Plastikoan preso

Nazioarteko kanpaina batek salatu du plastikoa gehiegi erabiltzen dela supermerkatuko janaria biltzeko. Erabilera bakarreko plastikorik ez egotea nahi dute. Hori zaintzeko ardura kontsumitzaileen gain utzi beharrean, enpresa eta saltokiei eskatu diete erantzukizuna.
Supermerkatu bateko fruta eskaintza, plastikoz josia.
Supermerkatu bateko fruta eskaintza, plastikoz josia. GREENPEACE

Iker Tubia -

2018ko apirilak 24
Edozein supermerkatutan gertatzen da. Barazki eta fruten atalera ailegatu, eta plastikoa ageri da nonahi. Plastikoak estalitako lau banana erretilu batean, plastikoz inguraturiko luzoker bat, porru zurituak plastikoarekin babesturik, marrubiak plastikozko erretilu eta ontziarekin... Askotan, plastiko gehiago ikus liteke bio edo eko etiketak dituzten produktuetan. Hori ikusita, erabilera bakarreko plastikoen aurkako kanpaina bat abiatu du Break Free From Plastic mugimenduak (Plastikoarekin hautsi). Euskal Herrian, batik bat, Greenpeace ari da lan horretan.

Mundu osoko 1.100 elkarte batu dira plastikoaren kontrako mugimendura, eta, dagoeneko, milioi bat sinadura baino gehiago lortu dituzte supermerkatuei erabilera bakarreko plastikoak baztertu ditzatela eskatzeko. Horrekin batera, hainbat kontsumitzaile irudiak jartzen ari dira sare sozialetan, hainbeste plastiko erabiltzearen «absurdoa» salatzeko. Larunbatean, Greenpeacek protestak egin zituen Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko supermerkatu batzuen atarietan.

Oraingoz, fruta eta barazkienetan jarri dute arreta ekologistek, baina arazo osoaren perspektiba galdu gabe. «Plastikoaren ekoizpena eta erabilera gutxitu nahi ditugu, azkenean erabat deuseztatzea lortu arte», azaldu du Alba Garcia Greenpeaceko kideak. Elkartean plastikoaren gaiaz arduratzen denez gero, kanpainaren nondik norakoak azaldu ditu: «Fruta eta barazkien gehiegizko ontziratzea oso agerikoa da; horregatik ari gara zuzenean supermerkatuetan zentratzen. Haien esku dago erabilera bakarreko plastikoa erabiltzeari uztea».

Gisa horretako plastikoek segundo gutxi batzuk irauten dute kontsumitzailearen eskuetan, baina ehunka urte behar dituzte desagertzeko. Plastiko gehienak ez dira birziklatzen, eta, edukiontzietara bota arren, haietako asko itsasoan, mendian edo ibaietan geratzen dira azkenean. Greenpeacek datuen bidez salatu du egoera. Esan dutenez, gisa horretako hamabi milioi tona hondakin isurtzen dira urtero itsasora. Horrek eragin zuzena du han dauden izakietan, plastikoaren ondorioz urtero itsasoko milioi bat hegazti eta 100.000 ugaztun hiltzen baitira, haien kalkuluen arabera.

Horren adibideetako bat da berriki Murtzian (Espainia) hilik agertu den kaxalotearena. Hilabete honetan argitu dute plastikoa izan dela agian heriotza horren eragilea. Izan ere, 29 kilo plastiko zituen urdailean: sareak, poltsak, rafia zakuak eta bidoi bat, hain zuzen ere. Unescoren arabera, ozeanoetako milia koadro bakoitzean 45.000 objektu inguru pilatzen dira.

Plastikorik gabeko egoera ez da zientzia fikziozko kontua. Duela 70 urte, elikagaiak ez ziren plastikoetan biltzen. «Fruta eta barazkiak plastikoarekin ontziratzeko beharra dagoela sinetsarazi digute. Baina, berez, naturak horretan pentsatua zuen lehenago ere; elikagai horiek badute ontzia: berezko azala», esan du Garciak. Osasun neurriak eta elikagaiak babesteko neurriak aipatzen dira plastikoak erabiltzeko arrazoi gisa, baina Greenpeaceko kideari ez dio balio: «Orain dela 70 urte ez zen beharrezkoa, eta gaur egun ere ez».

Abiadura ezberdinean

Erabilera bakarreko plastikoen aurkako kanpaina supermerkatuei zuzendua dago oraingoz, ardura hartu dezatela eskatzeko. Haietako batzuek onartu dute aldaketak egin behar direla, baina ez berehala, edo ez, behinik behin, talde ekologistek eskatzen duten erritmoan. Alejandro Martinez Eroskiko osasun eta iraunkortasun zuzendariak eta Cristina Rodriguez ekodiseinu eta ingurumen kudeaketaren arduradunak azaldu dute supermerkatu katearen ikuspegia. Onartu dute badagoela joera bat produktu «naturalak» edo «iraunkorrak» kontsumitzearen aldekoa, batik bat «krisia bukatzen ari denez geroztik». Horrekin «sentiberak» direla onartu dute. «Orain, zer egin ikusi behar dugu», azaldu du Martinezek. «Greenpeaceren gisako elkarte baten rola eztenarena da, zirikatzearena. Beren nahia maximoen ikuspegitik azaltzen dute». Hala ere, gaineratu du begi onez ikusten duela kanpaina.

Argi dute produktuak pisura erostea sustatu beharra dagoela. «Dagoeneko eskaintzen dugu harategian, arrandegian eta frutetan. Elikagaien segurtasunerako edo mantentzeko edo irauteko beharrezkoak ez diren ontziak gutxitzeko, ekodiseinatu egin behar dugu, eta beste material batzuen alde egin: berrerabilgarriak direlako —papera, adibidez—, edo ekonomia zirkularra bermatzen dutelako —plastiko birziklatua—», azaldu du Rodriguezek.

Datu batzuk ere eman ditu: fruta eta barazki ekologikoen %75 baino gehiago pisura saltzen dituzte, eta arrain freskoaren %93 mostradorean saltzen dute, zuzenean. Harategi produktuetarako mostradoreak paratu dituzte berriz ere, garai batean kendu egin baitzituzten. «Produktuaren arabera ezberdina da datua, baina, produktu freskoen kasuan, asko saltzen da pisura».

Bada paradoxa bat. Produktu fresko gehienak ez dira saltzen gehiegizko plastikoan bildurik, baina ez da gauza bera gertatzen bio edo eko etiketak dituzten produktuekin. «Kontraesanetako bat da hori. Produktu ekologikoak ez du zertan izan jasangarria. Modu ekologikoan ekoitzia izan liteke, baina Argentinan. Batzuetan, jasangarriagoa da Zornotzako tomate bat, ekologikoa izan ez arren», azaldu du Martinezek.

Onartu dute batzuetan gehiegi erabiltzen dela plastikoa, baina askotan ez dute beste biderik ikusten. «Oreka aurkitu behar dugu. Ezin du eragin osasun neurrietan, ezta produktuaren irauteko denboran ere. Gutxiago irauten badu, gero bota egingo da, eta horrek ez du zentzurik», dio Martinezek. Amigos de la Tierra elkarte ekologista ez dator bat argudio horrekin. Berriki aurkeztu duten ikerketa baten arabera, plastikoaren erabilerak ez du eragozten elikagaiak alferrik galtzea. Plastikozko ontziak nabarmen gehiago erabiltzen badira ere, alferrik galtzen diren elikagaien kopuruak ere gora egin du, diotenez.

Txosten horren arabera, ontziratzeak batzuetan elikagaiak alferrik galtzea dakar, ontziaren tamainagatik, elikagaiaren puska batzuk bota egiten baitira salgai jarri aurretik. Bestalde, elikagaiak sortetan saltzearen kalteak ere aipatzen ditu: beharrezkoa den baino gehiago erostera bultzatzen du kontsumitzailea, eta, horren ondorioz, jakiak errazago galtzen dira alferrik. Elkarteko Alodia Perezen arabera, horrek agerian uzten du egungo sistema ekonomikoaren «erabateko porrota».

Rodriguezek beren asmoen berri eman du: «Gure helburua da ontziak %100 birziklagarriak izatea. Lehenago edo beranduago iritsi beharko dugu horretara, ekodiseinuaren bidez. Baina kontuan izan behar da jendea aldatu egin dela, eta kontsumitzaileek behar berriak dituztela, eta horri ere heldu behar diogu». Gainera, aipatu du industria orain ari dela material biodegradagarriak ikertzen. «Hori orain garatzen ari da. Batzuetan, ezin dugu irtenbidea biharko izan».

Bezeroen arduraz

Martinezek bezeroak aipatu ditu, adibide bat jarrita: arrandegietan tuperrak erabiltzeko aukera eskaini zuten denboraldi batez, baina, azkenerako, bertan behera utzi zuten, bezeroek ez zutelako erabiltzen. «Ekinbidea bezeroengatik desagertu zen. Hasieran, denak oso sentsibleak gara, baina, gero, tuperraz gogoratzea, garbitzea, nola erabili ikastea... Hobekuntzaren alde egon arren, praktikan aldatzea zaila zitzaien», azaldu du Martinezek. «Gizarteak aurrera egiteko onartzen duen erritmo berean joan behar dugu guk». Bide horretan, bezeroak «hezteko» beharra aipatu du.

Maricruz Lerga Klima Aldaketaren Aurkako Emakumeen Sareko kideak ez du onartzen ardura kontsumitzaileengan jartzerik. «Zergatik jarraitzen du gehiegizko ontziratzeak? Arduradun nagusiak enpresak dira, eta instituzioek ere badute zer eginik». Hala ere, onartu du «garrantzitsua» dela kontsumitzaileen hezkuntza «erabaki arduratsuak» hartu ditzaten, baina ez du uste ingurumenari lotutako arazo guzien ardura kontsumitzaileengan utzi behar denik: «Gainera, kontsumitzaileok egin dezakegun hautua, askotan, mugatua da, eskaintzen zaigun guzia ontziraturik baitago».

Haren aburuz, erabat normalizatu da plastikoaren erabilera. «Egun batean zakarrontzia begiratu, eta harritzen zara zenbat plastiko hondakin sortu duzun, baina gero egunerokoan murgiltzen zara, eta berriz normaltzat hartzen duzu». Dioenez, ikerketa soziologikoak egin daitezke kontsumitzaileen ohiturak aldatzeko moldea zein den asmatzeko.

Bide beretik mintzatu da Garcia: «Ardura kontsumitzailearena baizik ez dela dioen diskurtsoa aldatu beharra dago. Supermerkatuek, enpresek edo ekoizleek ardura handia dute, eta ez dute bere egiten: bezeroaren gain uzten dute». Horri dagokionez, haiek argi dute: «Guk arazoaren muinera jo nahi dugu: produktu hauen ekoizpen masiboa eta kontsumoa. Supermerkatuek ez balute eskainiko, ez lirateke existituko».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna