Langabezia gutxi jaitsi da martxoan, nahiz eta 6.000 kotizatzaile lortu

Aste Santuko oporraldien efektuak ez du bizkortu langabeziaren jaitsiera apala. Hamar langabetik seik ez dute inolako saririk jasotzen

Jon Fernandez.
2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Langabeziaren jaitsiera oso apala izan da martxoan Hego Euskal Herrian: otsailean baino 249 langabe gutxiago besterik ez du zenbatu SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak. Martxo amaieran Aste Santuko oporraldia hasi arren, eta, jaiok zerbitzuen aldi bateko kontratazioa handitu arren, langabe kopuruaren jaitsiera txikia izan da Hegoaldean; are gehiago, Bizkaian 274 pertsona gehiago batu dira langabeen zerrendetara. Ostera, joera hobea erakutsi du enpleguak, Gizarte Segurantzak 6.053 kotizatzaile irabazi baititu —31.322 gehiago iazko martxotik—. Horrela, afiliazioari dagokionez, martxorik onena izan da 2007tik, krisia hasi zenetik.

Egoeraren analisi baikorra egin dute bai Eusko Jaurlaritzak bai Nafarroako Gobernuak. Beatriz Artolazabal Jaurlaritzako Enplegu sailburuak azpimarratu du langabezia%7,9 jaitsi dela iazko martxotik aurtengora, eta duela bost urte baino 52.177 langabe gutxiago daudela Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

«Atzean geratu da 2013ko martxo hura. Orduan erregistratu zen Euskadiko familiei, enpresei eta industria ehunari hainbeste kalte ekarri dien krisiaren langabezia kopururik handiena, 179.341 pertsonarekin», gogora ekarri du Artolazabalek. Izan ere, orduan, martxorik okerrenean, Hego Euskal Herria 235.827 langabera ailegatu zen, %17,74ko langabezia tasarekin; aldiz orain, bost urte geroago, 163.074 langabe daude, eta %12,22 da langabezia tasa.

Iruñeko gobernuaren aburuz ere «bide onetik» doa langabeziaren bilakaera. Patxi Tuñon Errealitate Sozialaren Behatokiko zuzendari nagusiak azpimarratu du langabezia, urte arteko tasan, %11 jaitsi dela martxoan: «Daturik onena da 2006tik, bai zenbaki absolutuetan, baita zenbaki erlatiboetan ere». Gainera, enpleguari dagokionez, kontratazioaren bilakaera ona ere nabarmendu du Tuñonek, eta aipatu du kontratu mugagabeak %8 ugaritu direla joan den hilabetean. Edonola ere, martxoan sinatutako hamar kontratu berrietatik bederatzi aldi baterakoak izan ziren, eta bakarra mugagabea.

Emakume gehiago langabe

LAB sindikatuak Aste Santuko oporrei lotutako aldi baterako kontratazioarekin lotu du kotizatzaile kopuruaren igoera, baina zehaztapen bat eginez: «Langabeziaren urtaroko jaitsiera lagundu du, baina prekaritatea handitzearen lepotik».

Horren erakusgarri, Euskadiko CCOOk salatu duenez, lanean egon arren lan hobe baten bila dabiltzanen kopurua iazko martxoan baino 9.265 gehiago izatea.

Prekaritatea ere gero eta hedatuago dago langabeen artean. ELAk gogora ekarri du hamar langabetik seik ez dutela inolako diru laguntzarik jasotzen. Hau da, 113.610 herritar langabezia zerrendetan izena emanda daude, baina ez dute langabezia saririk kobratzen, eta beste 25.964 langabek 430 euro inguruko subsidioa daukate. LABek gogora ekarri du, halaber, PPren erreformaren ondorioz, sei urtean %7,5 txikitu dela langabezia sariaren batez besteko kopurua.

Martxoko datuen arabera, langabeziak neurri handiagoan eragiten die emakumeei —langabeen %56,9 dira—, nahiz eta landunen artean gutxiago izan (%46,9).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.