Alfak 70 langilerekin jarraituko du

Irune Lasa.
2018ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Irtenbide bat aurkitu diote Alfako gatazka luzeari. Abendu hasieratik dago likidazioan Eibarko Alfa taldearen Alfa Precision Casting, eta kaleratzeko erregulazio espedientearekin daude hango 131 langile. Langileak aurretik hasi ziren mobilizazioetan, haien baldintzak hobetu nahian. Orain, 172 eguneko greba mugagabearen ostean, langileek eta konkurtsoaren administratzaileak akordioa lortu dute: jarduera berria bere gain hartuko duen inbertsiogileak 70 lanpostu mantenduko ditu, Alfaren baldintza berberetan. Inbertsiogile hori nor izango den ez dute artean argitu. Horrez gain, kalera doazen langileek enpresak orain arte agintzen ziena baino kalte ordain handiagoa jasoko dute.

Gainera, Alfak beste kalte ordain batzuk ere pagatu beharko dizkie grebalariei, joan den apirilean Eibarko epaitegiak ebatzi baitzuen enpresak langile horien greba eskubidea urratu zuela. Besteak beste, epaileak frogatutzat jo zuen grebalarien lanpostuak lanean jarraitzen duten beharginekin betetzen jardun zela eta greba batzordearen lana oztopatu zuela, eta, hortaz, enpresak mugatu egin zituela greba egiteko eskubidea eta askatasun sindikalak. Grebalariek salatu dutenez, enpresak greba eskubidea urratzen jarraitu du epaiaren ondoren ere.

«Akordio oso on bat da azaroan hasi zen gatazka luze eta gogorrari amaiera emateko», azaldu du Alfako enpresa batzordeak, agiri baten bitartez. «Enplegua mantentzea eta enpresaren jarrera zigortzea lortu dugu». Edonola ere, langileen ordezkariek gogor kritikatu dute zuzendaritzaren azken urteetan jokabidea. «Lanpostuen suntsiketa» egin izana leporatu diote. «800 langile izatetik 180 langilera pasatu da Alfa azken bost urteetan, eta gelditu direnei lan baldintzak okertu dizkie».

Orain, langile batzordearen kezketako bat enpresako zuzendaritzaren jarrera da. «Beldurra daukagu ez ote dituen grebalariak zigortuko eta eskirolak sarituko. Oso adi ibiliko gara kontratazio prozesu honen inguruan, diskriminaziorik ez dadin gertatu». Hau da, beldur da Alfak orain greba egin ez dutenen artean aukeratuko dituela 70 langileak, eta grebalariak lanik gabe utziko dituela.

Alfako enpresa batzordearen ustez, Jaurlaritzak eta EAJk prozesu guztian izandako jarrera «lotsagarria» izan da, baita Eibarko Udalarena eta PSE alderdiarena ere. «Gelditzen zaigun alderik positiboena da grebalariek azken egunera arte izan dituzten duintasuna eta borroka tinkoa. Oso argi daukagu lortu diren hobekuntza guztiak haiei esker izan direla».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.