Galerna Katalunian

2017ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Carles Puigdemont presidenteak Enpresa eta Ezagupen sailburu Jordi Baiget kargutik kendu zuen astelehenean. Jordi Baigetek Nació Digital egunkari digitalari elkarrizketa eman zion, eta sailburu ohiak bi gauza nagusi azaldu zituen: lehenengoa, erreferenduma agian ez eta Kataluniak beste zerbait egingo zuela urriaren 1ean; eta bigarrena, bere erabaki politikoen ondorioak pertsonalki pairatzea bai, baina, bere familiaren ondasunen aurkako neurriak hartzea ezin zuela onartu. Elkarrizketa publiko egin eta berehala, CUPeko Mireia Boyak eta Benet Salellasek Baigeten dimisioa eskatu zuten, «prozesuak ezin ditu pitzadurak eta estrategia alternatiboak onartu» argudiatuz. ERCko bozeramaile Sergi Sabriak, bestalde, ez zuen dimisioa eskatu, baina «beldurrak, zilegi izanda ere, ezin duela prozesua geldiarazi» esan zuen txio baten bidez.

Carles Puigdemontek larri hartu zituen adierazpen horiek, gizarte mailan hedatzen ari diren prozesuaren inguruko zalantzek bere gobernuan pitzadura bat ireki izan balute bezala. Etortzeke dauden prozesuaren etapa zailenetan, Puigdemonten aburuz, estatutik etorriko den inhabilitazio, presio eta beldur kanpainari dinamika sozial eta politiko bortitz baten bidez aurre egin beharko dio Kataluniak. Indar sozial eta politiko hori lortzeko, batasun politikoa eta diskurtso amankomuna ezinbestekoak ditu beraz. Izatez, ekintzak aztertuta, batasun politikoari eustearren, nahiago izan du bere alderdiaren aurka jo CUP edo ERC haserrearazi baino. Aspalditik gobernuaren oreka mirari politiko bat da. Prozesuak, eta prozesuko ezinbesteko kide diren eragile sozialek soilik posible egiten duten mirari politikoa, hain zuzen. Aurrekontuetan egondako tirabirak izozmendiaren tontorra baino ez dira izan. Artikuluko karaktere guztiak bukatuko nituzke CUP eta PDeCATen arteko tirabiren berri emango banu. Baina horrek bestelako artikulu bat merezi du. Batasun politikoa hala nola mantentzea lortu badu, diskurtsoaren inguruan garbi utzi du Puigdemontek zein den estrategia zalantzan jartzearen ondorioa: atea. Baina aterkia irekitzeak ez du eguraldia aterrarazten. Baigetek esandakoak sailburu askok bakarrik ez, legebiltzarkide askok, iritzi emaile askok eta hiritar soil askok pentsatzen dute Katalunian. Estatuaren onarpenik gabe eta anulatua izango den lege batean oinarrituta, «erreferenduma bai ala bai» estrategiarekin ados ez dauden pertsonak errealitate bat dira Katalunian. Eta ez dira gutxi, gainera. Aztertu beharra dago, beraz, zalantzan dauden sektore horiek erakartzeko modu zuzenena zein den. Eta erabateko adostasuna onartzen ez duen estrategia bati alternatibak topatzea zilegi da, eta prozesu berarentzat aberasgarria ere bai.

Ondasunei buruz esan zituenak beste gogoeta bat sorrarazten didate niri. Denak gara gure erabakien erantzule. Onerako eta txarrerako. Guregan edo gure ingurukoengan gure erabakiek dituzten ondorioak asumitu behar ditugu beti. Kontzientzia pertsonal baten hautua da hori. Nik idazle, edo zuk irakurle, bakoitzak gure lehentasunak izango genituzke buruan horrelako erabaki bat hartzeko garaian. Nik ez dut sekula bere familiaren ondareaz larritua dagoen pertsona baten hautua kritikatuko. Bere hautua da. Erabat zilegia. Are eta ulergarriagoa da, gainera, Artur Mas, Francesc Homs, Joana Ortega eta Irene Rigauren aurkako sentenziak ikusita. Erreferenduma posible egingo duten kargu publikoen aurkako neurriak latzak izango dira, eta beraien ondasunen aurkako neurriak ere bai.

Puigdemonten erabakiak bere alderdian galerna abiarazi du. Eta ez makala, gainera. PDeCAT oso egoera larrian dago. Barne egituraketa prozesuan lehengo konbergenteak oraingo etorri berriei alderdiaren gidaritza ez diete uzten, eta sektoreen arteko borroka beti bezain bizi dago; Convergenciari loturiko korrupzio kasuen inguruko berriak ia egunero prentsan ikusgai daude; Puigdemontek bere burua deskartatu zuenetik, hauteskundeetarako hautagai garbirik ez dute; Marta Pascal, alderdiaren lidergoa hartu ezinik dabilena, Baiget kargutik kendua izango ez zela esan eta gero albisteetan ikusi zuen kargugabetzea; finantzaketa iturriak erabat murriztuta eta ERE batean murgilduta, eta, gainera, publiko egiten diren inkesta guztietan alderdiaren beherakada nabarmena aurreikusten da.

Baigeten kargugabetzeaz iritzi pertsonala eman nahi nuke bukatzeko. Sailburu batek adierazpenak egiteko une aproposak aukeratu behar ditu. Erreferendum lege-proposamena aurkezten zen egunean gobernuaren estrategia zalantzan jartzea akats handia da. Horretan ez dago debate posiblerik. Hurrengo urratsean dator nire desadostasuna. Kargutik kendu baino, ez al zen hobe, agian, Kataluniako gizartean bezala, Generalitatean ere iritzi desberdinak daudela onartu izana? Eta hain zuzen, gobernuaren bertutea zalantzak dituzten sektoreak baiezkoaren bidean inplikatu eta denak bide berdinean jartzea lortzen duela adieraztea? Kontrako efektua lortu dela uste dut: autoritarismo puntu batez kudeatzen ez ote ari diren, betiere gainera CUPen esanetara eta aginduetara. Ez dut uste zalantzan dauden sektoreengana heltzeko bide onenak autoritarismoa eta CUPi gizarteak eman ez zion pisu politikoa onartzea direnik. Nire ustez ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.