«Kobane infernu bilakatuko dugu Estatu Islamikoarentzat»

Siriako kurduen hiria babesten duten milizien azken itxaropena da ISri karrikaz karrika eustea
Siriako errefuxiatu kurduak mugaren Turkiako aldean, Sanliurfan.
Siriako errefuxiatu kurduak mugaren Turkiako aldean, Sanliurfan. SEDAT SUNA / EFE

Mikel Rodriguez -

2014ko urriak 3
«Bukaeraraino eutsiko dugu. Ez ditugu ez morala, ez itxaropena galdu, ezta galduko ere. Kobane infernu bilakatuko dugu Estatu Islamikoarentzat». Meryem Kobane miliziano kurduak Firat agentziari atzo egindako adierazpenak dira. Atzo goizerako, IS Estatu Islamikoa inoiz baino hurbilago zegoen Siriako kurduen Kobane hiriko sarreratik —hiru fronteetako batean, ehunka metro eskasetara—; Kobane babesten duten YPG Herriaren Babeserako Unitateek egintzat jo zuten lehenago edo geroago karrikaz karrika borrokatzeari ekin beharko ziotela, hiriaren barrenean jada.

Kurduek salatu dute AEBek zuzendutako koalizioaren bonbardaketek ISrengan eraginik ez dutela utzi, eta, nazioartetik, laguntza baino, mehatxu bat dakusate: Turkiako Parlamentuak armadari berritu dion baimena Sirian eta Iraken esku hartzeko. Abdullah Ocalan PKK Kurdistango Langileen Alderdiko bozeramaileak ohartarazi dio Turkiari: ISk Kobanen herritarrak sarraskituz gero, Ankararen eta PKKren arteko bake prozesua bukatuko da.

«Ez ditugu gure hiriak utziko. Gerrillari kurdu bakar bat zutik dagoen artean, ez gara Kobanetik joanen», adierazi dio Nauaf Xelil PYD Batasun Demokratikoaren Alderdiko (Siriako kurduen alderdi nagusiko) bozeramaileak Espainiako Efe agentziari. Berez, 60.000 biztanleko hiria da Kobane, baina ISren erasoaldiaren ondorioz, inguruko eskualdeetako milaka errefuxiatu gehiago babestu dira han. Turkiatik gertu dago, Kurdistan banatzen duen mugan, eta 140.000 inguru dira erasoalditik ihesi muga gurutzatu duten kurduak. Bi aste baino gehiago dira ISk Kobane setiatu zuela, eta KNK Kurdistango Biltzar Nazionalak laguntzarako dei larria egin dio nazioarteari, ISk hiria hartuz gero «genozidio bat» eginen duela salatu baitu, Irakeko eta Siriako bertze hainbat gunetan heretikotzat jotako gutxiengoak gupidagabe sarraskitu baitituzte muturreko islamistek.

Nazioarteko laguntza horrek AEBek zuzendutako koalizioaren eskutik etorri beharko luke, ISren aurka egiteko sortu baitute, eta muturreko islamisten azken asteotako erasoaldi gogorrena Kobanen finkatu baita. Baina ez da hala izan. «Erasoek ez dituzte haien arma astunak hondatu, eta arma horiexengatik ari dira irabazten», azaldu du PYDeko eledun Xelilek. «Aire erasoek ez dute helburu garrantzitsurik jo», erran du, berriz, YPGko komandante Meryem Kobanek. «Borrokan eraginik ez duten zenbait gune jo dituzte soilik». Abuztuan Iraken ISk yezidiak setiatu zituenean, AEBek esku hartzea erabaki zuten eta aire erasoek lagunduta setioa hautsi zuten kurduen gerrillek. Kobanen, ordea, Etxe Zuriak ez du jarrera bera hartu.

Eta ordezkari kurduen ustez, Turkiaren interesak dira horren arrazoia. Turkiako Parlamentuan lau alderditatik bik —CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoak eta Kurdistanen burujabetzaren aldeko HDP Herriaren Alderdi Demokratikoak— bozkatu dute Sirian eta Iraken esku hartzeko ebazpenaren aurka, baina AKP Justizia eta Garapena Alderdiak gehiengo osoa duenez, aldeko emaitza esperotakoa zen. Hala ere, CHPk eta HDPk kritika gogorrak egin dituzte. CHPk kritikatu du gobernuak ebazpenean bildu izana Siriako armadaren aurka ere «defendatzeko» baimena. Recep Tayyip Erdogan presidenteak asteon adierazi du Baxar al-Assad Siriako presidentea dela IS indartzearen erruduna. CHPk Erdogani kritikatu dio «helburu nagusitzat» paratu izana Al-Assad boteretik kentzea.

Turkiaren anbiguotasuna

Bertzelakoa da, ordea, HDPren salaketa. Ebazpenean, esku hartzea justifikatzeko gobernuak zuzenean aipatzen du PKK mehatxutzat, baina ISz ez dio halakorik; «bertzalde, Sirian ugaritu diren elementu terroristak eta Iraken sortu duten mehatxua kezkagarria da», dio testuan. Kurdistango ordezkariek uste dute Turkiak ISri aurre egin beharrean, mugako guneak inbaditzeko asmoa duela, Siriako kurduen autonomia oztopatzeko. «Zuek babestu zenuten IS, eta zuek babesten duzue», leporatu dio gobernuari Ertugrul Kurkçu HDPko diputatuak. Ocalanen ustez, ISk Kobane hartuz gero Ankararen eta PKKren arteko negoziazio prozesua bukatzeaz gain, Turkian inboluzio politikoko aldi bat hasiko da. «Sarraski hori gertatzen bada, konponbiderako prozesua bukarazi, eta luze joko duen estatu kolpe bat hasiko da», adierazi du Imrali irlako espetxetik argitaratutako mezu batean.

Kobanen ez bezala, azken egunotan IS gibelera egiten ari da Sirian eta Iraken. Hala ere, Irakeko Gobernuak jakinarazi du Hit hiriaren hegoaldea ISren esku erori dela (Bagdadetik 185 kilometro mendebaldera). Nazio Batuen Erakundeak argitaratutako datuen arabera, ISren erasoaldiaren ondorioz urtarriletik irailera 9.347 zibil hil dira Iraken.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna