Berdintasunerako bidean harrapatuta

Hileko mingarriak dituzten emakumeek hilean hiru eguneko baimena hartu ahal izatea proposatu dute Italian. Kritikoek diotenez, gizonak kontratatzea susta dezakete halako neurriek, eta traba dira emakumeentzat lan ibilbidean aurrera egiteko. Badira desorekak sortzen dituzten beste hainbat lege ere.
BERRIA

Maite Alustiza

2017ko apirilak 21
Baimena izateak askatasuna dakar berez: zerbait ahal izateko, zerbaiti uko egiteko, norabait joateko, bertan geratzeko. Baina legeak berekin dakar tranpa, eta pribilegio eta mesede gisa aurkezten diren neurri askok desoreka ekar dezakete berdintasunerako bidean. Lan arloan, esaterako, ezbaian jarri dira emakumeei begira sustatutako hainbat neurri: onuragarriak ote dira haientzat, edo oztopo? Italian pil-pilean dago gaia: hileko mingarriak dituzten emakumeentzat, hilabetean gehienez hiru eguneko baimena ezartzea proposatu dute Alderdi Demokratikoko lau diputatu emakumezkok parlamentuan. Lan Batzordean eztabaidatzen ari dira orain.

Artikulu bakarra du lege proposamenak, eta sei puntu. Baimena hartu ahal izateko, mediku espezialista baten ziurtagiria beharko litzateke, eta urtero berritu. Baimena baliatzen duten egunetan, ohiko soldataren pareko ordainsari bat jasoko lukete andreek, eta kontratu mota ezberdinentzat izango litzateke baliagarria: lanaldi osoa edo partziala izan, aldi baterakoa, azpikontratua... Dokumentuan aurkeztu dituzten datuen arabera, Italian emakumeen %60-90ek daukate dismenorrea —hileko mingarria—, eta horrek absentismoa dakar: %5-15 lan arloan, eta %13-51 eskola garaian.

Proposamenak zalantza ugari eragin ditu herrialdean bertan. Kontra agertu direnen argudioetako bat da «ustezko pribilegio» horren ondorioz emakumerik ez kontratatzea erabaki dezaketela enpresek. Kritiken aurrean, diputatuek argitu dute euren proposamena ez dela «behin betiko soluzioa», baizik eta arazoa eztabaidatzen hasteko pauso bat.

Gaia Euskal Herrira ekarrita: onuragarria litzateke horrelako neurri bat ezartzea? Ezezkoan dago Isabel Otxoa, EHUko Lanaren eta Gizarte Segurantzaren Zuzenbideko irakasle eta Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteko kidea. Lege proposamena «iraingarria» iruditzen zaio, eta uste du salbuespen egoera hori ez litzatekeela mesedegarria izango emakumeentzat. Bat dator Nerea Fillat gizarte ekintzailea ere: «Legedian salbuespen horiek sartzen direnean, kontratazioan ez gaitu gizonekiko modu paralelo batean bideratzen». Amatasun baimenen adibidea gehitu du: «Berdintasunik ez dagoenez, beti hobe da gizon bat kontratatzea emakume bat kontratatzea baino; hain zuzen ere, ama izaten bada amatasun baimena hartzeko aukera duelako, hamasei astean lanik egingo ez duelako...».

Otxoaren arabera, lanean egon zein ez, hileroko minekin emakumeek izan duten arazo nagusia beste bat izan da: «Arazoa minen naturalizazioa izan da. Asko eta asko urteetan medikuarenera joan dira minengatik kexuka; hori normala zela entzun behar izan dute, eta, azkenean, gaixotasun diagnostikoa izan dute, endometriosiaren kasuan, adibidez». Gaineratu duenez, medikuntzak arreta gutxi jarri dio minen sorburuari eta haiek arintzeari, baina hilerokoa ez da berez gaixotasun gisa tratatu behar, emakume gehienek ez baitute «inongo trabarik» bizitza arruntarekin jarraitzeko: «Hilerokoa ez da arazoa, eta, kasu batzuetan, hilerokoarekin bat etor daitezkeen minak aztertu, diagnostikatu, neurtu, artatu... behar dira. Italiako legeak hori egin gabe baimen orokor bat proposatzen du». Dena dela, uste du osasun sistemak gaixo baimena eman beharko liokeela edonori baldin eta edozein arrazoi dela medio lanera joaterik ez balu.

Fillatek ere ez dio abantailarik ikusten halako baimen bat izateari: «Diagnostiko hori dutenek aukera izan beharko lukete egun horietan naturaltasunez gaixo agiria hartzeko, noski, baina arazoa da horrelako neurriek ez dutela berdintasunerantz jotzen, eta uste dut gaur egungo ekonomiak eta lan merkatuak berdintasunerako neurriak behar dituztela».

Hainbat herrialdek dagoeneko legedian txertatuak dituzte hileko mingarrientzako neurriak. Japonia izan zen aitzindaria, 1947an, seirikyuuka deiturikoa jartzen —baimen fisiologikoa—. Urtebete geroago, Indonesian ezarri zuten; 2001ean, Hego Korean; eta 2013an, Taiwanen. Ekialdeko herrialde horietan, uste bat dago baimena ematearen atzean: emakumeek ez badute atseden hartzen hilekoa eduki bitartean, zailtasunak izango dituzte erditzerakoan. Aukera edukita ere, gutxik erabiltzen dute baimena, jasoko duten erreakzioaren beldur. Zambian, antzerako baimen bat jarri dute aurten: Mother's Day [Amaren Eguna]. Izen hori daraman arren, emakume guztiei zabalduta dago: hilabetean egun bat hartzeko aukera dute.

Europan ez dago halako legerik daukan herrialderik; badira, ordea, euren kabuz erabakia hartu eta baimenak ematen dituzten enpresak. Nike izan zen lehenengoetarikoa, 2007an: enpresako Jokabide Kodean sartu zuen baimenerako aukera, eta langileei memorandum bat sinarazi zien, ezarritako printzipioak errespetatuko zituztela ziurtatzeko. Oraintsuko adibidea da Bristolgo (Erresuma Batua) Coexist enpresa sozial txikiarena: iazko martxotik har ditzakete egunak hileko mingarriak dituzten andreek —enpresa horren erabakiak eraman zuen gaia lehen lerrora Italian, hain justu—.

Langileekin batera, mintegi bat antolatu zuten gaia lantzeko, eta, Bex Baxter zuzendariak azaldu duenez, proposamena begi onez hartu zuten emakume eta gizonek —31 laguneko lantaldea da, horietatik 24 emakumeak—. «Azken urteetan, emakume asko izan ditut lantaldean, eta batzuk minez okertuta ikusi ditut lanean; hala ere, sentitzen zuten ezin zirela etxera joan, ez zeudelako gaixo gisa sailkatuta». Baxterrek uste du hori ez dela justua, eta, «gaixotasun etiketarik» jarri gabe, emakumeei denbora bat hartzeko modua emango zien politika bat ezartzea erabaki zuten. Era berean, «emakume kontuetan» dagoen estigma aldatu nahi dute, Baxterren arabera: «Hilekoaren gaia tabua izan da gizon eta emakumeentzat, eta negatiboa positibo bihurtu nahi dugu. Politika honen helburua ere bada hilekoaren inguruko ikuspuntu positibo bat lortzea».

Baxterrek ez du uste epe luzera kalterako izan daitekeenik; ahalduntzeko tresna gisa ere ikusten du: «Zure erritmo naturalekin lan egiten baduzu, zure sormenak eta inteligentziak gehiago emango dute». Enpresak aurkeztu dituen datuen arabera, emakumeak hiru aldiz produktiboagoak izan daitezke behin hilekoa amaitzen zaienean: «Enpresa asko gizonezkoek gidatzen dituzte, eta lanordu luzeak bultzatzen dituzte, baina ideia okerra da pentsatzea denbora tarte bat libre hartzea ez dela produktiboa enpresarentzat. Hilekoa izan bitartean malguago eta eraginkorrago lan egiteko aukera bat da hau».

Gurasotasun baimenak

Hilekoari lotutako baimenez gain, badira lan arloan emakumeei zuzenean eragiten dieten hainbat lege eta errealitate. Euskal Herriko lan esparruari erreparatuz gero, bost lanaldi partzialetik lau emakumeenak dira, eta aldi baterako kontratuak dituztenetatik %54,3 dira emakumezkoak, Gaindegia behatokiaren arabera. Beste datu bat: seme-alaben zaintzari dagokionez, eszedentzia bat hartu zuten langileen %95 baino gehiago emakumeak izan ziren 2015ean, Hego Euskal Herrian.

Amatasun eta aitatasun baimenetan jarri du arreta Otxoak. Dioenez, sistema ez dago ondo antolatuta, bi baimenek luzera ezberdina dutelako: aitek lau aste, eta amek hamasei: «Eszedentziei eta zaintzarako lanaldi murrizketei arrazoi kulturalengatik heltzen diegu emakumeok, baina baita soldata eta lanbide okerragoak izaten ditugulako ere». Haren ustetan, bideetako bat izango litzateke baimenak luzeagoak eta ordaindutakoak izatea, partekatzen direnean. Ildo horretan, Fillatek ezinbesteko ikusten ditu hiru aldagai: amatasun eta aitatasun baimenak luzera berekoak izatea, %100 kotizatzea eta beharrezkoak izatea. «Hirurek izan beharko lukete ardatz baimenak berdintzeko eta, bide batez, bi helburu lortzeko: alde batetik, lan merkatuan berdintasunerako baldintzak lortzeko, non berdin izango lukeen kontratatzea emakume bat edo gizon bat. Bestetik, zainketen krisiari dagokionez, gizonezkoek beharrezko lukete zaintzea, eta horrekin nolabait ohiturak aldatuko lirateke, harremanak...».

Fillaten arabera, gaur egun indarrean dagoen ereduak «ez du ezertarako balio», eta desberdintasuna sortzen du: «Ez du bermatzen umeen zaintza osoa; berez, ez dago ongizate estaturik, eta, beraz, ez dago baldintzarik ongi zaintzeko». Proposatutako hiru neurri horiekin, berriz, zaintzan irabazteko asko legokeela dio Fillatek: «Hamasei asteko baimena hartzen baduzu, eta, bukatu ondoren, umearen beste gurasoak beste hamasei aste hartuko balitu, gehi oporrak, gehi edoskitzeari dagokion garaia, ia urtebeteko epea litzateke ume bat zaintzeko».

Halakoak ezartzea borondate politiko kontua dela iritzi dio. Fillatek azaldutako proposamena PPIINA plataformak egindakoa da (Jaiotza eta Adopzio Baimen Parekide eta Transferiezinen Aldeko Plataforma), eta Espainiako Kongresura iritsi da, Unidos Podemosen bidez.

PPIINAk egindako ikerketaren arabera, bost urteko epean baimenak parekatuta egon daitezen, urtean 200 milioi euro beharko lirateke. «Beste gauza batzuetarako erabiltzen den diruarekin konparatuta, AHTarekin adibidez, ez da diru asko, eta benetan eraldatuko luke gizartearen zutarri handi bat. Horren beldur gara, edo dira. Gizonezkoek ez dute horrelako erronkarik jorratu nahi, ez dute pribilegiorik galdu nahi». Erakundeen aldetik, Fillatek ez du «inolako keinurik» ikusten: «Ez Nafarroako Gobernuan, ez EAEn, ez Espainian... Ez dut borondaterik ikusten, nahiz eta lege proposamena egina dagoen. Hemen ez da lehentasuna; hori da arazoa».

Haurdunaldia eta pentsioa

Gehiengoa emakumezkoa den sektore batean aritzen da Otxoa: etxeko langileen elkartean. Lan baldintza kaskarrak salatzen dihardute, eta, besteak beste, haurdun geratu diren emakume askoren kasuak iristen zaizkie. Dioenez, gutxienez legeak ematen duena lortzen saiatzen ari dira haientzat. «Edozein emakume ama izateagatik kaleratzen badute, enpresak berriro onartu behar du. Etxeko langileak ez, baina badago kalte-ordaina lortzeko aukera». Gaineratu duenez, Bilboko epaitegi batek etxeko langile baten aldeko epaia eman du berriki. «Amatasun baimenetik bueltan uko egitea aurkeztu zioten, eta guk esan genuen kaleratze baliogabea zela, uko egitearen arrazoia amatasuna zelako».

Lan baldintzek eta lanaldiek lotura zuzena dute pentsioekin ere. Etxeko langileen kolektiboari bereziki eragiten ari zaio: inongo etenik gabe urte askoan kotizatu arren pentsio oso txikiak dituztela salatu du Otxoak: «Iaz, kasuak izan genituen non 40 urtetik gora kotizatu ostean, etxeko langileen sistemak onartzen zituen kotizazio handienarekin, jendearen pentsioa ez zen gutxieneko soldatara ailegatzen. Lotsagarria da». Gainera, Espainiako Gobernuak —Jose Luis Rodriguez Zapatero buru zela— 2011n abian jarritako pentsioaren erreformak batez ere emakumeei ekarri die kaltea, Otxoaren arabera: «Gutxieneko pentsioak jaitsi ziren, eta haiek dira gutxieneko pentsioen onuradun nagusiak».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna