Garraio zergak lehen iskanbila piztu du Euskal Hirigune Elkargoan

Etxegarai eta Garreta elkarri mokoka aritu dira garraio politika finantzatu behar duen zergari buruz

Jean Rene Etxegarai eta Claude Olive, Baionan garraio zergaz prentsaurrekoa ematen. ISABELLE MIQUELESTORENA.
Eneko Etxegarai Urain.
Baiona
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Lehen gatazka garrantzitsua piztu da Euskal Hirigune Elkargoan, apirilaren 14ko biltzarrak garraio zerga bozkatzearekin batera. Hamaika langiletik gorako enpresek, lau urte barru, garraio zerga ordaindu beharko dute: soldata masaren %2. Euskal Kosta-Aturri elkargo izanikoa da gaur egun hein horretan dagoen bakarra, eta maila horretara iritsi beharko dute beste elkargoetan zeuden enpresek ere. Baionako Merkataritza Ganberako presidente Andre Garretak eta hainbat enpresaburuk eta auzapezek oso gaizki hartu dute iragarpena, eta bere hitza ez bete izana leporatu diote Jean Rene Etxegarai elkargoko presidenteari.

Apirilaren 25ean iritsi zen Garretaren salaketa, baina iskanbila aste honetan azkartu da, Etxegaraik erantzun duenean. «Joko zelai politiko batean entzun dugu komertzio ganberako lehendakaria; uste nuen joko zelai hori gurea zela». Garretaren «irainen» aurrean erantzun nahi izan duela adierazi du, Claude Olive elkargoko Mugikortasun arduradunaz lagundurik. Garraioaren garatzea behar «urgentea» dela azaldu dute bi hautetsiek: «Metropolien arazoak dituen hirigune batean gaude; ez gara baitezpada uros, baina errealitatea da». Ipar Euskal Herriko lanpostuen %60 Lapurdiko hirigunean dira, eta goizero eta gauero auto ilara luzeak sortzen dira. «Ardura parte bat dugu: hedatze urbanoa kontrol gabe egin da», azaldu du Etxegaraik. Errealitateari erantzuteko hainbat egitasmo martxan dituztela azaldu dute: 2019rako hiriko garraioaren hedatzea, autobus lineen berritzea, hiri inguruetan mugikortasun eskaintza eraikitzea, Baiona-Garazi trenbidearen eskaintza hobetzea... «Eta hori diruztatu behar da».

«Ez dago ezer», erantzun dio Garretak Etxegarairi, BERRIAren bidez. «Aurrekontu bat duen proiektu bat beharko litzateke; hura bozkatu, eta, ondoren, fiskalitate bat jarri martxan». Bere analisia zein den azaldu du: «Badakit zergatik jartzen duten zerga hori horrela, Trambusa bukatzeko zailtasunak dituztelako». Euskal Kosta-Aturri elkargoa zenak jarri zuen martxan Trambus egitasmoa; tranbia itxurako autobus elektrikoa, Irizar enpresa gipuzkoarrak egindakoa. Elkargoak garraioen sailean duen egitasmo nagusia da orain. 2019an hasiko dira lehen linean bidaiarien eramaten (Baiona-Angelu-Miarritze), eta 2020an bigarrenean (Tarnose-Baiona). 130 milioi euroko inbertsioa egin dute horretarako. Garraio zergaren aurkariek jada mahai gaineratutako argumentua da, eta erantzun bera eman dute Etxegaraik eta Olivek; «Trambusaren finantzaketa elkargoa sortu aurretik lotua zen».

Garretak kontrakoa dio: «Ez da horrela, ez; zoazte miatzera. Trambusaz aparte garraio sindikatuak dituen gastuak ikaragarriak dira, ordaindu behar dira, eta herrestaka daude. Beraz, enpresak beretzen dituzte; dramatikoa da, jendea ez da ohartzen zer gertatuko den». Jasotzen dituen kezkak zein kexak etengabekoak direla dio: «Elkargoaren sorrerarako adostu fiskalitate paktua ez dute errespetatu».

Fiskalitatea paktua

Instituzioaren sorrerarako legeari jarraikiz, elkargoari buruzko iritzia eman behar izan zuen Merkataritza Ganberak. «Baldintzapeko iritzi neurtua eman genuen, fiskalitatearen inguruko elementu zehatzek baldintzaturik. Segurtasuna eman zitzaigun errespetatuko zela». Adostu hamahiru printzipioetatik bi ez errespetatzea egotzi diote orain Etxegarairi. «%2ra iristeko zergaren emendatzea hamabi urtez hedatuko zela erran ziguten; legeak uzten zigun maximoa zen», azaldu du Garretak. Konfigurazio horretan 2017tik, urtero, hamabi urtez %0,17 haziko zen zerga.

Etxegaraik eta Olivek airean utzi dute paktua errespetatu ote duten. Lehendakariaren erran batean dago erantzuna: «Uztailean %0,5eko zergarekin hasiz, enpresei kalte gutxiago egingo zaie paktu fiskaleko irizpideak segitu izan bagenitu baino». Hots, ez dute fiskalitate paktua errespetatu. Gehiago azaldu du Olivek: «Uztailean hasiko garenez %0,5eko emendatzearekin, urtean %0,25ekoa egiten du; ez gaude hamabi urteetako hedapenak aurreikusten zuen %0,17az urruti».

Etxegaraik paktu fiskala adosteko egin bilkurak gogoratu ditu, froga gisa agian. Baina Garretak argi du: «Politikarien hitzak ez ditugu gehiago entzunen, gezurra besterik ez dute erraten. Etxegaraik uste du elkargo osoa menpeko izanen duela. Euskal Herria ez da bera soilik, Urkullu ere bada; hiru milioi pertsona ordezkatzen ditu; gu 300.000gara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.