Gauzen amaiera

Objektuz gainezka daude herrialde garatuak. Aspaldi esan dute hori kontsumismoa kritikatzen dutenek, baina, orain, konpainia handietako buruak ere onartzen hasi dira. Ekonomistek ohartarazi dute hazkuntzarik gabeko bolada luzea datorrela, eta ohituz joateko aholkatu dute: hau da normaltasun berria.

Edu Lartzanguren -

2016ko apirilak 8
Entzuleak eta, bide batez, mundua aho bete hortz utzi zituen urtarrilean Ikea konpainiako Steve Howardek Londresen. «Globalki begiratzen badugu, Mendebaldean, ziurrenera, goia jo dugu gauzekin, besteak beste, etxerako altzari eta apaingarriekin». Herrialde garatuetako jendea gauzez gainezka dagoela, alegia, saturatuta. Baina nola esan dezake halakorik, hain zuzen ere, gauzak saltzera dedikatzen den konpainia bateko buru batek? Ez zen, antza, xelebrekeria bat izan.

Badirudi Eustat estatistika institutuaren datuek saturazioaren teoria baieztatzen dutela. Altzari, alfonbra eta halakoetan, esaterako, 221 euro gastatu zuen Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritar bakoitzak, batez beste, 2006. urtean. Zortzi urte geroago, ordea, 115 euro besterik ez. Antzeko jaitsierak gertatu ziren bideo, argazki, soinu eta irudi gailuetan (140tik 72ra), etxetresnetan (97tik 80ra), ibilgailuetan (622tik 318ra) eta prentsa, liburu, disko eta halakoetan (158tik 110era).

Europako beste herrialdetako datuak antzekoak dira: Erresuma Batuko Estatistika Institutuak otsailean zabaldu zuenez, hango biztanle bakoitzak 15 tona material erabili zituen 2001. urtean. Baina, 2010ean, 10 tona besterik ez. Espainia omen da, Eurostaten arabera, materialen kontsumoa gehien gutxitu duen herrialdea: 2010. eta 2013. urteen artean %33,5 gutxiago.

Baina, noski, herritarrak gauzez gainezka daudela eta gehiago erosi nahi ez dutela pentsatu aurretik, berehala datoz burura bestelako hipotesiak: batetik, krisiak jendearen erosteko ahalmena gutxitu du. Bestetik, digitalizazioa dago: liburua, CDa edo DVDa erosten zuten askok objekturik gabeko formatu digitalen alde egin dute azken urteotan.

Azalpen horiez harago, ordea, mundu garatuan fenomeno bat gertatzen ari dela uste dute ekonomialari eta soziologo askok. «AEBetan hazkuntza ekonomikoa ia amaitu da». Hala iragarri zuen Robert Gordon makroekonomistak duela hiru bat urte. Esandakoa herrialde garatuei ezar dakieke, oro har, besteak beste, Europari. Gordonen tesia honela laburbil daiteke: lau gauza ari dira hazkuntza gelditzen: populazioa zahartzen ari da, jendeak urte gehiago pasatzen du ikasten eta beranduago hasten da lanean, herritarrak burbuilaren zorra ordaintzen ari dira, eta aberats eta pobreen arteko aldea handitzen ari da. Lau pisu horiek hazkuntza erdira jaitsiko dute munduak jarraitzen badu azken 150 urte bezala teknologia asmatzen. Hori litzateke ikuspegirik baikorrena. Baina, 1850. urtetik 2000ra eginiko asmakizunak ikaragarriak izan ziren, eta gizakien bizitza izugarri aldatu zuten: elektrizitatea, edateko ura etxeetan, komunak etxean, estoldak, konbustio motorrak, elektronika... Gordonen arabera, ezinezkoa da lorpen iraultzaile horiek berdintzea. Beraz, ia hazkuntzarik gabeko ekonomia gelditzeko etorri da.

Secular stagnation (luzera begirako geldialdia) da modako hitza. Alvin Hansen ekonomialariak sortu zuen kontzeptua, 1938an, Depresio Handiaren ondorengo egoera deskribatzeko. Larry Summers eta Paul Krugmanek berriz ekarri dute ideia mahai gainera, gaurko egoerarako.

Etorriko al dira asmakizun iraultzaileak deus ex machina ekonomia salbatzera?

Teknobaikorren eta teknoezkorren artean banantzen da hor eztabaida. Lehen taldekoa da Juanan Barrenetxea soziologoa. «Sistemak badu bere burua erreformatzeko eta birsortzeko gaitasuna. Baina, agian, tartean egongo da hondamendiren bat», esan du. Erregai fosilen ordezkoak «uste baino lehenago» etorriko direla uste du, esaterako. «Baina ez dakigu zenbat iraungo duen trantsizioak, horregatik dago hainbesteko eztabaida orain». Halere, gaur ekonomia neurtzeko erabiltzen diren adierazle batzuk egokiak ote diren zalantzan jarri du. Izan ere, azken hamarkadotako berrikuntzarik handienak informazioaren eremukoak izan dira, eta horien balio ekonomikoa ezin da horren erraz zehaztu. Adibide gisa konpara daiteke testu hau erositako paperezko egunkarian irakurtzearen edo Interneten irakurtzearen artean dagoen alde ekonomikoa. «Irakurlearentzat, agian, aurrerakuntza egon da, baina hori ez da gero eurotan, barne produktu gordinean edo beste adierazgarritan islatzen».

Soziologoa kezkatuta dago ekonomia geldirik egotearen errudunetako batekin: aberatsen eta pobreen arteko tartea handitu izanarekin, baita Euskal Herrian ere. Izan ere, gutxien irabazten dutenek gastatzen dute gehien proportzioan, aberatsek pilatu egiten dutelako. «Europa bide horretatik daramate austeritate politikekin. Desberdinkeriaren aldetik etor daiteke hondamendia».

Finlandian eta Suitzan ari dira serio pentsatzen oinarrizko soldata unibertsalak ezartzearen inguruan. Milton Friedmanek 1969. urtean helikopteroaren parabola erabili zuen: odolik gabe dabilen ekonomia bat berpizteko, une batean, ideia ona litzateke helikoptero batetik dirua botatzea, hau da, jendeari dirua zuzenean ematea. Kalifornian, orduko 10 dolarreko gutxieneko soldata onartu berri dute, eta Erresuma Batuko kontserbadoreek ere bizitzeko gutxienekoa onartu dute. «Gobernuak konturatu dira jendea miseria gorrian uztea arriskutsua dela».

Baina aberatsek aurreztea ez al da ona? Gaur ez. Marxek iragarri zuen une batean kapitalak ez zuela izango non inbertitu etekinak. Hala gertatzen zaie gaur Apple eta Google konpainiei: diru likido asko pilatua dute, ez dakitelako non gastatu. «Absurdoa dirudi, baina egoera halakoa da». Hau da normaltasun berria.

Horrela uler daiteke Elon Musk teknologiaren enpresaburuaren inguruan dagoen ikusmina. Egunak joan egunak etorri, Mendebaldeko hedabideen lehen orrietan agertzen dira haren Tesla konpainiaren egitasmoak: auto elektrikoak, energia berriztagarrientzako bateriak eta Hyperloop garraio bidea, besteak beste. Musk XXI. mendeko Edison izatea nahi dute AEBetako kapitalistek, hazkuntzaren ametsari eusteko. Berdin energia iturri berrien promesekin, grafenoarekin, nanoteknologiarekin...

Zorion promesa

Gauzen amaiera badator, zerk hartuko du haien lekua? «Beste asko bezala, Ikearen bulkadaren esklabo bihurtu nintzen», hala esaten du Chuck Palahniuk idazlearen Fight Club eleberriko protagonistak. «Zer-nolako mahai tresneriak definitzen nau pertsona gisa?», galdetzen dio bere buruari. Kontsumo gizartearen parodia gisa uler daiteke testua. Baina arazo bat dago: marketin eskoletan serio ari dira gaur egun horixe irakasten.

«Denetik duenez, kontsumitzaileak ez ditu dagoeneko gauzak erosten lehen bezala. Orain, balioengatik, bizipenarengatik erosten du», esan du Celia Irigoien marketin aholkulari eta irakasleak. Eroslea gaur markari zaio fidel, ez produktuari, gauzari. Apple da bizipenean oinarrituriko salmentaren adibide nagusietako bat. «Jendeak ez ditu gauzak behar, baina markok lan egiten dugu kontsumitzailea markarekin haz dadin, hau da, bizitzeko estiloa saltzen diogu». Adibidez: Inditexen Zarak moda azkarraren kontzeptua sartu zuen: arropa merkea baina eskasa, sasoi bakarra irauten duena. Ikeak kontzeptu bera hartu du. «Lehen egongela apaintzen zenuen bizitza osorako. Orain, 5-6 urteren buruan dena bota, eta uneko modaren arabera berritzeko proposatzen dizute». Auto hibridoak eta elektrikoak ere modu bat dira auzoari esateko: «Begira, neuk ingurumena zaintzen dut, eta zuk ez». Hau da orain datorren marketina, Irigoienen arabera. «Jendea prest dago gehiago ordaintzeko, marka horrek beraz esaten duenarengatik». Stendhalek idatzi zuen edertasuna zorionaren promesa dela. Gaurko saltzaileek esaten dute marka bizipen baten promesa dela.

Gericault margolariaren 'La Meduse'-ko almadia koadroa gaurko egoeraren erretratu fidela dela uste du Ignazio Aiestaran pentsalariak: «Nihilismoa eta kapitalismoa nahastu dira, irudi bilakaturiko kapitala baizik ez baita gaurko espektakulua. Dena salgai dago, eta gauza guztiak merkantzia bihurtu direnez, bukaeran ez dute ezer balio».

Joseph Schumpeter (1883— 1950) ekonomialari austriarraren kapitalismoaren «suntsipen sortzailea» kontzeptua gogora ekarri du Aiestaranek. Bi modutan irakur daiteke ideia, bata positiboan, teknobaikorren atseginerako: kapitalismoak ahalmena du ekonomiaren egitura barrutik berritzeko, zaharra suntsituz eta berria sortuz. Beste irakurketak, berriz, ez du zorionik promesten: kapitalismoak etengabe suntsitu behar du dagoen aberastasuna, gerraren bidez edo krisien bidez, mahaia garbitzeko, aberastasun berria sortzeko. «Schumpeterren ametsa gure amesgaiztoa bihurtu da», esan du Aiestaranek.

Gizarteen barneko desberdintasunak asko areagotzen direnean, irtenbidea mundu mailako gerra izan da historikoki, Basterretxeak gogorarazi duenez. «Trantsizio batean gaude, eta horrek aukera guztiak zabaltzen ditu. Ez dakigu zein gizarte motara goazen». Ikeak 2020rako salmentak bikoizteko asmoa du, gauzen amaiera iragarri arren. «Ez da kontraesana», esan du Howardek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna