, arazo asko sortu zitzaizkigun. Han ezin dute Kubako medikuek lanik egin, eta medikuen elkarteak oso erreakzionarioak dira. Evok [Moralesek] Bolivian boterea hartu zuenean, ordea, mugan jarri genituen ospitaleak, eta jendea autobusez eramaten genuen hara. Ebakuntzak egiteaz gainera, medikuak hezten gabiltza. Adibidez, Kuban 17.000 profesional hezi ditugu, eta horietako asko ari dira orain lan horretan. Lan soziala da, dirurik ez du ematen, baina txiroenen alde lan egiten duzunean, planetako pertsonarik garrantzitsuena sentitzen zara. Mundu honek asko behar du horretaz, herriak ukitu behar ditu, ezagutu. Lehen mundu honetan asko duzue ikasteko.

Europaz ari zara.

Sekulako arazoa duzue immigrazioarekin, baina neurri murriztaileak jartzea da irtenbidea? Ez. Nori gustatzen zaio herrialdea uztea? Eta nola ez zarete solidario izango emigranteen herriak zaretenok? Zergatik ez zarete elkartzen eskubideak eskatzeko? Osasun eta hezkuntza publikoaren eskubideak galtzen ari zarete, langile klaseak lortutako eskubideak, eta ez duzue ezer egiten. Nola izango zarete solidario besteekin, zuen artean ez bazarete?

Europan ez ezik, Latinoamerikan ere eskuina nagusitzen ari da. Venezuela dute orain helburu. Nola ikusten duzu egoera?

Egoera oso zaila dauka barruan. Ez zuten gurea bezalako iraultza izan. Gurea iraultza armatua izan zen, eta geneukan kraka sozial guztia garbitu genuen. Venezuelarrak sartu ziren ustezko joko demokratikoarekin, eta une horretatik hasi zen Venezuelaren kontrako propaganda guztia, manipulazioa. Gringoak oso zintzoak izan baitziren esaterakoan ez zutela beste Kuba bat onartuko Latinoamerikan, baina eskutik joan zitzaien. Hori besterik ez da, horren sinplea eta horren gogorra. Hugo Chavez diktadorea zela? Eta orain Nicolas Maduro? Zein tiranok du kezka bere jendearen heziketaz? Herri ikasi bat askoz zailagoa da-eta zapaltzen.

Chavismoak aurrera egingo duela uste duzu?

Egin behar du. Atzera urratsa egiten badugu, urteetan eraikitakoa galduko dugu. Begira zer gertatzen ari den Mauricio Macrirekin Argentinan. Hilabete gutxitan irabazitako eskubide guztiak galdu dituzte. Berdin gertatzen ari da Michel Temerrekin Brasilen. Hori nahi duten bakarrak burgesia nazionalak dira. Venezuelan ezin dute chavismoarekin, eta geratzen zaien modu bakarra indarkeria da. Ez dakit nola hitz egin dezaketen duintasunaz, demokraziaz, askatasunaz.

Etorkizuna nola ikusten duzu?

ALBAn jarraitzen dugu. Gure herrialdeak garatzen, saiatzen, herritarrei aukera gehiago emateko bideak lantzen. Amerikako erraldoiak gurera ekarri nahi ditugu: Argentina eta Brasil. Orain ezinezkoa da, baina epe luzerako gaude hemen. Etsai boteretsu bat partekatzen dugu, iparraldea nahasirik eta bortitz daukagu; orain, etorkizunean zer egingo duen ez dakigun gizon batekin, baina kubatar gisara esan diezazuket: Venezuela ukitzen badute, gu ukituko gaituzte. Angolan izan ginen laguntza eskatu zigutenean, Afrikari zor baitiogu hori eta gehiago. Milioi bat kubatar baino gehiago izan ginen han. Venezuela hortxe dago, anai-arrebak ditugu, eta 50.000 kubatar daude han lanean. Ez ditugu babesik gabe utziko. Nola ez gara ba haien alde borrokatuko? Venezuelak laguntza eskatzen badigu, laguntza izango du. Ez dugu gerrarik nahi, bake herri bat gara, baina bakea ez da eskean lortzen; bakea konkistatu egiten da, eta gu prest gaude. Elkarrizketaren bideoa (Lara Madinabeitia /BerriaTB).

Publizitatea

Sortu kontua
Amagoia Mujika Tolaretxipi Amagoia Mujika Tolaretxipi

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak