Luis Baraiazarra, herrian herriko igarle eta iragarle

2016ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Honelaxe deskribatu zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak Luis Baraiazarra, Meñakan bere herritarrek egin zioten omenaldi goxo eta xumean. Hurreratutako guztion gorespenak eta zorionak hartu zituen Luisek euskararen egunean egin zitzaion omenaldian. «Poetikotasuna dario testu honi» esan zigun Urrutiak, eta euskararen sena eta soinua dagoela bertan. Halaxe ba, Luisen lan erraldoia goraipatuz, «orain beste bati ekin beharko deutsazu» ziotson.

Baraiazarra euskararen gainean lan handia egindakoa dela argitu zizkiguten karmeldarrek, beraien aldizkarian ere argitaratutako bi mila pasa orri berak idatziak direla. Patxi Uribarren karmeldar eta euskaltzainak ere halaxe adierazi zigun: «beti euskararen zerbitzuan izan da Luis, eta Bizkaiko arnasa zabaltzen diharduela, Bizkaiko aberastasuna eskaintzen, eta oraingo lan hau entzungarria bihurtu bada ere, egin izan diren eta ikusten ez diren goraipatzeko lanak asko eta asko direla».

Itzultzaileaz gain, poeta dela Baraiazarra; eta halaxe da, liburu eder eta mardul honetan agertzen dena ez da nolanahikoa. «Santa Teresaren janaria bera, geure erara eta geure mahaian zerbitzatua, horri, beste aho goxo bat, zapore edo gustu bat hartzen deutsagu mahaitik be euskaldunok» honelaxeko hitzak esan zizkigun Luisek aurkezpenean.

Uraren irudia darabil liburuaren sarreran. «Hitz bakar batez eta nolabait adieraztearren, itzulpen soila baino gehiago eskatzen zaigu: Santa Teresa euskalduntzea, geurera ekartzea, bertan urak, euskal ur bihurturik, geure ur askara eta geure moldeetara bideratzea».

Aurreko egunetan aipatua eta zabaldua ere izan da, Luis Baraiazarrari egin ziotenak, saria eman eta berehalako baten berriro kendu izanak, ez duela ez hankarik ez bururik. Espainian maite ez badute ere, Luis Baraiazarra eta berak egindakoa, guk maite dugula zioskun bertso ederrez Arkaitz Estiballes bertsolari finak.

1.852 orriz burututako emaitza, poemak gainera, bere metrikan. Bost urteko lanak merezi izan du bai. Dakigunez, Euskaltzaindiak proposatuz, espainiar hizkuntzatik egindako itzulpen onenaren edo baliotsuenaren sarira aurkezten zen obra. Epaimahaian 12 ordezkari, eta beraietatik 8 Luis Baraiazarren lanaren aldekoak, beraz, erabakia hartua zegoen. Baina erabakia ezabatua geratzen da, lan hori oinarrietatik kanpo geratzen zelako. Itzulpena, espainoletik hizkuntza arrotz batera egina izan behar zen, eta eurek dioten eran; «euskara ez da arrotza, euskara espainiar hizkuntza da».

Espainiako kultura ministro berriak hanka-sartzetzat jo zuen saria ematearena, oinarrietan agertzen zena ez zuelako betetzen. Beti alde ona ikusi beharrean gaudela diote askok, eta honek on egingo diola liburuaren zabalkundeari. Akaso, haien akatsekin irabazi behar ote dugu ba partida. Hola bada, bejondeigula, baina jakin beharrekoa jakitea ere ondo legoke.

Nola da posible euskara espainiar hizkuntza nazionaltzat hartu eta euskal kulturaz Euskal Herritik kanpo apenas ezer inon ez azaltzea? Nola da posible, Espainiak kultura desberdinak dituela adierazi eta euskal kultura eta euskara dagoenik ere ez aipatzea? Nola da posible euskara espainiartzat hartu eta estamentu eta komunikabide guztietan hutsaren hurrengotzat hartzea? Nola da posible euskara, espainiar kulturaren parte dela esan, eta isiltzea? Nola da ba posible hainbesteko aldrebeskeria?

Ba bai, dena da posible, saria eman eta kentzea ere posible da. Eta dena posibletzat hartuz, gogoan dut orain dela hilabete batzuk bertso afari batean, Andoni Egañak adierazi zidana: «Nik ez dakit guk soluziorik dugun baina ni ziur nago Espainiak bai ez duela soluziorik».

Espainiak ez du «bere kulturenganako» inongo begirunerik ez abegiriketa, «Begirunea eta lotsa galdu denean ez da ezer geratzen» idatzi zuen Unamunok berak ere. Juan del Encina musikaria eta idazleak: «Triste España sin ventura./ todos te deben llorar./Despoblada d'alegría,/ para nunca en ti tornar» idatzi zuen XVI. mendean. Zenbat lurralde galdu ditu ordutik hona? Eta doan heinean, erakartzeko hain motibo gutxi adieraztean, zenbat gehiago galduko ote ditu?Jakina, babesten eta promozionatzen ez dena, berez galtzen dela.

Aipagarria, Rafa Yuste madrildar zientzialari gorenak esandakoa: «Duen balioarengatik, Espainiakoeskoletan ikasi beharko litzateke euskara». Eta hala da, nonahi eta noiznahi bultzatu beharko lukete guztion altxorra bailitz. Baina, «balego eta balitz, entzun eta isil, ezezko borobil».

Dena den, Avilako Teresa, eltze artean ariko zaigu sukaldean, pozik, bere obra osoa berea baino zaharragoa den hizkuntza batera, euskal adiskide batek itzuli izan diolako. Eta galdera ere egin izango du, nola da posible hautagaien artean aukeratu izana eta garai honetako inkisidoreak saria lagatzea?

Beraz, sinistu beharrean gaude dena dela posible. Egunotan bete dira 40 urte Xalbadorrek utzi zigunetik, eta nola ez ba gogoratu berak esana: «Herria da gorputza, Hizkuntza bihotza». Eta halaxe egin izan du Luis Baraiazarrak lan erraldoi honetan, hizkuntzaren bihotzaz, tentuz eta pentzuz lan eginez. «Nik egin dot hau? Bai, baina goikoen eta behekoen laguntza izan dot, kontuz kontuz eta maitasunez egina da, artisautza lana, berbazko harri bakotxa polito polito landuz, golpe txikiz eta ukituka, bakotxa bere lekuan ezarriz, eraikia». Halaxe zioskun Luisek. Luis Baraiazarra adiskidea, munduak sariarekin deitu dizu, eta mundutarrek zeure gogoetara eta mistikara itzularazi zaitu berriro. Zeure gordelekuan, Avilako Teresaren «bizitzaren liburua» gertuan izanik, seguru desesperantzarik ez duzula. Zeure herria eta herritarron gorespena ikusi eta sentituz gainera, emozioak hartuta zeunden eta poztekoa da. «Neugan bizi gabe biziz/ hain nago goi-bizi minez/ hiltzen bainaiz, hil ezinez». Ederra benetan! Zorionak, Merezimendu osoz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.