Haizeak ez du eraman

Liburu batean jaso dute Tolosako Boinas Eloseguiren 160 urteko historia. Munduko hizkuntza askotan, txapelak «euskal» laguntzailea du, atzetik edo aurretik, nahiz eta jatorriz Euskal Herrikoa ez izan. Adituek diote sakon aztertu beharko litzatekeela nola egin den identifikazio hori.
<b>Boinas Elosegui. </b>Paco Lizarraldek eta Joseba Urretabizkaiak liburu bat idatzi dute Boinas Elosegiren historiaz.
Boinas Elosegui. Paco Lizarraldek eta Joseba Urretabizkaiak liburu bat idatzi dute Boinas Elosegiren historiaz. JUAN CARLOS RUIZ / @FOKU

Urtzi Urkizu -

2018ko maiatzak 8
Txapela edo boneta Europako herrialde askotan erabili izan da, bakoitzean bere ezaugarriekin. «Ez da euskalduna», dio ziurtasunez Paco Lizarralde idazleak —liburu batean jaso berri du Boinas Elosegui enpresaren (Tolosa, Gipuzkoa) 160 urteko historia, Joseba Urretabizkaiarekin batera—. Tolosan bertan, Nik ere maite dut txapela erakusketa dago Aranburu jauregian, ekainaren 2ra arte. Bertan, Lizarralde bisita gidatuak ari da egiten. Hurrengoak hilaren 17an eta 31n izango ditu.

Rene Cuzacq idazlearen arabera, Biarnoko (Okzitania) herritarrak izan ziren boneta erabiltzen aurrenekoak, XIII. mendearen amaieran. Lizarraldek berak dio jatorria herrialde askotan egon daitekeela. Baina gauza bat argia da: munduko herrialde askotako hizkuntzetan, txapelak «euskal» adjektiboa darama.

Batek baino gehiagok esan izan du euskaldunak ez direla abilak marketinean, baina txapelaren zabalkundeak hankaz gora jartzen du hori. Miren Arzalluz Parisko Palais Galliera modaren museoko zuzendariaren ustez, txapelak «sekulako potentzia du kultur elementu gisa». Argi ez duena da nork esportatu duen txapelaren izena: «Ondo aztertu beharko litzateke nola egin den euskal txapelaren identifikazioa. Frantziarren bitartez egin al dugu nazioartekotasuna? Ala XIX. mendean Euskal Herrira etorri ziren kanpoko idazleek zabaldu zuten? Ziur aski, ez gara gu izan».

Lizarralderen aburuz, txapela XIX. mendean hasi zen Euskal Herrian erruz erabiltzen, lehen karlistadaren ostean: «Jendeak Tomas Zumalakarregiren irudia txapelarekin ikusi zuenean hasi zen indarrez onartzen txapela». Arzalluzek ere nabarmendu du erreferentzia garrantzitsuak daudela karlistadetan. «Karlistek intentzio guztiarekin hartu zuten txapel gorria sinbolo gisa».

Arzalluzek azaldu du abertzaletasunak ere txapela sinbolotzat hartu zuela dozenaka urte batzuk geroago: «Hor daude Sabino Arana, Jose Antonio Agirre lehendakaria eta beste hainbat. Askok abertzaletasuna erakusteko erabili zuten txapela».

Hainbat eremutan erabili izan da txapela Euskal Herrian. Arzalluzek 1880ko argazki batzuk aurkitu zituen, Getariakoak (Gipuzkoa), eta emakume batzuk txapelarekin agertzen ziren haietan. «Esango nuke emakumeak kirolak praktikatzen hasi zirenean hasi zirela txapelak erabiltzen, aristokraziaren eta elite baten inguruan». Lizarralderen iritziz, Amerikan Ipar Euskal Herriko kirolariek jarri zuten txapela modan. «Jean Borotra tenislariak zur eta lur utzi zuen AEBetako jendea XX. mende hasieran».

Idazleak azaldu duenez, txapelaren «praktikotasunak» eragina izan du zabalkundean. «Gure klimarako hobea da txapela, eta horregatik jaitsi zen kapelaren erabilera».

Gaur egungo erabiltzaileak

Zumalakarregiren figura gaur arte iritsi da, eta jeneral karlistaren rola jokatu du hainbat urtez Emilio Ona Elejalde gasteiztarrak Dulantziko (Araba) herri antzerkian. Kirolari ohia da, eta 45 urte daramatza txapela janzten. «Blusen kuadrillarekin beti gustatu izan zait txapela janztea, baina ez bakarrik jaietan. Ekitaldi batzuetan kozinatzen aritzen naiz, eta horietan ere txapela eramaten dut beti». Aitortu du betidanik gustatu izan zaiola txapela. «Asko janzten du. Txapel bat jartzen duzu, eta kuriosoa da: ikusten zaituenak jantzi egin nahiko lukeela ematen du». Gasteizen bertan, Txabai elkartea sortu zuten 2009an, txapelaren erabilera sustatzeko. Elkarteko presidente ohi Jose Manuel Monterok azaldu du elkartea «stand by» egoeran dagoela. Erabiltzailea da bera, «betidanik», eta iruditzen zaio gaur egun batik bat adineko jendeak janzten duela: «Gasteizen eta beste toki batzuetan, adinekoen jantzi gisa gelditzen ari da. Elkartearekin saiatu ginen gazteak animatzen, baina kontua geldi dago».

Baionan ere erabiltzaileak gehienbat adinekoak direla uste du Juhane Dasconek —Idauze-Mendikoa (Zuberoa) da, eta Lapurdiko hiriburuan bizi da—. «2003an pastorala egin nuenean hasi nintzen boneta erabiltzen, 23 urte nituela. Orduan hasi nintzen kalean ere erabiltzen». Tarteka erabiltzen du orain, alde batera beti, eskuin aldera. «Boneta ez dut sinbolotzat hartzen. Aita laboraria beti ikusi nuen erabiltzen, eta segida baten moduan hartzen dut». 37 urte ditu, eta nahiko luke erabiltzen jarraitu. «Eraikuntza enpresa batean ari naiz lanean, nazioartean, eta han ez dut erabiltzen».

Etorkizunaz adostasunik ez

Gorka Laranga fabrika bateko langilea da, Donostiako Añorga auzoan jaioa, eta 41 urte ditu. Sei urte daramatza txapela erabiltzen. «Neguan erabiltzen dut, batik bat. Lagun ikusezineko opari gisa iritsi zitzaidan Eguberri batzuetan». Hotzarentzat «oso gozoa» iruditzen zaio, baina ez hori bakarrik: «Itxuroso ikusten dut nire burua txapelarekin; jantzi egiten zaitu». Bi senide beti ikusi zituen txapelarekin: bata Baztangoa (Nafarroa) eta bestea Palentziakoa (Espainia). Haiekin identifikazio «emozionala» zuen. Txapelaren etorkizunarekin uzkur da, ordea: «Ziur aski galdu egingo da».

Oterok dio pena emango liokeela desagertzea: «Erabilera asko ari da txikiagotzen. Txapelketetan, irabazleari txapela ematen zaio, bai, baina ez da lehengo kontu bera». Dasconek uste du «agian» galduko dela, baina badirela jarraipenerako aukerak ere: «Posibilitate bat litzateke marka batek boneta erabiltzea, eta jendeak moda jarraitzea»:

Arzalluz askoz baikorragoa da Laranga, Otero eta Dacon erabiltzaileak baino: «Ez da sekula desagertuko. Modaren alorrean beti izango du etorkizuna. Hori bai, sinbolo politiko gisa ez du hainbesteko indarrik». Azaldu du txapela toki askotan ikusten dela Parisen, esate baterako: «Turista askok oroigarri gisa erosten duten osagai tipikoa da Parisen. Galerietan ere badaude».

Urretabizkaia ere baikor mintzo da: «Emakume batzuk hasi dira koloretako txapelak janzten. Tolosan ikusten dira batzuk. Gero eta gazte gehiago ikusten ditut txapelarekin, eta ondo jantzita. Uste dut etorkizun polita duela». Nabarmendu du, gainera, Isabel Zapardiez diseinatzaileak eta beste batzuk ari direla desfileetara txapela eramaten. «Donostiakoa da Zapardiez, eta New Yorken txapel handi batzuekin egin zuten haren diseinuen desfile bat. Horrek modernizatu egiten du txapela». Uste du eragina izango lukeela pertsona ospetsuak txapelarekin agertzeak. Adituek diote iraganean hala izan dela.

Arzalluzek oroitarazi du XX. mendean aktore ezagunek garrantzi handia izan zutela txapela zabaltzeko orduan: «Marlene Dietrichtek eta Greta Garbok asko jokatzen zuten historikoki gizonezkoak ziren osagaiak baliatzen eta bereganatzen. Horrek ere irakurketa interesgarria du». Lizarraldek, halaber, nabarmendu du intelektual askok erabili zutela txapela. Txapela ikuspegi askotatik aztertzeko moduko gaia iruditzen zaio Arzalluzi: «Doktore tesi bat mereziko luke».

Euskal Herritik txapelaren idiosinkrasia esportatu da. Baina txapelak ere saldu dira mundu osoan; fabrikatzaile nagusia Tolosan dago. 1858an, Antonio Elosegik (1834-1905) galtzerdiak egiteko fabrika bat sortu zuen herri horretan. «Baina galtzerdiak gaizki ateratzen zitzaizkien, txapel baten modukoak. Orduan, Elosegik txapelak egitea erabaki zuen». Garai hartan, emakume langile bakoitzak egunean txapel bat egiten zuen. «Europatik makinak automatizatzeko sistema ekarri zuen Elosegik, eta egunean 3.000 txapel egiten zituzten handik hamarkada batzuetara». Gaur egun, enpresak 160.000 txapel egiten ditu —erdiak militarrentzat eta beste erdiak zibilentzat—. Munduko herrialde askotan saltzen dute. «Che Guevarak ere bertan fabrikatutako txapela jantzi zuen. Frogatuta dago». Lizarralderen iritziz, txapelak badu etorkizuna, «baldin eta berrikuntza txiki batzuk gaineratzen bazaizkio».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna