Gezurrak egiatzat hartzen direnean

2016ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Historia, sarri askotan, gezur metaz eraikia egin izan da, beti ere, interesen araberaz erabilia eta gorpuztua. Eta halakoren baten aurrean gaudenaren seinalea da ETBk emititzen duen Baskonia dokumentaleko Euskera berantiarraren historia. Bertan azaltzen den hipotesia, aspaldikoa da, egun, funtsezko loturarik ez duen neurrian, ezabatua izan dena. Eta logikara joanda, ez hanka ez bururik ez duena.

Lehenengo ataletan esandakoa entzun nuenean, Erromatarrak honantz etortzean, orduko lur hauetako biztanleak, gogoz, eta pozez blai hartu zutela haien etorrera, barregarria ez ezik, logika guztiak apurtzen duten teoriak legez hartu nituen. Inperioaren aldeko teoria hutsalak. Honelaxe azaltzen da Baskonia izeneko dokumental horretan, inperioaren eginahalak eta norabideak onargarriak zirela aipatzean. Aditzera ematen denaren arabera, inbasoreak ez zetozen inposatzera, baizik eta bertakoen poza eta gogoak piztera. Herri zibilizatuak zetozela eta, hemengo barbaroak ontzat eman zuten haien etorrera, beraz, inbasioa ere ez zen izan, prest agertu omen zirelako orduko baskoiak beraiekin bat egitera eta beraiekin batera Europako beste herrialde batzu «zibilizatzera».

Zer diot, baskoiak? Baskoiak antza geroagokoak dira, lehen atalean argi agertzen da: VI. mendera arte Gorbeia azpiko Arratia bailaran ez zela euskararik egiten, zelta eta latina egiten omen zen. Lemoan agertzen den harrizko iskribu batek hala dio eta. Orduko garaietan ere, hilarrietan bere izena idatziko zutenak ez ziren izango jende xumea, baizik eta agintea zutenak, edo ahaldunak. Eta hauek nola ez, latinez idatziko zuten. Baina honek ez du erakusten Arratian garai hartan euskararik ez zenik, eta are gutxiago Arratian zelta eta latina hitz egiten zenik. Latinetik gauza asko hartuak izan zirela, jakina, baina latina egin izan bazen oro har, euskara behin betiko itoko zen.

Eta, hemengo toponimiak ez digu ezelako argirik ematen? Lurrari eta naturari loturik dauzkagun milaka hitzek ez digute ezer esaten? Beraz, VI. mendetik honuntzagokoak dira lurrak eta naturak ematen dizkiguten hitzak? Gainera, Gorbeia hitzak ez omen du ezer esan nahi euskaraz. Ez ote da ba, Goi- orubea: Solar en el alto?

Hau historia ahultzea baino okerragoa eta larriagoa da, hau, orain arte izan diren ezagupideak galaraziz, nahasmena sortzea. Eta harridura ezezik historia beraren malformazioa sortzean, beste norabide baten jabe izango dira. Gure historia, eta euskararen beraren jatorria eta norabidea mito hutsekin azaldurik dagoela eta, Iluminati hauek beste jantzi dotorezko hipotesi batekin datozkigu. Goiazan ba gure iragana beste era batera azaltzera; nola? Mitoak deusestuz, teoria zahar-berriak mahai gainera erakarriz eta egia absolutuak azalduz, gure benetako egia hedatzera.

Zelako historia kontatuz, baina? Ikertzaile serioenak eta adituenak esandakoa deskalifikatzen duten teoriak baztertuz? Ez, hau Baskoniaren historia bat edo kontu bat izan ahal da, baina ez da Baskoniaren historia. Erdi arotik honainoko historia, eta aurretxoagokoa ere idatzia dago, eta hor datuak argi daude nahiz eta interpretazioak batekoak zein bestekoak izan, baina gure aintzinatasuna agertzen duen hori azaltzeko, adarretan eta orrietan ibili gabe, beren zuztarretara joan beharra dago. Eta sustraietan murgiltzeko izaera eta sena behar-beharrezkoa da. Baina, ez da erreza izaten hizkuntzaren sena ulertzea, batez ere, azalpenetan espektakulua eta morboa sortu nahi denean.

Izen handiko pentsalari, ikertzaile,soziologo eta filosofo ugari daude,historiaren bilakaera, etengabeko barneko garapenetik egin beharko litzakeeka diotenak. Baina, garai hauetan, informazioa hain zabalik dagoen honetan, denak balio du, Totum rebolutum: kutxa baten sartuko da historia, kultura, hizkuntza eta fantasia, pentsaera desbideratzeko nahasmena areagotuz, eta frogatu gabeko hipotesiak egiak direlakoan jaurtiz. Komunikabideak eta mass-mediak alde jarriko zaizkielarik gainera. Beraz, historia eraldatzea ez da hain zaila. Honen barne-pentsaeran, proiekzio merkantila izan daiteke funtsean.Eta gure jatorria eta iturria desbideratzea ere komeni bada, egin egingo da.

Agian, ulertzekoa da Iruña-Veleiako afera, bertan agertu omen ziren ostrakak zinez eta sakon aztertu ez izana.

Dokumentalaren hasierako ataletan egin izan den azalpena, zentzu paternalistaren mundu-ikuskera bat da, eta berau finkatzeko, erakunde publikoen laguntza ere izan du, asko gainera. Ekoizpen gutxik izaten duten adinakoa. Teknikoki material onena erabili izanak eta kosturik handienez egin izanak, behintzat, seriotasun bera eskatzen du datuen ikerketetan eta beronen sakontasunean. Beraz, zuhurtziaz, baina buruz eta tentuz, gogoetak egin beharrean gaude, zeren, gure aintzinatasunak, geroan, argiak ekar diezazkiguke, baina gezurrak ontzat hartzen baditugu, jai dugu.

Hitzen eta hizkeraren esanahiaren jatorria eztabaidatzeko orduan, Platonek burututako Cratilo izeneko elkarrizketa, oso da esanguratsua. Cratilok historiografiaren gaineangogoetak eta galderak sortzen eta azaltzen zizkigun, interpretatzearen zailtasunak agerraraziz hala ere. Hortxe dago beraz gakoa. Socrates: Zein da guretzat izenek dauzkaten funtzioak? Eta zein da bere emaitza? Cratilo: Ezagutza. Izenak ezagutzen dituenak gauzak ere ezagutzen ditu. Izenen edukiera bereiztea da errealitatea ezagutzeko arrazoia.

Euskaran, egitura matriarkala duen hizkuntzaren esanahiaren aurrean gaude, eta hizkuntzaren ekarpena bai etxera eta kanpora begira ere, uste dugun baino handiago izan liteke, baina gure zentzu patriarkalak ez digu ikusten uzten. Oinarri sendo gabeko teoria faltsuak dogma bihurtuz, «Okerren gezur metaketen» aurrean gaudelazioen gure Kapanagak- «Socrates euskaldun» jakintsuak.

Kondairatik harago eta mitoetatik at begiratu nahi dutela diote dokumentalaren azalpenean. Lurrari errotua dagoen gure hizkuntzak, lur gaineko bizitzari azalpena ematen ziola jakitun ote dira? Gure iraganean, gauzei izena jartzen zitzaien eta hitzak zentzuz zetozen. «Izena duen guztia omen da» dio esaerak, baina hau ere mito hutsa denez, iluminatientzat ez du honek zentzurik izango. Akaso, gure herria, inoiz existitu ez den mitoa ote da ba?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.