Gizonek ezin diote izkin egin

Gizonentzako hormona bidezko antisorgailu baten ikerketa fasea bertan behera utzi dute eragin ditzakeen albo ondorioengatik, nahiz eta ez diren emakumeen pilulek sortzen dituztenak baino larriagoak. Ikuspegi patriarkalak emakumearen esku uzten du haurdunaldia saihesteko ardura.
BERRIA

Iker Tubia -

2016ko abenduak 1
Gizonezko batek egunero du ernaltzeko ahalmena. Emakumezkoak hilean egun zehatz batzuetan gera litezke haurdun. Hala ere, kasu gehienetan, emakumearen gain geratzen da antisorgailuak erabiltzeko ardura. Berriki jakinarazi da gizonentzako hormona bidezko antisorgailu eraginkor bat ikertzen ari zirela. Baina ez da merkatura ailegatuko, saiakuntza bertan behera geratu baita. Arrazoia: albo ondorioak. Adituek diotenez, baina, horrelako metodo batean ohikoak dira albo ondorioak. Are, emakumeek erabiltzen dituzten piluletan horiek badaude, baita gehiago ere.

«Begira zer injustua den: hilean aste betez dugu haurdun geratzeko aukera, eta hilabete osoan tratatzen gara. Gizonezkoek egunero daukate ahalmen hori, eta ez dute ardura bere gain hartzen». Ana Galarraga Elhuyar aldizkariko zientzia komunikatzaileak argi utzi du erabakiarekin ez dagoela ados. Izan ere, gizonentzako antisorgailu hori oso eraginkorra omen zen, eta erabat itzulgarria. Ikerketan 18 eta 45 urte bitarteko 320 gizon osasuntsuk parte hartu zuten, haien 18 eta 35 urte bitarteko bikotekideekin batera. Haurdun geratzeko arazorik ez zuten. Metodoa progestageno eta testosterona injekzio bat da, zortzi astean behin hartzen dena. 56 asteko eraginkortasun fasean lau emakume geratu ziren haurdun, baina, hasieran, beste antisorgailu bat erabili behar zuten tartean. Ikertzaileek artikulu zientifikoan idatzitako ondorioen arabera, espermatozoideen deuseztapen ia osoa eta itzulgarria lortu zuten. «Antisorgailuen eraginkortasuna on samarra da itzulgarriak diren gizonentzako, beste metodo batzuekin alderaturik. Umore aldaketa txikien eta moderatuen maiztasuna nahiko handia izan zen».

Elisabeth Lloyd Argentinako Kinsey sexologia institutuko irakasleak dioenez, pilulak hartzen dituzten emakumeen %20-30ek depresioa dute. Ikerketako gizonen %3k izan zuen depresioa. «Ezberdintasunak harritu ninduen», esan du. 2008tik ari ziren antisorgailua ikertzen. Beraz, bi urtetan merkatuan egon zitekeen. Albo ondoriorik ohikoenak ziren aknea agertzea, injekzioa jartzen den tokian mina izatea, libidoa igotzea eta umore aldaketak. Pilulak hartzen dituzten emakume askori ez zaizkie ezezagunak eginen halako albo ondorioak.

Gizonen eta emakumeen antisorgailu hormonalen arteko bereizketa dagoela agerian geratzen da bi egoeren inguruan hartutako neurriak aztertuz gero. Biek dituzte albo ondorioak; merkatuan bakarra dago. Are, emakumeen pilulak komertzializatzen hasi zirenean, albo ondorio kaltegarriagoak eragiten zituzten. Gerora etorri dira hobekuntzak, saltzeari utzi gabe. Egoitz Tolosa Txagorritxu ospitaleko urologoa ez da harritu ondorio horiekin. «Tratamendu hori jarrita, ezinbestean agertuko dira, nahiz eta portzentaje txiki batean izan. Baina, oro har, arinak eta eramangarriak izaten dira, eta, ikerketa askotan, tratamenduarekin jarraitzeko asmoa agertu dute gizonek».

Arduratik ihesi

Ez da horrelako antisorgailu bati atea ixten zaion lehenbiziko aldia. Urologoak dioenez, azken urteetan gizonentzako hormona bidezko antisorgailuak ikertzen aritu dira, eta emaitza onak izan dituzte askotan. «Kanadan badaude hirugarren fasean dauden ikerketak, emaitza onak eman dituztenak, eta gizonek onartu dituztenak. Ulertzeko zaila da zergatik ez diren azkenean komertzializatzen». Galarragak dio Europan inkestak egin izan direnean antisorgailu hormonala hartzeko prest zirela erantzuten zutela gizon gehienek. Hala ere, ez dira ausartzen tratamendu hori komertzializatzera.

Uste dute gizon askok ez dituztela onartuko albo ondorioak. Eta baliteke horrela izatea. Tolosak zail ikusten du epe motzean gizonentzako hormona bidezko antisorgailuen eskaria handitzea. «Pentsaera arazo bat da, metodo segurua delako. Herrialde batzuetan beharbada bai, baina gurean uste dut ez lukeela harrera handirik izango. Laborategiek uste dute ez dutela askorik salduko, eta ez zaie interesatzen inbertsio hori egitea». Bide beretik mintzatu da Galarraga. «Ez da botikagintzari bakarrik dagokion gauza bat. Arazo estrukturala da: onartuago daukagu guk, emakumeok, isildu behar ditugula albo ondorioak. Serioago hartzen da gizonei gertatzen bazaie». Gizartean ikuspegi patriarkala gailentzen den bitartean, horrelako egoerak berriz gerta daitezke.

Emakume batzuek pilula antisorgailuak hartuta jasan behar izaten dituzten albo ondorioak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula. Maite Ziganda Solasean gune sexologikoko gizarte langile eta sexologoak azaldu duenez, Nafarroako Gozamenez proiektuko sexu kontsultan argi ikusten da: galdera asko egiten dizkiete pilulen albo ondorioengatik, eta ginekologoarengana joan behar izaten dute maiz. «Lan handia ematen du metodo horrek».

Sexologoaren arabera, bikote heterosexualen antolaketa dago afera horren azpian: noren esku geratzen dira zereginak? «Oraindik emakumeak arduratzen dira kontrazepzioaz. Haurdunaldia beren gorputzean gertatzen den zerbait denez, ez da ikusten bien ardura dela». Galarragak dio emakumea «ugalketarako sexutzat» hartu dela, eta horrek bere gain utzi duela kontrazepzioa. «Gure ardura da haurrak izatea eta haztea, eta ez izatearena ere gure gain geratzen da. Gizonena kasik istripu bat da».

Pilulak, emakumeen hormona bidezko antisorgailuak, 1960ko hamarkadan hasi ziren merkaturatzen. Ondorio larriagoak zituen oraingo produktuak baino, baina ordutik asko aurreratu da. «Merkatu ikaragarri zabala dago, sozialki bultzada ikaragarria izan du emakumeen eskuetan gelditzen delako haurdunaldiaren kontrola», dio Galarragak. Horrek, izan du alde txar bat ere: gizonek izkin egin diote haurdunaldia saihesteko ardura beren gain hartzeari. «Askatasunerako giltza ere badenez, aho biko ezpata moduan funtzionatzen du».

Egoera hori ikusirik, Tolosak uste du gizonek kontzientzia hartu beharra dutela. «Kontu hartu behar dute haurdunaldiaren prebentzioa bien ardura dela». Horrekin batera, metodo seguruak direla zabaldu beharraz mintzatu da. Izan ere, informazio falta dagoela ohartarazi du urologoak. «Gizon gehienek ez dute entzun ere egin, ez delako aditzera eman horrelako tratamenduak, egon, badaudela. Eskaririk ere ez dago, baina gizonek eskatuko balituzte, laborategiek berehala merkaturatuko lituzkete». Informaziorik gabe eskaria handitzea ez da erraza, eta, merkatuan ez badago, horren berri izatea ere zailtzen du.

Europan bi metodo erabili ditzakete gizonek: preserbatiboak eta basektomia. Badira beste batzuk, teknika mekanikoak, hodi diferenteak ixteko teknikak ?Asian erabiltzen direnak? ... Baina horiek ez dira erabiltzen Europako gizartean. «Emakumeentzako metodo asko sortzen dira, baina gizonentzat, egon, badauden arren, ez dira aurrera eramaten», nabarmendu du urologoak.

Merkatuaren menpe

Merkatuak pisu handia du bizitzako alor gehienetan, eta osasunari eta sexu osasunari dagokionez ere bai, noski. «Proba horiek oso garestiak dira. Proba horietan ekin behar bada hobetu arte, aurretik, aberastuko direlako garantia nahi dute», azaldu du Galarragak. Aditu gehienak kontziente dira, horrelako antisorgailu bat merkaturatzeko, komertzializatzean arrakasta izanen dutela aurreikusi behar dutela laborategiek. Bestela, jai.

«Merkatuak botere asko du kasu honetan. Ideia hau ez da atera den lehen aldia, eta uste dut ez dela kasualitatea izaten, oso pentsatuta dago, merkatuko ideia bat delako». Zigandarenak dira hitzak. Hark uste du lehenbizi bikotearen nahiak identifikatu behar direla. «Horri ez diogu denborarik ematen». Izan ere, bikote heterosexual batek ez badu haurrik nahi, antisorgailuak erabil ditzake, baina antisorgailurik behar ez duten bestelako praktika sexualak ere egin ditzakete.

«Gizarte honen erdigunean genitalak daude. Merkatuari diru asko ematen diote antisorgailuek, eta horregatik bultzatzen dituzte. Nahiko nuke jendeak pentsatzea zergatik egin behar ditugun genital jolasak pentsatu gabe, eta ez bestelako jolasak bikotearen gustuen arabera». Kexu da merkatuak sarketara eramaten dituelako bikoteak. «Astean zenbat aldiz egiten duzun kontatu, eta horren arabera neurtzen da bikote hobeagoa edo okerragoa duzun».

Dena den, bikote heterosexual batek sarketaren alde egiten badu, eta haurdunaldia saihestu nahi badu, ardura biek hartu beharko lukete. «Batzuetan antisorgailuen karga partekatu daiteke, edo biek proba egin, eta albo ondorio gutxien jasaten duenak egin dezake tratamendua. Hori bikotearen kontua da», dio Tolosak. «Gizartean pauso hori emateko garaia iritsi da. Hori falta izan da».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna