Hezurra ezin arraspatu

Murrizketek eragindako beheranzko espiraletik irten ezinda, Bilbo Basketek maila galdu du. Emari eskaseko fitxaketak direla medio, ezinean aritu da sasoi osoan.

Bilbo Basketeko Tabu, Gladness, Todorovic, Hervelle, Redivo, Vucetic eta Bentil, igandean Baskoniaren aurka Miribillan galdu ondoren. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Danel Agirre.
2018ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Igandean, Bilbo Basketek Miribillan aspaldian jokatu den partidarik onenetako bat galduta ziurtatu zuen azken-aurrekoa izango dela ACBko taulan. Porrot kolektiboa da.
 

ZUZENDARITZA

Murriztea beste biderik ez



Gorka Arrindaren egitasmo megalomanoa zapuztuta, Bilbo Basketeko zuzendaritzari kudeatzaileek gehien gorrotatzen duten atazari egin behar izan diote aurre: ahal diren gastu gehien murrizteari, enpresaren eraginkortasunari ahalik eta gutxien eraginda. Arriskuz betetako lana izan ohi da urdaiazpikoari xerrak kentze hori: hezur biluzia laster geratzen da bistan, eta arraspatzen ibiltzeak ere ez du mokadu askotarako ematen.

4,2 milioiko aurrekontuarekin, halere, Bilbo Basket ez zegoen oraindik ACBko bost txiroenen artean. Joventut, Fuenlabrada, Obradoiro, Burgos eta Gipuzkoa Basketek sos gutxiagorekin ekin zieten lanei joan den udan. Azken akziodun batzarrean zabaldu informazioaren arabera, Bilbo Basketek 1,9 apartatu ditu lau milioi pasatxo horietatik, aurten, jokalarientzat. Zenbatekoa GBCnaren bikoitza da ia: Porfi Fisacek milioi batekin osatu du lantaldea.

Akaso horregatik, duela pare bat aste Koldo Mauraza presidenteak «inola ere» ez zuen aurreikusten taldeak maila gal zezakeenik oraindik. Datozen asteetan ikusiko dugu lantaldeari aurrera egiteko kemenik geratzen zaion.
 

KIROL ZUZENDARITZA

Arriskatu, eta porrot egin



Zorrak menperatu du Bilbo Basket, eta kontularitzako estutasunek erabaki irudimentsuak behartu dituzte. Duela bi uda, zuzendaritzak kirol zuzendari izendatu zuen Raul Lopez, hartzekodun nagusietako bat, soldatak azaldutako leialtasuna saritzeko. Hasiberri baten eskuetan zegoen eskarmentua eta harreman sare zabala eskatzen dituen egitekoa.

Bere lehen sasoian, Lopezek konbinatu egin zituen fitxaketa kanoniko batzuk —Scott Bamforth, Ivan Buva edo Michael Eric, adibidez— eta oso etekin kaskarra eman zuten apustu arriskugarri batzuk. Bigarrenean, sarerik gabe jauzi egin zuen merkatura. Ekainean itxi zuen taldea, uda amaierako merkealdian topatu ohi diren maukei itxaron gabe, non gazteak etortzen diren liga exotikoetatik edo unibertsitatetik. Gehienak urrun zeuden ACBn aritzeko gutxieneko mailatik, eta ordezkoekin ere ez dute asmatu Lopezek eta Igor Mintegia bere laguntzaileak.
 

ENTRENATZAILEAK

Arazoa ez zegoen aulkian



Lopez eta Mintegiaren iritziaren aurka, zuzendaritzak Carles Duran kaleratu zuen, hiru garaipen eta sei porrot zeramatzanean. Duranek bizkor topatu zuen lanpostua Joventuten, eta, presiopean, azken postutik atera du, azken zortzietatik zazpi irabazita. Alferrikakoa izan zen azaroko entrenatzaile aldaketa presazkoa.
 

JOKALARIAK

A ordezkatzeko, Z



Duranek ez zion traba handirik ipini Lopezek ziztu batean osatutako lantaldeari. Lehentasun bakarra helarazi zion kirol zuzendaritzari, eta ez zen kontuan hartu: entrenatzaileak GBCn amaitu zuen Henk Norel pibot zaildua fitxatu gura zuen —elkarrizketetan kontatu du—, saskipean Axel Hervellez gain eskarmentua eta emari fidagarria berma zezakeen beste pieza bat eransteko. Lopezek oso bestelako ezaugarriak dituen Jameel McKay aukeratu zuen postu horretarako. Bidaiatzeko agiriak eskuratzeko axolagabekeria zela-eta, pibota bi asteko atzerapenarekin agertu zen denboraldi-aurrera. Lansaio parea baino ez ziren behar izan baieztatzeko arinegia zela ACBn posizio horretan aritzeko. Geroztik, Libanotik, Japoniatik eta Lituaniatik pasatu da McKay, eta bakoitzean ez da hilabetea osatzera iritsi.

McKay ordezkatzeko, Lopezek Mickell Gladness fitxatu zuen, Australiako eta Estoniakoen moduko maila apaleko lehiaketetan zaildutako ibiltaria. Hiru pibot, hiru profil kontrako. Merkatura irten den bakoitzean, Bilbo Basketek zeren bila ari zen ere ez zekien susmoa igorri du. Eskumutur finarekin lagundu behar zuen Tim Kempton Jr. hegal-pibot garaia kaleratu, eta dohain atletikoengatik nabarmentzen den Devin Thomasek hartu zuen haren tokia. Ricardo Fischer zuzendariak baliozko ezer gutxi erakutsi du, eta fisikoki ahaltsuagoa den Nikola Rebic ailegatu zen haren ordez. Aitzinekoa hobetu ez, eta azken horren maila hain izan da kaskarra, Javi Salgadok larrialdiko bigarren antolatzaile moduan osatu baitizkio minutuak.

Alex Mumbruren rola izan da taldea desorekatu duen beste duda-muda. Sasoia hegal-pibot moduan hasi zen, nagusiki. Mrsicek 3 moduan nahiago zuenez, duela pare bat hilabete Ben Bentil gihartsuak osatu zuen saskipeko laukotea. Ez du ia jokatu ere egin, eta Mumbruk 4 postuan eman ditu azkeneko asteak.

Aulkitik pasatu diren hiru entrenatzaileek eta kirol zuzendaritzak ez dute erranaldi publiko gaiztorik izan jokalarientzat. Eskuarki, Bilbo Basketi ez zaio kohesiorik falta izan kantxan, gaitasun tekniko, taktiko eta atletikoa baizik. Ez da ukondokada handirik izango merkatuan libre geratuko diren beltzezko pieza gehienak ehizatzeko.
 

ZALEGOA

Azken heldulekua



9.278, 9.842. Bilbo Basketen Miribillako azken bi partidetako ikusle kopuru ofizialak dira. Europako ligetan ez daude hamar talde kopuru horiek mugitzeko kapazak direnak. Sasoi hasierako lehia batzuetan Bilbo Arena harmailako irudi goibelagoa bazegoen ere, zale gehienek ez diete jokalariei bizkarrik eman, joko oso kaskarrarekin ere. Jendetza hori txorimalo moduan erabiliko da uda honetan, erakunde publikoen bulegoetako bileretan.

Bost urte dira Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbo Basket erreskatatu zuela, 5,3 milioi eurorekin (Espainiako Kontu Auzitegiak diru horren zati bat itzultzera behartu zuen gero, irregulartasun batzuk zirela medio). Operazioa osatzeko, Gorka Arrinda klubaren jabea erorarazi zuen gero, urteetako konplizitatearen ondoren. Haren mamua akziodun batzar bakoitzean itzuli ohi da, ordea, epaitegietan Bilbo Basketen aurka zabalik dituen prozesuengatik.

Erakunde publikoek hainbat aldagai hartu beharko dituzte kontuan hemezortzi urtez erabakitzeko ea berriz salbatu behar duten Bizkaiko gizonezkoen saskibaloiaren erpina izan dena. Egia da, antzeko atakan zegoen arren, Gipuzkoa Basket onik irten dela LEBen eman zuen denboraldi bakarretik. Baina Bilbo Basketen egoera ekonomikoa hain da kaskarra, hilabeteak baitaramatza jokalariei ordaindu gabe, kantxa bete arren eta Retabeten ekarpenak gorabehera. Harrobi egitura bat eratzeko, klubak hamar urteko plan handinahi bat iragarri zuen abenduko akziodun batzarrean. Hori ere, beste guztia bezala, kolokan dago.

Bilboko den kaosa nahikoa ez balitz ere, ACBn udak beti dira luzeak eta gorabeheratsuak. Lidergorik eta ganorarik gabeko liga batean, LEBerako egitasmo bat prestatzen edo erdi desagertuta dagoen taldeak bere tokia berreskuratzeko gonbita jaso dezake, gora egitekotan zegoen batek betekizunen batekin huts egin duelako. ACBn geratzea, Urrezko LEBen datorren sasoiari ekitea edo zorrek makurrarazita desagertzea: oraingoz, Bilbo Basketentzat jokaleku guztiak dira posible.

Hustuz joan den puxika
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.