Erika Lust. Film pornografikoen zuzendaria

«Helduen zineman, emakumeak behar ditugu kameren atzean»

Helduentzako filmak zuzentzen ditu Lustek, baina pornografia hegemoniko «arlote» eta «sexistaren» alternatiba eskaintzen du. Berdintasuna, etika eta estetika dira defendatzen dituen balioak.
ERIKA LUST

Iker Tubia -

2017ko maiatzak 31
Sexu heziketa «oso ona eta irekia» jaso zuen bere sorterrian Erika Lustek (Stockholm, Suedia, 1977), eta berehala konturatu zen pornografia konbentzionala nagusiki gizonek egina ez ezik, sexista ere bazela. Egoera ikusirik, kamera hartu, eta bestelako balioak dituen pornografia ekoizteari ekin zion. Zientzia Politikoak, Feminismoa eta Genero Ikasketak eginda, Zinema Zuzendaritza ikasi zuen. Sari anitz jaso ditu, eta, orain, jendeak bidalitako fantasiak pantailara eramaten ditu.

Zerk eraman zintuen pornografiaren munduan sartzera?

Unibertsitatean sentsazio bikoitza izan nuen film batekin: kitzikatu nintzen, baina, era berean, higuina eta atsekabea sentitu. Garai horretan Linda Williamsen liburu batek ireki zizkidan begiak: Hard Core: Power, Pleasure, and the 'Frenzy of the Visible'. Pornografia sexualitate garaikidearen diskurtso sozialaren moldatzaile gisa hartu zuen lehena izan zen. Ez zuen epaitzen, aztertu baizik.

Orduan erabaki zenuen bestelako pornografia bat egitea?

Bakarrizketa androzentrista eta oso mugatu horri aurre egiteko beharra sentitu nuen. Gainera, zinemazale gisa, inoiz ez ditut jasan hain gaizki egindako film horiek. Pornografiak zergatik izan behar du arlote, landugabe eta inozoa? Zena baino askoz ere gehiago izan zitekeela ohartu nintzen. Emakumeak gisa aktibo eta autonomoago batez irudika zitzakeen.

Horrelako filmak kontsumituko zituen publikorik bazen?

The Good Girl nire lehenbiziko film laburra, 60 egunetan ia bi milioi lagunek deskargatu zuten. Orduan konturatu nintzen egin nahi nuenak bazuela publikoa.

Askotan hitz egin duzu pornografia komertzialaren edo zabalduenaren aurka. Nola deskribatuko zenuke?

Punish fucking. Sexua ez da ageri pertsonek egiten duten gauza baten moduan. Emakumeen plazerak ez du deus ere inporta. Emakumeek ez dute isurtzen, eszena gizonak eiakulatzen duenean bukatzen da. Zer esanik ez ahozko sexuan, emakumeari egiten zaiona ia ez da existitzen. Interneteko pornografiaren %99an emakumea gizonaren objektu bat baizik ez da.

Zergatik egiten dituzte emakumeak iraintzen dituzten filmak?

Erraza da erantzuna: diskurtsoa gizon zuri heterosexualen esku dagoelako. Gainera, oso-oso oinarrizkoak dira, inteligentzia sexual eta emozional gutxikoak, eta dirua erraz egitea baizik ez dute helburu. Orain arte sexualitatearen irudikapenaren monopolioa izan dute, eta emakumeon sexualitateari ez diote jaramonik egin. Hollywoodek pertsonaia femeninoekin egin duen gauza bera: ikuspegi maskulinotik eta publiko maskulinoarendako industria izan da. Helduen zineman, konbentzionalean bezala, emakumeak behar ditugu kameren atzean haien ikuspegia eman dezaten.

Nerabe batzuentzat informazio iturri bakarra dira film pornografikoak. Nola ikusten duzu?

Bilatu ere ez dute egin behar, edozein webgunetan agertzen ahal zaie pop-up bat haien bizilagunaren amarekin txortan egiteko eskaintza egiten. Arazoa ez da pornografia ikustea, ikusten dutena nolakoa den baino: misoginoa, homofoboa eta indarkeriazkoa. Izan ere, pornografiak eragin masiboa du genero roletan. Debekatzeak ez du balio, hitz egin behar da, horrekin kritiko izan daitezen. Horregatik sortu genuen The Porn Conversation proiektua.

Zuk beste irudi bat eman nahi duzu. Zer eragin du horrek?

Pornografia ez da monolitikoa. Modu onean edo txarrean erabili daitekeen tresna da. Nik ikuspegi femeninotik egiten dut, sexuen arteko berdintasuna aintzat hartuz, eta ahanzturan eroritako emakumeon plazera aldarrikatuz. Modu etikoan ekoizten dugun zinema honek lan ederra egiten du orientazio sexual, sexu praktika eta pertsona ezberdinak agertuz. Sexualitatearekiko jarrera positiboa bultzatzen du, eta norberak bere burua onartzea.

Zer esan nahi du modu etikoan ekoizteak?

Jende gehienak ez dio bere buruari galdetzen kontsumitzen ari den filma nola egin den. Aktoreek egoera etikoetan egin behar dute lan, gune seguruan sentitu eta haien interesen alde egiten duten pertsonekin. Beharrezkoak dira pentsamendu kritikoagoa, eta kontsumo etikoagoa eta arduratsuagoa. Askok jakinen balute zein egoera batere profesionaletan egiten diren eszena batzuk, agian bi bider pentsatuko lukete kontsumitu aurretik. Hor has liteke aldaketa bai produkzioan eta bai gizarte ohituretan.

Pornografia eta errealitatea ez direla nahastu behar esaten da. Berdin zurea bezalakoekin?

Zinema aisialdia da. Zineman errealismo puruena duzu cinema verité delakoarekin, edo musikalak bezalako ikuskizun irreal ederrak. Aukera zabal hori pornografian ere badago. Ez gaude ohiturik, irudia zera baita: gizon gihartsu bat takoi kilometrikoen gainean igotako emakume bati inolako sentiberatasun eta erotismorik gabe sarketa egiten, bigarrenak ero baten moduan oihu egiten duen bitartean, orgasmo bat duela sinetsiko dugulakoan. Kamera aurreko sexua fikzioa da. Zineman bezala, koreografiari jarrai diezaioke, edo irudika daiteke modu errealistagoan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna