Amatasuna eta goi mailako kirola

Erronkari heldu diote

Amatasuna modu desberdinean hartu dute Leire Olaberriak, Maider Undak, Oihana Kortazarrek, Ainhoa Muruak eta Maialen Chourrautek. Beren egunerokoan eta prestakuntzan aldaketa batzuk egin behar izan arren merezi izan duela nabarmendu dute guztiek. Bideoa albistearen amaieran.

Ezker-eskuin: Leire Olaberria, Maider Unda, Oihana Kortazar, Ainhoa Murua eta Maialen Chorraut.
Ezker-eskuin: Leire Olaberria, Maider Unda, Oihana Kortazar, Ainhoa Murua eta Maialen Chorraut. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2018ko martxoak 6

LEIRE OLABERRIA: «Ama naizenetik beste patxada eta zuhurtzia batekin lehiatzen naiz»

Munduko Pista Txapelketarako deialditik kanpo geratu zenean, duela hilabete batzuk, Leire Olaberria txirrindulariak (Ikaztegieta, Gipuzkoa, 1977) salaketa jarri zuen Espainiako hautatzaile Raul Menaren kontra. Jakinarazi zuen erabaki horren atzean bera ama izatea dagoela. «Irailean deitu ninduen, Europako Txapelketa prestatzeko egonaldi bat egiteko, Mallorcan. Umeak bederatzi hilabete eskas izan arren, baietz esan nion. Haurra nirekin eraman nuen, gastu guztiak nire gain hartuz». Madison proban lehiatzeko proposatu zion. «Itzuli nintzenetik proba hori Eukene Larrarte taldekidearekin korritzen nuen. Oso emaitza onak lortzen ari ginen Europako zirkuituan, eta esan nion harekin egin nahi nuela».

Menak, ordea, beste txirrindulari batekin lehiatu behar zuela esan zion. «Baina ikusi nuen, txapelketarako hiru aste falta zirenean, teknikoki asko falta zitzaigula elkar ulertzeko. Erori ere egin ginen. Hori dela eta, esan nion ez nengoela horretarako prest. Ama izanda, halako proba batera joateak ahalegin handia esan nahi du niretzat, bai pertsonala, baita ekonomikoa ere. Ez nago denbora galtzeko moduan». Ordutik ez du gehiago deitu: «Garbi dut ez dela kirol emaitzengatik, baizik eta, besteak beste, ama naizenez ezin naizelako hainbeste egun egon etxetik kanpo. Nire taldekidearekin lehiatzen ez uztea, ezetz esatera behartzeko modu bat izan da».

Lasai dago, halere: «Nire lehentasuna umea da, eta argi dut gauzak garbi esateak kondenatu nauela». Espainiako Txirrindularitza Federazioko diziplina batzordean salaketa jarri ostean, bide penaletik joko du orain «Aurrera egingo dugu, eskubiderik gabe utzi nautelako, baita etorkizunean berriro gerta ez dadin ere». Brightongo hitzarmena ekarri du gogora: «Bosgarren puntuan dio, ama diren kirolariek berdintasunean lehiatzeko eta hautatuak izateko eskubidea dutela».

Inpotentziaz bizi izan du egoera, bere taldean [Gipuzkoa Ogi Berri] erakutsi duelako posible dela amatasuna goi mailako lehiarekin uztartzea: «Hasieran, ez nekien lehiara itzuliko nintzen, baina proiektuak erakarri ninduen. Opari bat izan da. Izan ere, amatasuna eta txirrindularitza uztartzeko aukera eman didate, eta hori da ederrena». Lehiatu denean, ez diote trabarik jarri umeak beraiekin bidaiatzeko, ezta entrenamenduak haren ordutegietara egokitzeko ere: «Umea oso lasaia da, eta horrek asko lagundu digu». Orain, hamabost hilabete ditu dagoeneko, eta txikia hasi da gauzekin konturatzen: «Eukene etxera datorrela ikusten duenean, lepotik estu hartzen nau, badakielako ni banoala. Nik probaren bat dudan bezperan ere gaizki egin ohi du lo, urduri nagoela sumatzen baitu».

Gainontzean, sasoi betean da Olaberria. «Ama naizenetik, gainera, hobeto ezagutzen dut nire gorputza, eta egokiago kudeatzen dut entrenamenduetako denbora. Ikusi dut ez ditudala hain entrenamendu luzeak behar emaitza onak lortzeko. Oso gutxitan egiten ditut orain saio bikoitzak». Umea haur eskolan dagoenean egiten ditu, eta arratsaldean harekin egoten da. Psikologikoki ere beste patxada bat duela nabarmendu du: «Lanerako nire autoexijentzia maila berdina da. Baina lehen asebetetzen ez ninduten emaitzek asebete egiten naute orain. Gainera, probetan zuhurtzia handiagoz jokatzen dut».

39 urterekin izan zen ama, eta onartu du «nahi baino gehiago» atzeratu zuela erabakia. «Baina ez naiz atzera begiratzea gustuko duten pertsona horietakoa. Gauzak datozen bezala datoz, eta egin dudana egin dut hala sentitu dudalako. Riora joateko aukerarik ez nuela ikusi nuenean, garbi izan nuen ama izateko unea zela. Agian, gazteago nintzela hasi izan banintz, gauzak desberdinak izango ziren. Baina berandu hasi nintzen honetan, 26 urterekin». Orain, biekin disfrutatzen ari da.

MAIDER UNDA: «Banekien lehengo mailara itzultzea ia ezinezkoa zela»

Ama izateko unea «asko» atzeratu zuela onartu du Maider Unda borrokalariak (Gasteiz, 1977). Londresko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina lortu eta gero erabaki zuen garaia zela. «Ziurrenik, nire kirol ibilbideko garairik onenean nengoen, baina lortu beharreko guztia banuela sentitu nuen, eta, adinagatik, garaia zela». Haurdun geratu eta gero oso kirol gutxi egin zuen. «Gure kirola oso fisikoa eta indar handikoa da, eta edozein kolpe edo bultzakada jaso, eta haurra galtzeko beldur nintzen. Sasoia mantentzeko jarduera fisikoa baino ez nuen egiten».

Undak ez zuen garbi umea izan eta gero goi mailara itzuli ahal izango zen ala ez. Baina errealista zen. «Oso ondo ezagutzen nituen neure burua eta neure kirolaren ezaugarriak, eta jakitun nintzen oso zaila izango lehengo mailara bueltatzea. Ama izatea erabaki nuenetik nekien hori, gainera. Gure kirolean, denek garbi dugu hori, eta horren beldur ere atzeratzen dugu amatasuna».

Nolabaiteko barne borroka bat izan zuen: «Buruak ez itzultzeko esaten zidan, baina bihotzak baietz». Azkenean, saiatzea erabaki zuen, eta lehendabiziko entrenamenduetatik konturatu zen, ez zebilela oker bere usteekin. «Aurretik nituen mekanismoetako batzuk galdu egin nituen lehiatu gabe egotearen ondorioz: adibidez, erreflexuak, eta horiek gabe oso zaila da goi mailan egotea. Gainera, umeari bularra ematen ari nintzen, eta fisikoki nahi eta ezin aritu nintzen. Min hartuta ere egon nintzen, eta horrek ere ez zidan batere lagundu».

Baina bueltatu, eta Europako Txapelketan brontzezko domina lortu zuen. « Maila txukuna emateko gai izan nintzen. Horrekin geratzen naiz. Ez naiz damutzen, sufrimendu momentuak egon ziren arren, disfrutatu ere asko egin nuelako». 2016ko Rioko Olinpiar Jokoetara iristeko, ordea, koska bat falta zitzaion. «Hor garbi ikusi nuen nire kirol ibilbidea amaitzeko unea zela». Bere kategoriako pisua igo izanak ere ez zion mesederik egin. 72 kilotik 75 kilora igo zuten. «Betidanik kostatu izan zait asko pisua hartzea; eta, gainera, garai hartan, edoskitzearen ondorioz, argalago nengoen. Ondorioz, hain pisu handiko borrokalariekin lehiatzea zaila zen». Uzteko unea gogorra izan zen: «Bizitzako etapa oso garrantzitsu bat amaitzera nindoan».

Lehiatu zen bitartean, dena den, amatasuna eta goi mailako kirola uztartzeko errealitatea ezagutu zuen. «Zaila» dela nabarmendu du. «Nik, gainera, gaztandegian ere egiten nuen lan».

Bikotekideak urtebeteko baimena eskatu zuen, eta bera entrenatzen edo lehiatzen zegoen bitartean hura geratzen zen haurrarekin. «Kirolari batzuek umeak beraiekin eramaten dituzte, baina nik garbi nuen ez nuela nahi harekin hara eta hona ibiltzea. Eramanez gero, beste norbaitek etorri behar zuen gurekin, eta nik ez nuen arreta izango, ez lehiaketan, ezta umean ere. Gogorrena atzerrian egiten genituen egonaldi luzeak ziren».

OIHANA KORTAZAR: «Haurdunaldietan ez nuen korrika egiteko beharra sentitu»

Oihana Kortazar mendiko korrikalariari (Elgeta, Gipuzkoa, 1984) ez zaio zaila egin amatasuna eta kirola uztartzea. «Ni ez naiz honetaz bizi. Hau niretzat zaletasun bat da, eta inork ez dizkit emaitzak eskatu. Ez dut txapelketa batera sailkatzeko presioa izan. Horrek lasaitasuna eman dit, eta aukera izan dut erabakiak nahi nuen moduan eta momentuan hartzeko». Gainera, nabarmendu du ingurukoen aldetik laguntza handia izan duela: «Bikotekideak eta nire guraso nahiz aita-amaginarrebak beti egon dira prest umeekin geratzeko, niri lasterketetara laguntzeko...». Hala, «erraztasun eta lasaitasun handiagoz» hartu zuen ama izateko erabakia: «Goi mailan aritzeak ez zuen ama izateko nire erabakia baldintzatu. Lehenengo umea, lesio bat aprobetxatuz izan nuen, eta bigarrena lehiatik atseden bat hartu behar nuela sentitu nuen une batean». Atseden bat bezala hartu zituen bi haurdunaldiak. «Ginekologoak korrika egiteko aukera nuela esan zidan. Baina ez nuen korrika egiteko beharra sentitu. Bizikletan ibiltzen nintzen, eta asko ibili nintzen ordekan eta mendian. Gimnasioko lanari ere eutsi nion»

Erditu ondoren, denbora eman zion gorputzari bere onera bueltatzeko. «Lehenengo haurdunaldiaren ondoren sei hilabete itxaron nuen, eta bigarrengoaren ostean, lau. Azken horretan, pazientzia gutxiago izan nuen, eta uste dut arinegi bueltatu nintzela. Izan ere, lesio gehiago izan nituen. Kontuan izan behar da haurdunaldiaren ondorioz lotailuak malgutu egiten direla, eta arrisku gehiago dagoela min hartzeko».

Lehenengoa izan ostean, bete-betean itzuli zen: «Emaitza aldetik nire urterik onena izan zen. Fisikoki eta psikikoki bete-betean nengoen». Bigarrengoarekin gehiago kostatu zitzaion osatzea: «Gainera, itzuli nintzenean, emakume korrikalarien mailak gora egin zuela nabaritu nuen. Nire lehengo markak berdinduta ere, ez nituen postu berdinak lortzen. Bestalde, nik neure burua ez nuen estutu nahi».

Umeak kozkortuz joan ahala, gauzak erraztuz doazela pentsa dezakete askok, baina ez da guztiz horrela:«Gehiago egon nahi dute zurekin, eta tarte gehiago eskaintzea. Hala, nik lehen gehiago entrenatzen nuen asteburuetan astean zehar baino; orain, ordea, alderantziz egiten dut, umeek nahiago dutelako asteburuan nirekin mendira joan, adibidez. Goizean goiz [05:30-06:00] gimnasioko lana egiten dut, eta bazkalostean aprobetxatu ohi dut mendira korrika egitera joateko, haiek eskolatik jaso aurretik».

Lasterketetara joatea gustatzen zaie semeei:«Txikiei erakutsi nahi izan diet ama nola lehiatzen den». Jendeak ez dio sekula komentario txarrik egin ama izan ondoren goi mailako kirolean jarraitu duelako. «Askotan esan izan didatena zera da: emakumea izanda ez ote didan beldurrik ematen mendira bakarrik joateak. Baina nik esaten diet ezetz, betidanik hau izan dela nire bizimodua, eta pozik egiten dudala».

AINHOA MURUA: «Erditu bezperan kirola egiten aritu nintzen»

Goi mailan segitu nahi badut, oso zaila izango da orain arte moduan izatea. Agian, beste mota bateko triatloiak egin beharko ditut». Ainhoa Murua triatloilaria (Zarautz, Gipuzkoa, 1978) duela hiru aste izan zen ama. Pozik mintzatu da bere bizimodu berriaz. «Disfrutatzen ari naiz». Aurrerago erabakiko du itzultzean zer egingo duen. «Ez diot neure buruari presarik sartu nahi. Izan ere, azkar ibiltzea ez da ona. Gorputzari entzun nahi diot, eta bere onera itzultzen utzi. Bularra ematea erabaki badut, pazientziaz hartu nahi dudalako da». Dena den, Rioko arantza kendu nahi du, min hartuta bukatu baitzuen: «Baina argi dago entrenatzeko ez dudala hainbeste denbora izango, eta ezinezkoa dela orain arte bezala ibiltzea. Izan ere, denbora asko eman behar izaten nuen etxetik kanpo, martxoa eta iraila artean». Munduko Serieak hasi berri dira, eta Abu Dhabin eta Bermuda irletan dira lehen bi probak. «Nik ez dut neure burua ikusten umea batetik bestera eramaten. Kasu askotan bi edo hiru hilabete egin izan ditut etxetik kanpo, eta hori, orain, ezinezkoa da».

Ahalko balu, Munduko Serie horietako proba zehatz batzuetan parte hartu nahiko luke. «Baina zaila da, horretarako munduko zerrendan ondo sailkatuta egon behar duzu. Puntuak behar dituzu. Adibidez, Rion txapeldun izan zen triatloilaria, Gwen Jorgensen, ama izan da. Hark maila handia du, eta ziurrenik izango du horretarako aukera». Dena den, horrek guztiak ez du kezkatzen une honetan: «37 urterekin nire kirol ibilbidean egin behar nuen guztia egina dut». Bikotekideak, berak baino garbiago du bueltatu egingo dela: «Animatu egiten nau, eta posible dela esaten dit. Egia esan, une oro nabaritu dut haren babesa, eta nire erabakiak eta momentuak errespetatu ditu. Berak triatloiak ere egiten ditu, eta ondo ulertzen nau».

Oso haurdunaldi ona eduki du, eta horrek aukera eman zion azken unera arte kirola egiten aritzeko. Umea izan ondorengo aste hauetan baino ez da geratu: «Bolumen eta intentsitate aldetik maila txikiagoan, noski. Baina erditu bezperan kirola egiten nengoen. Korrika egiteari zazpi hilabeteko nengoela utzi nion, baina haurdunaldi osoan ibili naiz igerian, eta bizikletan, hori bai estatikoan. Hainbeste kirol egitera ohituta egonda, ez zen ona erabat uztea. Medikuak berak esan zidan jarduera fisikoa egiten jarraitzeko. Nik, gainera, argi nuen aukera banuen kirola egiten jarraituko nuela». Haurdunaldi amaieran, hobeto zegoen: «Hasieran nekatuago nengoen, eta botaka egiteko gogoa ere askotan izan nuen».

Haurdun egon den bitartean bai Basque Teameko bai Espainiako Gobernuaren diru laguntzei eutsi die. «Baina urtebeterako da. Ondoren, berriro ere emaitzak hartzen dituzte kontuan, eta horretarako lehiatu egin behar duzu, eta emaitzak lortu. Ez da erraza», Gainera, uste du bestelako laguntzak ere egon zitezkeela:«Adibidez, umearekin bidaiatu ahal izateko».

MAIALEN CHORRAUT: «Garbi izan nuen ama eta piraguista izan nahi nuela»

Umea izan eta lau hilabetera nire lagunak lanera itzultzen ikusten nituenetan, neure buruari esaten nion pribilegiatua nintzela, aukera nuelako neure eguna antolatu eta umearekin denbora asko egoteko». Maialen Chourraut piraguistak (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1983) uste du goi mailako kirolari izateak neurri batean erraztu egin diola amatasuna eta goi mailako jarduna uztartu ahal izatea.

Haurra izatea erabaki zuenean, argi izan zuen gauza bat: «Ama izan nahi nuen, baina baita piraguista ere». Eta lortu du. 2012ko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina eskuratu eta gero eman zuen pausoa: «Emaitzen babesa nuen, dominari esker, lau urterako diru laguntza ziurtatu bainuen». 2013an jaio zen alaba, eta 2016an urrezko domina eskuratu zuen Rion. «Behin umea izanda hasi zen Riorako atzera kontua. Hiru urte zoragarri, ziragarri eta gogor izan ziren. Urrea lortu bezperan neure buruari esan nion: espero dut merezi izatea egin dudan ahalegin guztia, Zorionez, hala izan zen».

Umea izan eta hiru astera itzuli zen Chourraut entrenamenduetara, eta alaba lan saio eta txapelketa guztietara eraman zuen. «Kanalean egon, eta haurra gosea bazen, piraguatik jaitsi eta bularra ematen nion». Haurra berehala ohitu zen bidaiatzera. «Egon zen jendea ez zuena ulertzen ni umearekin hara eta hona ibiltzea, eta hori izan zen gogorrena». Umea, gainera, oso ondo moldatu zen hasieratik: «Pozik hazi da, eta izugarri gustatzen zaio bidaiatzea. Orain, bere nortasuna eta nahiak azaltzen doa, eta tarteka esaten digu ez duela joan nahi, lagunekin eskolara joan nahi duelako».

Zenbait kasutan, umea berarekin egoteko buruhauste handiak izan zituen. «Rion hasieratik debekatu egin ziguten haurra kanalean sartzea, adingabea zelako. Beraz, kostata bada ere, lortu nuen goizeko eta arratsaldeko entrenamenduak uztartzea. Gogorra zen hainbeste ordu jarraian entrenatzea, baina modu bakarra zen haurrarekin denbora gehiago egoteko».

Haren bikotekide Xabi Etxaniz entrenatzailea izateak asko lagundu zion horretan: «Hark ere ahalegin handia egin behar izan zuen. Izan ere, Espainiako selekzio guztiaren plangintza eramaten zuen, eta aldi berean saiatzen zen nik lehia, amatasuna eta entrenamenduak uztartzea».

Gainera, oso haurdunaldi eta osatze onak izan zituen. «Ia erditu arte ibili nintzen uretan. Are gehiago, ur bizietan entrenatzea errazagoa egiten zitzaidan, indar gutxiago egin behar nuelako». Itzuli zenean, fisikoki ondo zegoen: «Mantso hasi nintzen, zesarea egin zidatelako, eta zauria ondo itxi behar zelako. Hasieran, indar gutxiago nuela nabaritzen nuen, piraguak eta palek gehiago pisatzen zutela. Baina behin haurrari bularra emateari utzi ostean, oso azkar berreskuratu nuen lehengo erritmoa. Modu naturalean izan zen, eta plangintzan asmatu genuen Riora sasoirik onenean iritsi bainintzen».

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Mende bat pasioz taupaka

Eñaut Agirrebengoa

Osasuna bide zirraragarria eginda iritsi da ehungarren urteurrenera. Kemena eta borroka izan ditu beti ardatz, baita harrobiaren eta harmailen sostengua ere. Zaleen atxikimendua erabatekoa da, eta kluba bazkideena da oraindik ere. Osasun betean ospatuko du mendeurrena, garai berriei adi.
Txirrindulariak etapako lehen kilometroak egiten. ©LUCA ZENARO / EFE

Irteeran izan da ikusmina, ez helmugan

Ainara Arratibel Gascon

Eguraldia eta luzera tarteko, txirrindulariek planto egin dute, eta etapa erdira laburtu da. Josef Cernyk irabazi du gaurko lasterketa
Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna, iazko azaroan, Lau eta erdiko Txapelketako finalerako pilota aukeraketan. ©I. URIZ / FOKU

«Ez gaituzte erabili»

Julen Etxeberria

Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak diote «borondate onenarekin eta zentzuzko irtenbide bat bilatzeko asmoz» osatu dutela Pilotarien Elkartea
Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna, artxiboko irudi batean. ©Jaizki Fontaneda / Foku

Altuna eta Ezkurdia: «Borondaterik onenarekin jokatu dugu, ez gara erabiliak izan»

Paulo Ostolaza

Ohar bat plazaratu dute Aspeko bi pilotariek. Aitortu dute badakitela Pilotarien Elkartearen aurkezpenak gaizki-ulertuak sortu dituela, baina gehitu dute azaldu zituzten helburuek indarrean jarraitzen dutela: «Pilotarien Elkartea guztion eskubideak borrokatzeko tresna egokiena dela uste dugu».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna