KRITIKA. Antzerkia

Umeen galderak

Alberto San Juan eta Marta Calvo, antzezlanaren une batean. DAVID RUIZ.
Agus Perez.
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun

'Masacre'

Konpainia: Teatro del barrio. Egilea eta zuzendaria: Alberto San Juan. Argiak: Raul Baena. Antzezleak: Alberto San Juan, Marta Calvo. Lekua: Basauriko Social antzokia. Eguna: Maiatzak 19.

Dudarik gabe, Alberto San Juan dugu Madril aldeko antzezle eta egile interesgarrienetariko bat. Aktore-maila itzela ezkertiar posizionamendu argiekin konbinatzen du, eta berak parte hartutako antzezlanetan ohikoa da PPren jokabide ustelen salaketa zorrotza. Horren adibide dugu bere lanetariko bat —Autorretrato de un joven capitalista español— PPk debekatu nahi izana bere «ideologia erradikala» dela kausa, aurten, Espainiako «demokrazia abegikor eta tolerantean», M. Rajoy delako baten hitzetan.

Orain Euskal Herrira etorri dena Masacre deitu da, agian 36-39ko gerran eta lehen frankismoan izandako hildakoen omenez, edo bestela, handik sortutako eta laugarren frankismoraino ailegatu zaigun botere politiko eta ekonomikoen metaketa izugarria deskribatzeko. Una historia del capitalismo español azpi-izenburuarekin askoz argiago ikusiko ditugu antzezlanaren nondik norakoak: hasiera batean, atzera egin dugu Banco de Bilbaoren fundazio urteraino —1857—, geroan Banco de Vizcayarekin eta beste batzuekin elkartu zena, oraingo BBVA sortu arte. Urte berean fundatu zen Banco de Santander, eta XX. mendearen hasieran gaurko CaixaBank entitatearen arbasoa. Hiruren artean osatzen dute espainiar inperio finantzario-politikoaren muina.

Hasierako argibide horien ostean, bide estua geratu zaio testuari, Espainiako konpainia handiek —Telefonica, Iberdrola, FCC...— edo haien ernamuinek frankismoan jaso zuten faborezko tratu eskandalagarriak aletzeaz aparte, baina egileak abilezia handiz tartekatu ditu datu pilaketa hori eta klase ertain-altuko matrimonio baten bizimodua. Bide horretatik, taula gaineko bikoteak anbizio pertsonala eta maila sozialean gora egitea bizitzaren ardatz dituzten haiek irudikatu ditu, eta euren gorabeheretan txertatu dira Espainiako sistema politikoa zuzendu eta zuzentzen dituztenen aipuak eta agerraldiak.

Raul Baenaren argi-diseinu zehatzak —kolore zuri diskretua baino ez du erabili eta foku gutxirekin egin du lan— rol erabakigarria jokatu du pertsonaien definizioan eta egoera aldaketetan. Era berean, esan beharra dago aulki bat izan dela taula gaineko elementu bakarra, eta erabateko soiltasun horrek are handiagoa egin duela San Juanen eta Calvoren handitasuna. Izan ere, ikustekoa zen nola bata zein bestea orain Franco orain Escriva de Balaguer, orain Aznar orain Emilio Ybarra bihurtzen ziren, mezuaren erabateko indarrean eta antzezpenen sendotasunean bermatuta eta bikote diruzalearen seme-alabek egindako galderei erantzun ezinik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.