Behin hasita, beste baten bila

Euskal Herrian ohikoa da hizkuntza bat baino gehiago jakitea: euskara, gaztelera, frantsesa, eta ingelesa. Hala ere, arau guztiek dituzte salbuespenak, eta badira ohikotasun horretatik irteten direnak ere, hots, lau hizkuntza baino gehiago ikasi dituztenak: euskaldun poliglotak.

2017ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Jon Iñarritu 

«Normala da nahastea hizkuntzekin; hobetzeko balio du»



Nelson Mandelaren esaldia nabarmendu du Jon Iñarrituk (Leioa, Bizkaia, 1979) hizkuntzekiko daukan afizioa azaltzeko: «Norbaiti ulertzen duen hizkuntzan hitz eginda, haren burura helduko zara, baina, bere ama hizkuntzan hitz egiten badiozu, bihotzera helduko zara».

Izan ere, bihotzak landu behar izan ditu leioarrak, bai politikari gisa, bai enpresari gisa. Amaiur alderdi politikoko diputatu izana da Espainiako Kongresuan, eta, egun, EH Bilduko senatari dago Espainiako Senatuan. Bestalde, Mondragon Korporazio Kooperatiboan jardun du atzerriko proiektuak kudeatzen. Horrenbeste kanpoan bizita eta bidaiatzen, sei hizkuntza dakizki: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, italiera, nederlandera eta hebreera.

Hebreera da hizkuntzarik ezohikoena Iñarrituren curriculumean. Urte eta erdiz bizi izan zen Ekialde Hurbilean, eta urtero joaten da hara. «Hebreeraz hitz egiten dut, baina ez oso maila altuan. Kapaz naiz solasaldi bat izateko eta gauza normalez hitz egiteko».

Beharrezkoa ikusten du egungo mundu globalizatuan hizkuntza bat baino gehiago menderatzea, ingelesa batez ere. «Ingelesa lingua franca da. Nire ustez, ikasi eta ondo hitz egin behar da». Hala ere, beste hizkuntza batzuk ere ikasteko aukera nabarmendu du. «Lelokeria bat da guraso batzuek diotenean nahiago dutela euren seme-alabek ingelesa ikastea euskararen aurretik». Euskal Herri osoan bai gaztelera eta bai frantsesa ondo ikasi beharko liratekeela uste du.

Sarritan, itzultzaile lanak egin behar izan ditu Iñarrituk. Hizkuntzak ondo jakin arren okerrak egin daitezkeela zehaztu du: «Normala da nahastea hizkuntzekin; hobetzeko balio du». Adibide gisa jarri du EH Bilduko beste kideekin gertatu zitzaiona: Estrasburgora (Frantzia) joan ziren Ines del Rio eta Parot doktrinaren epaiketagatik. Jatetxe batera sartu ziren bazkaltzera, eta Iñarrituri eskatu zioten zer zegoen azaltzeko. Rafa Larreinarekin eztabaidatu zuen ea aukeretako bat okela mota bat edo giltzurruna zen. Okela zela zioen leioarrak, eta kasu egin zioten besteek. Azkenean, giltzurrunak atera zizkieten. «Oskar Matutek oraindik ez dit barkatu», argitu du Iñarrituk.

Ion Pagoaga 

«Ametsetan, perfekto hitz egiten duzu; errealitatean, ez hainbeste»



Ikasketak direla medio ibili da Ion Pagoaga (Iruñea, 1990) Europan zehar. Iruñean hasi zituen unibertsitate ikasketak, baina Polonia eta Suitza pasatu ditu, eta Italian da, egun, doktore tesia egiten. Atzerrian bizi, eta atzerriko hizkuntza ikasi esaldiak laburbilduko luke, gutxi gorabehera, Pagoagak hizkuntzekin duen filosofia. Euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, italiera eta poloniera ikasi ditu. Tesia idazteko ere katalana lantzen dabil, eta ez du baztertu hizkuntza gehiago ikastea.

Iruindarrak euskara du ama hizkuntza, eta txikitatik ikasia gaztelera. Masterra, ordea, frantsesez eta ingelesez ikasi zuen, eta biak menperatzen ditu. «Lan akademikoetan, behartuta zaude ingelesez jakitera. Lanean Frantzia aztertzen dudanez, frantsesa ere menperatu behar dut».

Poloniera ere behartuta ikasi zuen, baina berak bere burua behartuta: «Pentsatzen nuen Polonian bizi nintzenez poloniera ikasi behar nuela». Izan zituen bere lanak hizkuntza berria menperatzeko: «unibertso paralelo» bat iruditzen zitzaiola nabarmendu du. «Euskaraz ez ditugu preposizioak, baina deklinatu egiten dugu. Gazteleraz preposizioak dauzkate, baina ez dute deklinatzen. Polonieraz deklinatu egiten dute eta preposizioak dauzkate».

Pagoagak erabil ditzakeen hizkuntzak asko dira. Hala ere, etxetik kanpora bizita bai euskara, bai gaztelera galtzen dituela azaldu du. Ingelesa eta frantsesa erabiltzen ditu lanean, eta, Italian bizi denez, egunero mintzo da italieraz. Ez du, ordea, egunerokoan euskara erabiltzen. «Beno, egunero irakurtzen dut BERRIA. Baina, hortik kanpo, ezer ez». Etxera itzultzen denean, hasieran kosta egiten zaio, baina pare bat astean erraz egiten du berriro.

Horrenbeste hizkuntza jakiteak sortu dizkio hainbat bitxikeria. Ikasten dabilen hizkuntzan amestu ere egin izan du. «Esaten dute momentu horretara iritsi zarenean menperatzen duzula hizkuntza. Baina ametsetan perfekto hitz egiten duzu; errealitatean, ez hainbeste».

Hizkuntza berrientzat ateak zabalik dauzka Pagoagak. Denbora falta da beste hizkuntza batekin hasi ez izanaren arrazoia. «Hala ere, errusierarekin banabil, nire kontura eta irakasle gabe».

Xabi Paya 

«Arabiera erabiltzen dut nire apunteak inork ez ulertzeko»



Bertsolari gisa ezaguna da Xabi Paya (Bilbo, 1982), baina badauka beste aurpegi bat horren ezaguna ez dena: itzultzailearena. Hizkuntzen munduan murgilduta dago bizkaitarra txikitatik, eta bederatzi ikasi ditu, bakoitza bere erara: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa, alemana, errumaniera, arabiera, katalana eta galiziera.

Itzulpengintza ikasketak egin zituen Payak. Hizkuntzekiko harremana familiatik datorkio, ordea: «Gure aita itsasgizona zen. Atzerrian egin zuen bere bizitzako zatirik handiena», azaldu du Payak. Ingelesa ikasi behar izan zuen txikitan, aita kanpoan zela harekin komunikatu ahal izateko .

Europako hizkuntza hegemonikoak menperatzeko asmoz ikasi ditu frantsesa eta alemana. Galiziera eta katalana, berriz, munduan bueltaka bertakoekin harremanetan ikasi ditu; «euskañol» antzeko zerbait dakiela nabarmendu du.

Errumaniera eta arabierarekin bestelako harremana dauka. Gaztetan Errumanian pasatu zuen uda, piano ikasketak egiteko. Ingelesez hartzen zituen eskolak, baina bere interesagatik jarri zen harremanetan errumanierarekin. Bestalde, arabiera ikasi du itzultzaile gisa hizkuntza «exotiko» bat jakitea komeni zitzaiolako. Hala ere, makina bat erabilera aurkitu dizkio arabierari: «Arabiera erabiltzen dut nire apunteak inork ez ulertzeko bilera batean».

Hainbat metafora erabili ditu hizkuntzei buruzko bere iritzia azaltzeko; lehena, amari hartuta, berokiarena: «Norberak erabakitzen du zer beroki jantziko duen. Bakarra baduzu, horrekin ibiliko zara munduan zehar; zenbat eta beroki gehiago izan, hobe».

Bigarrena, Trivial mahai jokoarena da. Hizkuntza bat ikasten hasten den pertsona hizkuntza horretan hiztuna da Payarentzat. Hortik aurrera gaitasunak eskuratuko ditu lantzen duen heinean. Modu berezian aztertzen ditu gaitasunak: «Pentsatzen dut ea Trivialeko pieza guztiak lortu ditudan hizkuntza horretan: maila formalean jardutea, tabernan jardutea, elkarrizketa intimo batean jardutea eta sorkuntza literario, poetiko edo erretorikoan jardutea». Guztiak lortutakoan menderatzen du hizkuntza bat.

Amaia Morris 

«Ez naiz konturatzen hizkuntza aldatzen badut»



Hiru ama hizkuntza ditu Amaia Morrisek (Zarautz, Gipuzkoa, 1988): euskara, gaztelera eta ingelesa. Beraz, ezagutzen dituela esatea motz gelditzea izango litzateke. Ingeles filologia ikasi du, eta irakaskuntzan jardun du 17 urte zituenetik. Orain, Ameriketako Estatu Batuetan dago bere ikasleekin, eta hizkuntza akademia bat zabalduko du Hernanin (Gipuzkoa). Frantsesa eta alemana ere ikasi ditu. Baina, hiru ama hizkuntzen erabileran arazorik izan ez arren, beste bat ikasteko zailtasunak nabarmendu ditu.

Aita estatubatuarra du Morrisek, eta ama, Iruñean jaioa. Amak, ordea, ez zuen euskara menperatzen. Horregatik, zaintzaile euskalduna kontratatu zuten gurasoek, seme-alabak euskaraz hezteko. Txikitatik hirurak izan ditu ama hizkuntza.

«Gure etxean hiru hizkuntzak erabiltzen ditugu», azaldu du Morrisek. «Nola guztiok dakizkigun, ez gara ezta konturatzen ere». Amarekin komunikatzeko gaztelera erabiltzen du zarauztarrak, aitarekin, berriz, ingelesa; hori bai, anaiarekin, euskara: «Ezingo nuke anaiarekin gaztelera edo ingelesa erabili». Lagunen bisitak izan arte, ohartu gabe zegoen ezohikoa dela etxean hiru hizkuntza erabiltzea.

Txikitatik euskara, gaztelera eta ingelesean hazita, erraza egiten zaio batetik bestera pasatzea. «Ez naiz konturatzen hizkuntza aldatzen badut», azaldu du Morrisek. «Ez daukat buruan itzulpenik egin beharrik». Azkenean, hiztegi arazoak bakarrik izaten ditu. Hots, hizkuntza bateko hitza bururatu, baina ez jakin bestean nola esaten den. «Baina ez dira larriak izaten».

Matematikekin bakarrik lehenesten du hizkuntza bat. Izan ere, euskaraz ikasi ditu zenbakiak. «Ez da ez dakizkidala gazteleraz edo ingelesez. Baina euskaraz erraztasun handiagoa daukat».

Hizkuntza berriekin, dena den, nabaritu ditu zailtasunak. Frantsesarekin nahiko ondo moldatu zen, baina alemana beste modu batera gogoratzen du: «Alemanarekin konturatu nintzen benetan nolako lana den jendearentzat hizkuntza berri bat ikastea». Gogoratu du ordura arte esaten zuela hizkuntza bat ikastea ez dela horren zaila. «Orduan konturatu nintzen jendeak kontu asko ikasi behar dituela hutsetik, hala nola gramatika eta hitz berriak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.