«Turismofobia» edo ondoez soziala despolitizatzea

Andrea Ruiz Balzola - Antropologiako doktorea

2017ko abuztuak 25
Ustezko «turismofobia agerraldi» batzuk gertatu direnez eta halakoetan elkarrekin lotu ohi direnez indarkeria eta masifikazio turistikoak berekin dakarren egonezina, korapilatsua dirudi turismoaren inguruko eztabaida lasai eta kritiko bat planteatzeak. Abuztuak udako abesti bat eskatzen du, eta monotema bat. Eta badugu bat. Zoritxarrez, udako abestia bezala, ahaztua izango da urte berria hasi orduko. Beldur naiz, baina, ondoezak ez ote duen bere hartan iraungo, gure geografia honetako hainbat auzotako eta hiritako auzokide batzuk sentitzen hasiak garen ondoez horrek. Turismofobiaz akusatuko al gaituzte baldin eta kexatzen bagara terrazek neurriz gain okupatzen dituztelako toki publikoak? Edo kexatzen bagara etxebizitzen alokairuak eta merkataritzarako lokalenak igo direlako? Saltoki tradizionalak desagertu direlako eta ehun soziala eraldatu delako?

Itzelezko terminoa turismofobia, gero eta handiagoa den haserrea eta ondoeza despolitizatzeko, baina horiek ez dira banakako arazo baten sintoma, fobia terminoak —dirudienez— aditzera eman nahi duen moduan. Horacio Espinosak egoki nabarmendu duenez, turismofobia kontzeptua bide bat da masifikazio turistikoaren gutxiespenak sorburu duen testuinguru sozioekonomikoa ezkutatzeko, eta erantzukizuna banako fobiko batengan jartzeko. Ez da kontu berria: gero eta kontzeptu eta azalpen gehiago agertzen ari dira oinarri ustez zientifikotik banakako azalpenak ematen dizkietenak sozialak diren arazoei.

Manuel Delgado antropologoak aspaldi bereizi zituen, batetik, turistari edo giriari egoztea hiriko gaitz guztiak —turismofobia—, eta, bestetik, zalantzan jartzea turismo eredu jakin bat, zeinaren biktima baita azkenean giria bera ere —denok hezurmamitzen dugu irudi hori noizbait, Benidormera joan edo Lacandonako oihanera joan—. Hain zuzen, Manuel Rivasek artikulu batean adierazi berri duenez, inork ez du turista izan nahi; bidaiariak izan nahi dugu, eta ez giri batzuk turismoko gune global batean, non toki guztiak baitira elkarren antzekoak, interes ekonomiko bertsuen arabera pentsatuak izaki. Langintza zaila.

Delgadok nabarmendu duenez, arazoa ez da turistak egotea, baizik eta bakarrik turistak egotea. Eta, hor, ondoezak eta protestak ez dute turista jomuga —gauza absurdoa—, baizik eta hiria negozio gisa kudeatzeko eredu jakin bat, non turismoa baita eragile nagusi edo bakarra. Higiezinen espekulazioa, merkataritza ehuna aldatzea, elkarlaneko ekonomia digitalaren bidezko ostatatze eredu berrien eragina, etxebizitzen kopurua jaistea, toki publikoak masifikatzea, auzoen eta gizartearen ehuna desagertzea. Prozesu horiek guztiak daude lotuak turismo eredu jakin bati, eta eredu horixe ageri da hainbat hiritan, bakoitzean bere moldean eta neurrian: Venezian, Londresen, Bartzelonan, Palman, Lisboan eta beste zenbaitetan.

Egun hauetan, hainbat ahots irakurri eta entzun ditut, nabarmentzen dutenak gure euskal hiriak oso urrun daudela halako fenomenoetatik. Egia da halako prozesuak gurean ez direla gertatzen lehen aipaturiko hiri horietan bezain bizi eta indartsu. Baina horrek ez du esan nahi, inolaz ere, presente ez daudenik. Eta ikusirik jitoan bezala ageri direla hirietako hainbat jokaleku, prozesu horiek —presente egoteaz gain— gero eta lasterrago gertatzen ari dira. Bilbon, San Antongo zubitik aurrera, itsasadarraren ertz biek aurrez aurre begiratzen diote elkarri, eta turistifikazio eta gentrifikazio prozesu hasiberri hori ispilatzen dute. Zazpikaleetako bizilagunok kezkaz beterik ikusi dugu nola itxuraldatu den auzoa pixkanaka: merkataritza tradizional eta hurbilekoa desagertu da, alokairuen prezioak eta lokal komertzialenak igo egin dira, terrazak ugaritu egin dira lehendik ere mugatua den toki batean, eta abar.

Bestalde, San Frantzisko auzoak igaroak ditu gentrifikazioaren ezaugarri diren faseak: abandonua, estigma eta birsorkuntza. Ruth Glassek 1964an proposatu zuen gentrifikazio kontzeptua, biztanleen lekualdatze fenomeno batzuk aztertzeko: «jatorrizko» biztanleak goragoko klase sozioekonomiko batekoek ordezkatzen dituzte. Prozesu horren fatxada agerikoa dira, besteak beste, diseinuzko lokalak, toki sortzaileak eta berritzaileak, artisau garagardoak edo zuku ekologiko ezinago garestiak dituzten tabernak. Erraza da antzematea San Frantzisko auzoaren merkantilizazio mailakatuak berekin dakarren «fatxada» hori. Ez hainbeste, ordea, benetan zer gertatzen ari den jakitea.

Premiazkoa da, beraz, hainbat ikerlan garatzea, hiriko ekonomistek, arkitektoek, antropologoek eta soziologoek elkar harturik eta auzokideekin eta elkarteekin ere bat eginik, eta, hala, prozesu horien alderdi askotarikoak eta korapilatsuak hautematea eta aztertzea. Eta ezagutza enpiriko zorrotz horren ikuspegitik —turismofobia eta halako kontzeptu sinplista eta sentsazionalistak bazter utzirik—, benetako eztabaida bat eragitea, denon artean azter dezagun nola bateratu bai turismoa eta hirugarren sektoreko premiak eta bai bizitzeko modukoak eta abegikorrak diren hiriko toki horiek.

(Erredakzioan itzulia)

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna