Balioetan heztea

Patxi Meabe, Pako Etxebeste, Arturo Garcia eta Joxe Mari Muñoa - Etikarte

2018ko apirilak 4
Teorian guztiok bat gatoz balioetan hezi behar dela diogunean, baina, zer da balioetan heztea? Eta, batez ere, zer baliori buruz ari gara? Zenbait balioren etikotasuna ez baitago argi. Horregatik, guk balio etikoak proposatzen ditugu. Eta zergatik etikoak? Ba, hain zuzen, pertsona jartzen dutelako erdigunean, haren duintasuna, haren eskubideak eta betebeharrak Ondasun Erkideari begira.

Hezkuntza, gaur egun, hiru kokaleku nagusitan ematen da: familian, ikastetxean eta oro har gizartea deitzen diogun beste espazio komunitario batzuetan (kuadrilla, komunikabideak, lantokia...).

Eta esparru horietan hona zer ikusten dugun:

1. Familia

Familia da hezkuntzaren funtsezko eta jatorrizko esparrua. Seme-alabak, erabateko mendekotasuna izatetik, askatasun arduratsuko burujabetzara igarotzen dira. Familia da, dudarik gabe, oinarrizko hezkuntza-esparrua, krisialdi larria pasatzen ari bada ere; pertsona bere osotasunera gidatzen duen espazioa eta denbora da.

Hezkuntzarako funtsezko esparru hori bizi garen gizartearen isla eta ispilua da. Ezaguna da jada Zygmunt Bauman soziologoak gizarteari buruz adierazi duena: «likidotzat» kalifikatu du. Era berean, familia egungo gizartean txertatuta dagoen neurrian, ohartzen gara egoera «solidoago» batetik beste egoera «likidoago» batera aldatzen ari dela.

Egoera «likidoago» hori gure familien egunerokotasunean ikusten dugu, beren harreman moduetan, hala denborari nola kalitateari dagokionez. Gurasoek oso denbora gutxi dute beren seme-alabei eskaintzeko. Lan egin beharra daukatelako familiaren beharrizanak estaltzeko, edota lan egin nahi dutelako «lanbideko trena» ez galtzearren. Seme-alabekin aurrez aurre egoteko denbora falta horri ez diogu behar bezalako erantzunik eman, oraindik konpondu gabe baitago familiaren eta lanaren arteko kontziliazioaren gaia, hain garrantzitsua, izatez, seme-alaben hezkuntzarekin zuzeneko erlazioa duen neurrian.

Egiaztatzen dugu, era berean, familiaren egoera ekonomikoak ere baduela bere eragina, bai «doi eta larri» bizitzeagatik, edota, ahalmen ekonomiko handiagoa izanik, edukitzearen eta itxurakeriaren bidetik lerratzea bultza dezakeelako. «Beharrezko» gauzetan larri ibiltzeak zailtasunak ekartzen ditu, baina uste dugu «oparotasunak» ere ez duela laguntzen. Tresna elektroniko gehiegi izateak seme edo alabaren bakartasun handiagora eraman ohi du. Badira «aisialdia» kontsumitzeko moduak, «gozamena» lortu nahian, zeregin berritzaileetan arreta gehiago jartzen dutenak, familiako kideen arteko harreman sakonagoak eta kalitateko komunikazioa bilatu ordez.

2. Eskola

Gaur egungo ikastetxe eskaintza zabala eta kolore guztietakoa da: eskola- eta hezkuntza-proiektu desberdin askoren artean aukera daiteke. Ahalegin handia egiten dute ikastetxeek hezkuntza-proiektu on bat konfiguratzeko. Baina errealitate «likidoak» eragin kaltegarria du markatutako helburuak praktikan lortzeko; ez da batere erraza gertatzen balioetan hezteko teoria praktikara ekartzea eta, batzuetan, balio horiek desagertu egiten dira. Errealitate hori areagotu egiten da guraso askok beren seme-alabentzat ikasketak aukeratzen dituztenean, gizartean prestigioa izango duen postu bat lortzea izango baitute helburu, neska-mutiko horiek hezkuntza integrala jasotzen duten edo ez askorik kezkatu gabe.

Balio etikoek blaitu behar dute hezkuntza-esparruari dagokion guztia eta, berorren barruan, baita irakaskuntza eta irakasteko ekintza ere. Irakaskuntza, askotan, gehiegi saiatzen da familien eta gizarte-ingurunearen nahiak eta interesak asetzen. Horrela, «irakaste» hori gehiegi zentratzen da bitarteko tekniko-profesionalak lortzen eta maneiatzen, eta behar baino «bazterrago» uzten ditu balio etikoak. Ez da beharrezkoa balio etikoak etengabe izendatzen eta azaltzen ibiltzea; aitzitik, «kutsaduraz» ikasten direla esango nuke. Eta horretan funtsezko papera jokatzen dute hala gurasoek nola hezitzaileek.

Gainera, «balioek ez dutela jaten ematen» dioen esaldia ez da guztiz egia gaur egun. Gure iritzian, lanean arrakasta iraunkorra eta sostengarria lortzeko bermerik onena pertsonarekiko errespetuan eta Ondasun Erkidearen etengabeko bilaketan oinarritzen diren balio horien arabera jokatzea baita.

3. Gizartea

Bizi garen «gizarte» honek «aske» izatera gonbidatzen ditu pertsonak. Baina «askatasun» hori, izatez, zer kontsumitu nahi dugun aukeratzeko askatasuna izan ohi da, eta ez benetan bizitzea merezi duen bizimodu bat hautatzeko eta harekin konprometitzeko askatasuna. Horrela, ikusten dugu, herritar askoren bizimodua bi poloren artean igarotzen dela: laneko denbora (alienatzailea), eta aisialdia (askatasuna, gozamena). Polaritate hori alienatzailea da bai pertsonarentzat, bai haren familiarentzat, eta bai hezkuntza-erkidegoarentzat, lehenesten diren balioak ez baitira aurrez aipatu dugun «etikotasuna» ezaugarri dutenak, baizik eta «ahaltsuen» interesei erantzuten dietenak, gehiago izatea ez baino, gehiago edukitzea bilatzen duten haienak.

Esandako guztiaren ondorio gisa, berretsi nahi dugu balioak lehenesten dituen hezkuntza «lur emankorra» dela pertsonak behar bezala hezteko: beren «egiteekin» eta «erabakiekin» egiari leial izatea bilatzen duten pertsonak, manipulaziorik eta gezurrik gabe; gutxien dutenen aldeko justizia eskatzen dutenak; erantzukizuna loturik daraman askatasuna egikaritu nahi dutenak; hitzen itxurakeria gainditu eta egiteen lekukotzara pasatzen direnak.