Asmo onak, gatazka komertzialaren ordez

AEBek bertan behera utzi dituzte Txinari ezarri nahi zizkioten muga zerga berriak. Pekinek merkataritza defizita jaitsiko duela agindu du, baina helburu zehatzik onartu gabe

Steve Mnuchin AEBetako Altxorreko idazkaria, Etxe Zurian. SHAWN THEW / EFE.
Ivan Santamaria.
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Amen batean igaro da. Trumpen aroko lehen gerra komertziala hasi baino lehen amaitu da.AEBek eta Txinak «akordio esparrua» iragarri dute joan den asteburuan. Laburbilduz, Pekinek egungo defizit komertziala jaisteko konpromisoa hartu du, AEBetatik produktu gehiago erosita. Trukean, onartzeko bidean zeuden milaka milioiko muga zerga berriak bertan behera utziko ditu Washingtonek.

Aurkeztu den bezala irakurrita, Trumpen garaipentzat jo daiteke, edo, teniseko terminologia erabilita, partidan abantaila lortu du presidenteak. Hasieratik eraman nahi zuen eremura jo du eztabaidak, defizit komertzialera. Gainera, aldebiko negoziazio eskemak funtziona dezakeela iradokitzen du. Hori, noski, itunean aurreikusitakoa gauzatzen bada.

Adostutakoak ez du, oraingoz, helburu zehatzik. Txinari urtean saldutakoaren eta erositakoaren artean 320.000 milioi euroren aldea dago. 2020. urterako zulo hori 170.000 milioi murriztea zen Washingtonen eskaera. Halakorik ez du onartu Pekinek.

Steve Mnuchin AEBetako Altxorreko idazkariak argudiatu du defizita industria jakin batzuetan jaisteko helburu «zehatzak» hitzartu dituztela, baina ez dutela haien berri emango. Horien edukia, edonola ere, Txinara aurki egingo duten beste bidaia batean zehaztu beharko litzateke. Mnuchinek agindu du «nabarmen» handituko direla nekazaritza eta energia produktuen erosketak.

Hain zuzen ere, nekazaritza produktuen erosketa %35-40 igotzea onartu du Pekinek, «aurten bertan». Energia produktuen salmentak 40.000 eta 50.000 milioi bitartera handitzea espero dute, datozen hiru-bost urteetan.

Balantza komertzialaren desorekak jatorri zehatza du. Funtsean, AEBetan ekoitzitakoa ez dahain erakargarria txinatarrentzat; Txinakoa, aldiz, bai estatubatuarrentzat. AEBen salmentak Asiako herrialdean 110.000 milioikoak baino ez dira, eta kontrara 430.000 milioitik gorakoak dira. Dolar indartsu batek joera hori areagotuko du. Ikusteko dago hitzartutakoak noraino alda dezakeen balantza hori.

Muga zergak mehatxu

Txinako produkzioari 130.000 milioiko muga zergak jartzeko legedia ez da indarrean jartzeraino iritsi Trumpen administrazioa. Prozedura gelditu da, Mnuchinen arabera, baina ohartarazi du adostutakoaren garapenarekin ados ez badaude berriro ere abiatzeko aukera legokeela. Txinak iragarritako kontrako muga zergak ere bertan behera geratu dira.

Besteak beste, Pekinek jopuntuan zituen nekazaritza eta abeltzaintza produkzioa. Horrek kezka piztu izan du Trumpen garaipenerako ezinbestekoak izan ziren estatu batzuetan. Trumpek ziurtatu du gerra komertziala gelditzeak laborarien mesederako izango dela. «Txinak onartu du nekazaritza produktuen erosketa masiboa egingo duela; geure nekazariei urteotan gertatu zaien gauzarik onenetarikoa», txiokatu du presidenteak.

Altxorreko idazkariak adierazi du ez zaiola Txinari inolako kalte-ordainik eman. Bi administrazioen artean beste fronte batzuk zabalik daude. ZTE telefono konpainiari zazpi urteko debekua jarri zion Washingtonek, Irani eta Ipar Koreari jarritako bahimenduak urratu zituelakoan. Zigor horrek arriskuan jarri du konpainia bera, eta milaka lanpostu ere bai. Asteburuan bi auziak banatu dituzte AEBetako ordezkariek, baina bilerak egin aurretik ZTEren auzia «bideratzea» eskatu zuen Trumpek, konpainiari kaltea egingo zitzaiola argudiatuta. Presidenteak halako gai batean zuzen esku hartzeak kritikak piztu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.