Katalunia, I-27, bozak baino gehiago

2015eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Kataluniak irailak 27 dituenean historiako hauteskunde garrantzitsuenak izango ditu.Espainiar legalitatea betetze aldera, ohiko hauteskunde autonomikoak balira bezala konbokatuak izango diren arren, eta Espainiako bozeramaile desberdinek aurkakoa badiote ere, ez dira hauteskunde autonomikoak izango. Kataluniako biztanleek erabaki historiko bat hartuko dute: independentzia helmuga duen bidea hasi edo ez hasi. Junts pel Sí edo CUPen zerrendei boza ematea baietzari boza ematea da. Bestalde, Catalunya Sí es Pot, PSC, PP, Duranen UDC eta Ciutadans-i bozkatzea ezezkoaren aldeko boza da. Egia horren jakitun gara han bizi garenok.

Junts pel Sí baiezkoaren alde dauden alderdi politiko eta eragile sozial nagusiek bultzatzen duten zerrenda da. CUP salbu. Raul Romeva buru duen zerrenda hori CDC, ERC, Assemblea Nacional eta Omnium biltzen dituen zerrenda komuna da, beraz. Oso zaila izan da, ordea, zerrenda komun hori lortzea. Iazko azaroak 9 zitueneko erreferendumaren ostean ustez baietzaren alde zeuden alderdi politiko eta eragile sozialen nahia zen komuneko zerrenda lortzea. Guztiek erakutsi duten alderdikeriak, aldiz, praktikan akordio politikoa lortzea ezinezkoa zela erakutsi zuen. CUPek beti CDCrekin (lehen CiU) bat egitea ezinezkoa jotzen zuen, eta ERCk baiezkoaren blokearen lidergoa eman ziezaiokeen gehiengoa lortu nahi zuen zerrenda banatuak defendatuz. Joko politiko zail horretan, ANCk eta Omniumek rol zaila zuten, inori kalte egingo ez zion oreka zainduz beti. Ezinezkoa jotzen zen jada zerrenda komuna, eta zerrenda guztiek konpartituko zuten independentziaren aldeko puntu komuna adostu zen. Egoera horretan ANC eta Omniumek ez zuten zerrenda zehatz baten aldeko apustua eginen. Egoera hori errotik aldatu zuten bi gertakari azpimarratu behar dira: udal hauteskundeak eta Artur Masen planteamendua.

Udal hauteskundeetako emaitzek, zehazki Bartzelonan gertaturikoek, izua zabaldu zuten CDC eta ERCren egoitza nazionaletan. Ada Colauk Bartzelonan nagusitzeko erabilitako formula Katalunia mailan errepikatua izango zela agerian zegoen, eta, gainera, inkestek emaitza ezin hobeak ematen zizkioten formula horri. Masen eta Junquerasen mahaietan zeuden inkestek eta ikerketek erakusten zituzten datuen arabera, Catalunya Sí es Pot garaitzeko aukera bakarra formula batean zetzan: ezker-eskuin banaketa gaindituko zuen eragile sozialen zerrenda bakarra. Ulergarria da, beraz, Artur Mas presidenteak eginiko planteamendua: zerrenda eragileen esku utzi. Baiezkoaren alde zeudenen arteko adostasuna lortze aldera gizarte zibilaren zati baten presioa handia zen. Izatez, ANCk eta Omniumek barne kontsultak egin zituzten Masen planteamendua onartu edo ez erabakitzeko. Biek barne gehiengo argiz planteamendua onartu izanak oso margen politiko gutxirekin uzten zuen ERC. Hortik, bere planteamendua: politikaririk gabeko zerrenda soziala. Masek ordea irabazia zuen partida. CDCk eragileek proposaturiko gizarte zibileko ordezkarien zerrendari baiezkoa eman zion, baina CDCko kideen presentziarekin. ERCk, nahi ala nahi ez, proposamena onartu egin zuen, finean Masen esku baitzegoen hauteskundeak deitu ala ez erabakitzea. Bestela esanda, ERCk dikotomia zail batean ikusi zuen bere burua: hauteskunderik ez edo gizarte zibileko ordezkarien zerrenda CDCren eta ERCren presentziarekin.

CUPek merezi du hemen aparteko analisia. Prozesua hasi zenetik estatu bisio handiena izan duena bera da. Zalantzarik gabe. Independentzia eta eraldaketa soziala elkarrekin doazen planteamendua irmoki sinesten du, eta, ondorioz, beti, bide propioari ekin dio. Ez da sekula oztopo izan bide luze honetan, horrelakoetan beti lagungarri gertatzen baitira planteamendu garbiak eta tinkoak. Eta gainera, gauzak gauza, bakarrik aurkezteak mesede egingo dio baiezkoaren blokeari: eraldaketa sozialaren aldeko boz asko, Catalunya Sí es Pot-en aldeko ustezko bozak, CDCri sekula bozkatuko ez lioketen hiritarrenak, CUPek hartuko ditu.

Catalunya Sí es Pot-ek Podemos eta Iniciativa biltzen ditu. Bartzelonan Ada Colauk izandako arrakastak animaturik, ezker profileko alternatiba horrek hauteskundeak gako sozialean aurkezten ditu. Haien ustez, ez dugu independentzia bai edo ez erabakiko, Masen politika eskuindarren jarraipena dago ordea jokoan. Arazo nazionalaren soluziobidea balizko Espainiako Gobernu ezkertiar berri batek martxan jarriko duen balizko konstituzio erreforma batean kokatzen dute, non Kataluniak estatus politiko berria lortuko duen.

Bertan bizi garenon esku dago orain erabakia. 68 da gehiengo absolutua eta egun CiUk, ERCk eta CUPek 74 eserleku biltzen dituzte. Baina ezin gara datu horietaz baliatu. Kide naizen Fundació CatDemen azarorako erreferendumaren emaitzez egindako ikerketen arabera, parte-hartzea %80ren ingurukoa bada, bai-bai bozkatu zutenekin ez da nahikoa. Beste 300.000 boz behar dira gehiengo absolutua lortzeko. Erronka oso zaila da, beraz. Baina zailtasun horren jakitun ziren bidea hasi zutenak. Orain ez dago atzerabiderik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.