Eskuz Banakako Txapelketa

Bat sartu da; bestea ez da joan

Txapeldun ohiak bat datoz: litekeena da Altuna III.aren azken buruz buruko finala ez izatea eta Olaizola II.a hurrengo urtean berriz ere puntan egotea.
Jokin Altuna, igande gauean, bere txapela ospatzeko Amezketako Larrunarri pilotalekuan egin zen festan.
Jokin Altuna, igande gauean, bere txapela ospatzeko Amezketako Larrunarri pilotalekuan egin zen festan. MIKEL IRAOLA / TOLOSALDEKO ATARIA

Imanol Magro Eizmendi. Ainara Arratibel Gascon -

2018ko maiatzak 29
Buruz buruko txapeldunen klubean sartu da Jokin Altuna. 22-14 irabazi zion herenegun Aimar Olaizolari finalean. Txapeldun ohiek, batez ere, Altunaren estiloa goratu dute.

JOXEAN TOLOSA Buruz buruko txapeldun ohia

«Orain beste txapeldun bat dugu Amezketan, eta gauza handia da hori»

«Gaur egungo buruz buruko jokoak aireko jarrerak dominatzea eskatzen du, eta teknika handia. Dena airez egiten da, oso bizkor, eta arriskatuz... Eta Altunak hori du. Finalean erritmo handiagoa ezarri zuen, biziago ibili zuen pilota. Olaizolak, bestalde, gehiago jokatzea bazuen: ez zuen pilota ondo baztertu, ez luzatu... Altuna txapeldun izatea sekulako poza da niretzat, 22 urterekin... Orain beste txapeldun bat dago Amezketan, eta gauza handia da herri hain txiki baterako. Altuna buruz burukorako hautagai izango da hurrengo urteetan ere, baina ez ahaztu aurten zazpi-zortzi zeudela zerrenda horretan. Olaizolaren aldetik, ez nuen uste beste finalik jokatuko zuenik, baina 38 urterekin sekulako txapelketa egin du. Jokatu dugunok badakigu zein meritu duen 38 urterekin lortu duen hori lortzea».

LADIS GALARTZA Buruz buruko txapeldun ohia

«Finalean lan handia egin zuen, eta Olaizolak hor segituko du»

«Final ona ikusi genuen, bien aldetik oso ondo jokaturikoa. Xehetasun txikietan erabaki zen. Altunak partida biribila egin zuen: defentsa ona, erremate bikainak... Pilotari handi bat da, eta datozen urteetan goian ibiliko da buruz buru, Irribarria eta Urrutirekin lehian. Jendeak zihoen ez zuela joa buruz buru jokatzeko, baina nik beti esaten nien oker zeudela. Pilota azkar mugitzen du, eta eskuin bizia dauka. Oso maila ona ikusi dut aurtengo txapelketan. Partida oso politak egon dira, eta Elezkano, Ezkurdia eta halako pilotariak finalerdietan egoteak haize berria eman dio txapelketari. Datorren urtean ere Olaizola II.a hor egongo da. Finalean ondo ikusi nuen. Lan ikaragarria egin zuen, baina Altunak aukerako pilota gutxi utzi zizkion».

RUBEN BELOKI Buruz buruko txapeldun ohia

«Olaizola pragmatikoa da; sasoiko badago, berriz parte hartuko du»

«Bengoetxeak ireki zuen pilotari bizi eta oldarkorren bidea, eta Altuna estilo horretakoa da. Altunak partida ikaragarria egin zuen, eta Olaizola baino hobea izan zen une erabakigarrietan. Altuna ez da jotzailea, baina oso ondo egiten ditu gauzak. Ez du gogor jotzen, baina gurutzatu egiten du pilota, pareta bilatzen du, altuera ematen dio.... Teknikoki oso trebea da, eta txapelketara fresko iristen den urtean edozeini irabaz diezaioke. Urte askotarako egongo da banakako txapelketetako final eta finalerdi dantzan. Olaizolari dagokionez, oso pragmatikoa da, hurrengo urtean binakakoaren ondoren erabakiko du buruz burukoan parte hartuko duen. Ondo badago, jokatuko du».

OINATZ BENGOETXEA Buruz buruko txapeldun ohia

«Altunak kolpea eman du mahai gainean. Gelditzeko etorri da»

«Finala teknikoki oso ona eta gogorra izan zen. Gehien harritu ninduena izan zen saketik ez zutela minik egin. Ez zuten hainbeste asmatu pilota ezkerparetan jartzen. Olaizolak final ona egin zuen, baina Altunak pixka bat gehiago jokatu zuen. Argi dago Altuna buruz buruzko lehia horretan egoteko etorri dela. Bagenekien aurrelari bikaina zela, eta lau eta erdikoan pilotari handia. Baina erakutsi du buruz buru ere izan daitekeela. Kolpea eman du mahai gainean. Ezaugarri guztiak ditu horretarako: kolpea, indarra, abiadura, errematea, errestoa, ahal fisikoa... Gainera, egungo joko moldeak mesede egiten dio. Olaizolari dagokionez, ez nuke esango buruz buruzko final bat jokatzeko azken aukera izan duenik. Asko zaintzen du bere burua, eta maila onean dago».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna