Ezer aldatzen ez bada, alda gaitezen geu

Jon Gurutz Olaskoaga, Pedro Ibarra, Jose Manuel Castells -

2015eko abuztuak 8
Jakina da lasaitasunerako sasoia dela uda; hala ere, gizarte aurreratu demokratiko batek jo behar lukeen bideaz bestelakotik jo ohi dute sarritan pil-pilean dauden gaiek, eta konpondu gabeko arazo betikoei beste batzuk gehitu ohi zaizkie. Lagin gisa, adibide batzuk.

Zorrotz izateko, has gaitezen lehenengoetan lehenengoarekin: estatuburuarekin. Artur Mas hartu du, baina, sinpatiko irizten ez dionez, modu ezinago hotzean. Gaur egun, ez dakigu oso ongi zein zentzu duen monarkia batek; baina, behintzat, herri altxorraren kontura belaunaldiz belaunaldi hainbeste urdai eta xanpain zurrupatu ostean, uste izatekoa da hezibide onekoak behar dutela. Bada, ez; gaur egungo Felipe VI.ak, beltzuri egiten du zerbait gustuko ez badu, ezatsegin plantak egiten ditu norbaiti harrera egitean, borboitarrek beren tradizio adeitasunezkoan egin izan ohi dutenaz zeharo bestera, esaterako, autonomia erkidegoetako zenbait presidente soka berekoagoak hartzean. Era berean, hobe luke ez egin topiko unitaristaz jositako hitzaldirik, hala nola Deustuko Unibertsitateko paraninfoan enpresari leial batzuen aurrean egin zuenaren modukorik. Hobe luke Erresuma Batutik ikasi, buru duten erreginarekin berarekin hasita, zeinak begirune ezinago finez hartu baitu Eskoziaren erabakia; horretarako, baina, urte askotako demokrazia bat izan behar da atzean, eta ez zuzenean frankismotik eratorritako iragan gaitzesgarri bat.

Gozo dabiltza, halaber, Madrilgo eskuindar amorratu batzuk ere Manuela Carmenaren ekinbidea dela-eta, komunikazio bide bat zabaldu baitu, Madrilgo Udalak hantxe zuzendu ditzan errealitatearekin bat ez datozen berriak edota hantxe eman dezan haien inguruko bere bertsioa. Nolanahi ere, komunikazio bide hori neurri bikaina da, eta bide horretatik jo beharko lukete Iruñeko Alkatetzak eta Nafarroako Gobernuak, ikaragarria izango baita Nafarroako eskuin muturrekoen erasoaldia —1936ko estatu kolpean lagundu zien komunikabidea buru dutela—; batik bat, kontuan izanik Nafarroa ez dela iritsi oraindik trantsiziora ere.

Horregatik, badu bere grazia Pedro Sanchezek lur hauetara egindako bisitaldian Uxue Barkosen gobernu osaera itsusten saiatu izanak, ibilbide orbangabea duen eta Bilduk proposatua den kontseilari andre bati sartzen uzteagatik, eta, batik bat, PSN aintzat ez hartzeagatik, «aldaketa eta aurrerabide indar bat». Zazpi azaleko kopeta eduki behar da, PSOEk aldaketa hori eragotzi egin baitu azken bi foru hauteskundeetan UPNri babesa emanda, zeina aldaketarako eta aurrerabiderako indar bat baita, nonbait, Sanchez jaunarentzat. PSN-PSOE ez dago, ez, oraintxe UPNren ondoan duelako bere tokia, zoritxarrez; beste horrenbeste egin zuen PSE-PSOEk, eta atsegin handiz onartu zuen PPren laguntza Eusko Jaurlaritza osatzeko Lopez presidente zutela, eta EAJren gehiengoari aurre eginda. Orduko hura demokraziako larrialdi bat izan zen, postnazionalismorako trantsizio bat, gero gauzatu gabea, gero zer gertatu den ikusita.

Eta Nafarroako Gobernuari dagokionez, halaber, Espainiako Poliziako buru gorenak ere protesta egin du, biziki, Barne kontseilari andrea Bilduk proposatua izatearen inguruan. Bada, goretsi egiten dugu Uxue Barkosen erabakia, pertsona sendo baten laguntza beharko baitu Foruzaingoaren eta, batik bat, Iruñeko Udaltzaingo hain laidoztatu horren buru izateko. Zorte on opa diogu.

Alda dezagun jokalekua, eta errepara diezaiogun Auzitegi Nazionalari, inon den auzitegirik salbuespenezkoenari, zeinean ez baita prozesu berme izpirik; horrek eskuzabal jokarazten die kartzela zigorrak banatzeko orduan. Hala nola Idoia Martinezen kasuan, zeina absolbitu egin baitu Auzitegi Gorenak, indarrik gabe utzita Auzitegi Nazionalak aurrez emandako sententzia: 28 urte eta 3 hilabete, alajaina. Eta zer esango dugu Grande-Marlascaz, bere bizitza pribatuari buruz txutxu-mutxuka dabilelarik, eragotzi egin baitu Bruselari kontsulta egitea zigorrak metatzeaz, eta bidegabe atxikiak baitituzte kalean egon beharko luketen hainbat preso, ongi baino hobeto jakinik ere egurra emango dietela berriro Europak. Eta zer esango dugu auzitegi horren beraren beste erabaki batez, zeinak ezezkoa baitakarkio GALek, BVEk, Guardia Zibilak (Galindo) eta Estatuko hainbat indar parapolizialek eraildako 14 biktimarentzako kalte-ordainen eskariari; besteak beste, Muguruza diputatuari eta Joxean Zabalari zegozkien eskaerari. Eta hori guztia, prozesuak luze jo dezan, harik eta Auzitegi Goren eta Auzitegi Konstituzional orobat batere ez fidatzekoetatik pasatu eta Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegiraino iristen den arte. Jakina da erantzuna, baina hainbat urte atzeratzea lortuko dute. Nork du prebarikazioa buruan? Auzitegi Nazionala desegiten ez badute eta epaitegi arrunt batzuek haren sententziak berrikusten ez badituzte, ezin izango da hitz egin zuzenbide estatuaz.

Egokiera hobe baterako utziko dugu hainbat sektore gure historia hurbila berridazten ahalegindu izana; haien iritziz, euskal gizarteak adeitsuki, elkartasunez, gaixoturik eta anestesiaturik ere jokatu izan du ETAren krimenen inguruan. Ezertxo ere ez dute esaten frankismoari aurre egiteko erresistentzia eredugarriaz, demokraziaren eta gizarte eskubideen aldeko borrokaz, gure hizkuntzari eta kulturari eusteko temaz, ez eta zapalkuntzaz, torturez, erailketez eta 40 urteko erbestealdiez eta kartzelaldiez ere. Jartzen ari diren tranpa handi horren arabera, 1978an hasi zen Historia, eta beren iragana modu kritikoan berraztertzea galdegiten diete batzuei, baina argi eta garbi txalotzen dituzte —eta, batzuetan, gehiago galdegiten— edonolako bidegabekeria judizialak, hala nola arestian aipatutako horiek eta Garzon ilun horren «dena da ETA» formularen babesean egindakoak.

Azkenerako utziko dugu subiranistek —lehen, nazionalistak deituak (euskal nazionalistak, noski)— omen dituzten identitate obsesioak. Horiek gorabehera, bandera konstituzionalez lepo gaude; orain, are, Pedro Sanchezen mitin bateko atze oihal eskerga gisa. Antza, Rodolfo Aresen bidetik dabil; Aresek, izan ere, lehen-lehenik, bandera espainolez josi zituen Eusko Jaurlaritzaren eraikin eta bulegorik apalenak ere — irrigarri gertatzeraino—, eta hantxe diraute oraindik. Gobernuaren ordezkari horrek ero moduan bete du beti bere egitekoa, xehetasunik txikienari behatuz: zein neurritako bandera espainolak diren, non falta diren, non dauden, kolorgetuta dauden, eta abar; haren pentsaera ezinago espainolaren arabera, ezin onartuzko mutur sartzea baita Nafarroa Euskal Herriaren partetzat jotzea, ez erakunde politiko gisa, baizik eta kultur erakunde gisa ere. Identitate kontuetan, ez dira motz geratu PSN-PSOEkoak ere, Maria Txibite buru dutela, zeinak iragarri baitu «belarriak erne eta begiak argi» ibiliko direla Uxue Barkosen gobernuaren identitate gaietan —hala nola Foru Komunitatean euskara normalizatzea eta ikurrina libreki erabiltzea—. Gai horrek biziki kezkatzen ditu, halaber, zenbait komunikabide eta solaskide, zeintzuek normaltzat baitzeukaten Nafarroaren euskal identitate ezaugarriei jazartzea UPN, PSN-PSOEkoen laguntzarekin. Azkenik, Espainiako Gobernua sortzen ari den sainetea, Bartzelonan eta Kataluniako beste hainbat tokitan kendu egin dituztelako errege emerituaren eta gaur egungoaren argazkiak. Hori bitxikeria hutsal bat baino ez litzateke izango, baina kontua da kuartel doinuko mehatxuak egin zaizkiola Kataluniari, prozesu independentista eredugarriarekin segitzen badu.

Betiko berbera da galdera: zer aurreratzen dugu euskaldunok estatu horretakoak izanda? Hobe ez ote genuke behingoz katea hautsi eta, Hegoaldera begiratu ordez, Iparraldera begiratu, hortixe jotzen baitu haize freskoak…

( Erredakzioan itzulia )

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna