Notre-Dame-des-Landesko BBG gunea

Erresistentziari erresistentzian

Frantziako Poliziak Bretainiako Notre-Dame-des-Landesko BBG gunea husteari ekin dio; erresistentzian ari diren ekintzaileek iragarri dute berreraiki egingo dutela suntsitutakoa.

Ekintzaileak BBG babestu beharreko gunean, atzo, Notre-Dame-des-Landesen. THIBAULT VANDERMERSCH / EFE.
Kristina Berasain Tristan.
2018ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Erresistentziaren ikur bilakatu da eremua, desobedientzia zibilaren laborategia, autogestioaren eredua, babestu beharreko eremua, eta ekintzaileek horixe egin dute poliziak hura eraistera joan direnean: gunea babestu, orain arte bezala, erresistentzian.

Frantziako Polizia ordu txikietan bertaratu zen atzo Bretainiako Notre-Dame-des Landesko BBG babestu beharreko gunera. Ekintzaileek 03:22an eman zuten alerta, eta zortzi minutu eskasetan prest zuten lehen barrikada. Hondeamakinak hiru ordu geroago hasi ziren etxeak eraisten, eta goizaldetik eguerdira arte istilu gogorrak izan ziren ekintzaileen eta polizien artean. Frantziak 2.500 polizia bidali zituen eremura, 70 bat autobusetan 1.650 hektareako eremua inguratuz, eta negarra eragiteko gasa eta zorabioa eragiteko granadak jaurti zituzten ekintzaileak sakabanatzeko. Ekintzaileek —250 inguru— hainbat barrikada eraiki zituzten, eta molotov koktelak eta harriak jaurti zituzten; polizia bat arin zauritu zen. Arratsalderako giroa baretu egin zen, eta ekintzaileek, eremua babestera joandako hainbat herritarrekin batera, giza kate bat osatu zuten zutik geratzen ziren etxeen inguruan, elkarrizketaren aldeko eta indarkeriaren kontrako mezuak idatzita zituzten afixak eskuetan hartuta.

Aurretik prentsaurreko bat eman zuten polizia operazioa salatzeko eta eraispenen kontrako sumindura agertzeko: «Onartezina da estatuak jendea etxetik kanporatzea». Frantziako Gobernuari ohartarazi zioten erresistentzian jarraituko dutela, eta nahikoa indar daukatela suntsitutako guztia berriz ere eraikitzeko. Prefekturarekin negoziatzen ari zirela ere jakinarazi zuten.

Nicole Klein Loira eskualdeko prefetak, berriz, adierazi zuen operazioak aurrera jarraituko duela: «Modua ez da aldatuko: kanporaketa eta eraispena». BBGn egun dauden 97 etxeetatik hamar eta hamahiru artean eraitsi zituzten atzo.

Egitasmo polemikoa

Le Monde egunkariak iragan astean iragarri zuen atzo zirela eremua eraistekoak. Gerard Collombe Frantziako Barne ministroak atzo zehaztu zuen «legez kanpoko okupatzaileek» gunea uzteko «gonbita» jaso zutela, eta operazioa «behar bezainbeste» luzatuko dela.

BBG Naonedetik hogei bat kilometrora dago. Aireportu baten eraikuntzaren kontrako herri egitasmoa izan zen gunearen abiapuntua. Frantziak 1970eko hamarkadaren erdialdean jakinarazi zuen asmoa zuela eremu hartan aireportu bat eraikitzeko. Nekazariek, baina, protestari ekin zioten, eta, gerora, 2009tik apal, eta 2012tik sendoago, erresistentzia mugimendu zabal baten babesa jaso zuten: tokikolaborariak, ekologistak, okupatzaileak, nazioarteko mugimenduetako kideak... Gune autogestionatu bat eratu zuten, eta, ekintzaileen iritziz, eredu horren kontra egin nahi du gobernuak, hain zuzen. Herve Kempf kazetariaren ustez, xedea «bizimodu alternatiboen aukera suntsitzea da», han bizitzen ari dena «mehatxua delako ordena neoliberalarentzako». Haren hitzetan, «alternatiba eder bat» da «kapitalismoaren harresi itogarrian».

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak urtarrilean egin zion uko egitasmo polemiko horri, haren kanpainaren promesetako bat izan bazen ere. Agintera iritsita, txosten bat agindu zuen, eta, dirudienez, ikerketa horren ostean erabaki zuen proiektua baztertzea, zeinak 580 milioi euroko aurrekontua zuen —Naoned hiriburuko aireportua zabaltzearen alde egin dute—. 2016an, François Hollanderen agintaldian egindako erreferendumean, biztanleen %55ek babestu zuten proiektua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.