Ikertzen ari dira Arabako Aldundiaren babespeko bi neskak jasaniko abusuak

Bi gizonezkori leporatu dizkiete abusuak; promesa eta opariekin erakartzen zituzten gazteak

Babesik gabe dauden adingabeentzako Sansoheta zentroa, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU.
arantxa iraola
2018ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
«Susmoen berri izan orduko hartu ziren neurriak».Erakundearen zaintzapeko bi neska nerabek jasandako sexu abusuen gaineko ikerketa bat abian dela jakin zen atzo, eta Arabako Foru Aldundiko iturriek adierazi zuten erantzun eraginkorra eman dutela. Hedabide baten bidez hedatu zen atzo berria: jakin zen Gasteizko bi gizon daudela ikerketapean. Biei leporatzen diete diputazioaren zaintzapeko bi neska gazterekin—15 urtetik beherakoak ziren gertaerak jazo zirenean— harremanetan jartzea, eta, opari eta promesak bitarteko, haiei sexu abusuak egitea. Orain aste bi, atxilotu egin zituzten bi gizonezkoak, eta kalean dira orain: baldintzapean. Esan da ez zutela elkar ezagutzen; 35 eta 56 urte dituzte.

Egun, neskek 16 eta 17 urte dituzte, eta ez daude aldundiaren zaintzapean; bai, ordea, erakundeak gazteen arretarako dituzten zerbitzuen sarean, eta, itxura batean, zerbitzu horietako langile batek izan zuen abusuen berri. Orduan erabaki zen salaketa ipintzea. Lehendik ere izan da Araban adingabeei zuzenduriko zerbitzuetan sexu abusuekin lotutako albisterik: auzibide bat hasi zen 2016an, adingabeentzako Sansoheta zentroa prostituzio sare batekin lotu zutelako. Kasu harekin lotuta, psikologo bat espetxeratu zuten —zentroko gazteekin ez ziharduela esan zuen foru erakundeak—. Zentroko langile bat ere identifikatu zuten, nahastuta egon zitekeelakoan, eta foru agintariek lanpostutik kendu zutela esan zuten. Auzibide horretan, gutxienez bost nerabek jasandako erasoen berri izan zen, eta asaldura eta kezka eragin zituen.

Kasu berri honen harira, Save the Children erakundeak «babesa» eskatu du biktimentzat. Haur eta nerabeek jasaten dituzten sexu abusu gehienak isilean geratzen direla adierazi du —hainbat ikerketaren arabera, %90en berri ez da izaten, eta auziari behar adinako garrantzia eman behar zaiola. Lege baliabideak eskatu ditu halakoen aurka egiteko.

Hamabi urteko zigor eskea

Arabako Fiskaltzak, bestalde, hamabi urteko kartzela zigorra eskatu du 26 urteko gizonezko batentzat; argudiatu du adin tarte handiari abantaila aterata sexu harremanak izan zituela 14 urteko neska batekin, eta zigorra ipini behar zaiola horregatik.

Tuteran (Nafarroa), berriz, Espainiako Poliziak atxilo hartu du 52 urteko gizon bat, bi neska adingaberi sexu abusuak egitea egotzita; ukituak egin zizkien 15 urteko bi neskari, eta musuak ematen ahalegindu zen. Nerabeek ihes egitea lortu zuten, eta salaketa ipini zuten gero. Foruzainek, bestalde, asteon zortzi salaketa jaso dituzte indarkeria matxistarekin lotuta: Fiteron, gizon batek bortxaz hartu zuen andrazko bat, eta sei orduz atxiki zuen; irainak eta tratu txarrak pairatu zituen. Azagran, berriz, 22 urteko gizon bat atxilotu dute, neska adingabe bati sexu erasoa egitea leporatuta. Dantzaleku batean izan zen erasoa, foruzainen arabera. Sarrigurenen, urruntze agindua urratzea egotzita atxilotu dute gazte bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.