Eguzkia ere sostengatzaile

Herri Urratsen 32. aldiaren balorazio biziki ona egin dute Seaskakoek: azkenaldietan baino jende gehiago dira bildu Senpereko hitzordura; Ziburuko ikastola laguntzea zuen xede. Frantziak Seaskari zortzi lanpostu gehiago ordainduko dizkiola iragarri du ikuskariak ekitaldi ofizialean.

AURORE LUCAS.
Nora Arbelbide Lete.
Senpere
2015eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Itzala garestia zen igandean Senpereko aintziraren inguruan. Zuhaitza non, jendeak metatuak han. Tinki-tinki, denak ezin sartuz. Ostatuetan, berriz, ur botilak agorturik eta iturriko ura banatzen. Alkoholez betetako basoak ere ez ziren gutxi izan. Sapa beroak ez zituen denak uzkurtu, eta, dantzan zein kantuz, edo sinpleki oinez aintziraren itzulian, andana bat ikusi zen, txapela buruan eta gorputza kremez emokatua. Atzokoa azken urteetako arrakastatsuenetakoa izan zela baieztatu zuten Seaskakoek. Polizia etxetik 60.000 zenbatu zirela atera zen prentsan. Hala badiote poliziek, gehiago izanen zirela gaineratu zuen Hur Gorostiaga Seaskako zuzendariak.

Zifra zehatzik ez zuten eman Seaskakoek, baina aitzineko urteetan baino jende gehiago bildu zela baieztatu zuten zenbait «detailek», Seaskako presidente Paxkal Indok azpimarraturik. Aintzira inguruko pentzeetako hamalau hektarea aparkaleku gisa antolatu zituzten Herri Urratsen. Azken urteetan ere hala zen, baina aurten, aitzinekoetan ez bezala, bete egin ziren. Eta horietaz gain, bide bazterretan ere auto anitz metatu ziren. Hamalau hektareatan zenbat auto sartzen ote diren? Auto bakoitzak zenbat jende garraiatu zuen? Horiez gain, zenbat autobus ziren jin? Matematika eskoletako ariketa beste egun baterako. Baina argi zuen Indok: «Autoz etorri diren horiek ez ziren etorriko beharbada aroa txarra balitz. Ala eguna ez balitz izan Ziburuko ikastolaren alde».

Ziburuko ikastola eraikitzeko erabiliko dutela Senperen bildutako dirua iragarria baitzuten Seaskakoek. «Ziburuko ikastolaren aldeko kanpaina luzea izan da, eta, erranez Herri Urrats honekin zela amaitzen, anitz agian beren laguntza ekartzera etorri dira». Bereziki, Hego Euskal Herritik, «sentitu dugu, eta erran digute, gainera». Urte hauetan hegoaldekoen kopurua txikitu zen Herri Urratsen, eta aurten hagitz etorri direnez Senperera, poztu da Indo. Ziburuko auzapezak ikastolako haurrei argindarra moztu izanak anitz «hunkitu» izan zituela gogoratu du presidenteak.

Azpiegitura aldetik ere eskaintza aberasteko indarrak egin dituztela nabarmendu du Indok, eta horrek ere fruituak ekarri dituela: «Azken urte hauetan jende gutxiago zela eta, aroagatik, komunikazio eskasagatik... ez dakigu zuzen zerengatik, baina, hasteko, saiatu gara gauzak hobetzen. Haurren eta gazteen txoko gehiago eskaintzen, handiagoak eta politagoak, taloen eremua ahal bezain handia antolatzen, ahal bezain guti itxoiteko. Eta beste horrelako berrikuntzak ekarri ditugu. Atzo ohartu gara funtzionatu duela guztiak, nahiz eta jende anitzez gehiago izan».

Politikariak ere presente

Herri Urrats ikastolen aldeko besta herrikoia izateaz gain, ekitaldi ofizial batek osatua ere bada. Igande goizean iragan zen hainbat arduradunen eta hautetsiren artean. Seaska eta euskara zertan diren puntu bat egiteko aukera izan zen aldi honetan ere, baita hautetsi eta arduradunek beren sostengua helarazteko parada ere.

Horien artean zegoen Frantziako Hezkuntza MinisteriokoPaueko Akademia ikuskari Pierre Barriere. Iragarri zuen zortzi irakasle lanpostu oso gehiago diruz lagunduko dituela hezkuntza ministerioak heldu den sartzetik goiti, bai lehen mailarako zein kolegiorako. Hamalau lanpostu behar zituen Seaskak, baina azken astera arte lau lanpostu zituen adostuak ikuskariak. Negoziaziobaten emaitza izan da zortzi postuena. Eskola kartatik kanpo burutzen du negoziazioa Seaskak Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) eta Frantziako Estatuarekin. 130 bat ikasle gehiago izanen ditu bere gain Seaskak irailean. 3.400 bat ikasle dira gaurko egunean. Gertatzen da Seaskak postu horiek zentralizatzen dituela eta hark duela ondotik erabakitzen horien lan orenak nola banatu. Eta beharrez, hark ordaintzen ditu ere beste batzuk. Hiru ikastola berri zabaltzekoak ditu irailean; Azkarateko (Baxenabarre) irakaslea, adibidez, lanpostu berri horietan sartzen da. Biriatuko eta Basusarriko ikastola berrietan, berriz, printzipioz, ez dituzte aski ikasle irakaslearen lanpostu oso baten ordainarazteko ministeriotik. Baina, halere, Seaskak bere gain hartu du ordainketa. «Sei edo bost ikaslerekin eskola publikoan lanpostuak kentzen dituzte; guk, berriz, kopuru horrekin ikastolak irekitzen ditugu», beti Indoren hitzetan.

«Estatua ez da eskualdeko hizkuntzen kontra. Hori da mezua». Hitz horiekin esplikatu zion BERRIAri Herri Urratseko ekitaldiko presentzia Akademia ikuskariak. «Errepublikako eskolaren berrantolaketaz adostu azken testuek, aski berriak direnek, erakusten dute leku bat badela eskualdeko hizkuntzentzat. Ez dela frantsesaren irakaspenarekin kontrajarria. Tentsio zahar horiek gainditu beharrak dira».

Azpimarratu zuen baita nola hiru eskola publikoetako ama eskoletan murgiltze eredua «esperimentatzekoa» dutela irailetik goiti. Arbona, Donibane Lohizuneko Urdazuri eskola, eta baliteke Jatsu ere hor sartzea. Orotara,zortzi ama eskola publiko litezke osoki euskaraz heldu den sartzetik goiti. Xedea hauxe: «Sail elebiduna gure ikasleek hobeki jarraiki dezaten eta geroan gure irakasle harrobia hobeki osatzea». Elebiduneko euskara irakasle eskasa aipatu zuen, eta ohar hau gehitu: «Lehen mailan, 5.000 ikasle baino gehixeago dira klase elebidunetan, sare publikoan. 800 baizik ez dira kolegioan. Lizeoan 350 bat. Galtze handia bada». Ikastolek ezagutu zailtasunei begira, lege eskasaz, haatik, ez zuen hitz egin nahi izan, ez dela bere betekizunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.