Ivan Gimenez.

Loreak zabortegian

2017ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
Rita Barberaren hilobian ez da lorerik falta izaten. Valentziako herritar batzuk astero hilerrira hurbiltzen dira loreak eramatera, ala dauden loreak ureztatzera. Rita Barbera iazko azaroan hil zen, supituki, Madrilgo hotel batean, ustelkeriaren zirkulua bere inguruan ixten zihoala. 24 urtez Valentziako alkatea, lehenago kazetaria izandakoa, Valentziako Umorearen Musa 1973an hautaturikoa... Bakarrik hil bazen ere, bere hilobian ez da lorerik falta izaten. Ustelkeriaz inguratuta, zabortegi politikoan erabat murgilduta, baina bere herrikide askok maitatua.

Bestela, nola ulertu PPren iraupen politikoa, hauteskundez hauteskunde milioika boto jasotzen?

Azken urteetako ikerketa judizialak zenbaezinak dira, eta ez dago modurik jakiteko zenbat PPko kide dagoen inputaturik. Madrilen bakarrik, 600etik gora daude inputatuta, eta egunero bat edo beste gehitzen da. Ondorengo operazioen deiturak familiar bihurtu dira, ezinbestean: Punica, Noos, Pokemon, Campeon, Palma Arena, Troya, Acuamed, Gürtel... eta Lezo (XVIII. mendeko Gipuzkoako militar espainiarraren omenez bataiaturiko operazioa; falta zitzaiguna).

Familiarregiak izatera iritsi dira, eta albiste berri bakoitza hain berriak ez diren eraikitako mendiaren gainean kokatzen dugu, oharkabean, hain familiarrak ez diren albisteen bila goazen bitartean. Hor geratzen da PPko kaka-mendi erraldoia: agerian dago, baina bizkarra ematen diogu, ez ikusiarena eginez, gainean ez zaigula eroriko uste inozoan.

Baina bai. Barra-barra gainean erortzen zaigu, etengabean, zortzi milioi botoei esker, Rita Barberari loreak daramatzenei esker, inolako higadurarik pairatu gabe hauteskundeetan. Ustez, PP alderdi kriminala da, eta ez da iritzi politiko bat, baizik eta ebazpen judizial bat. PPn ez daude sagar ustel batzuk, bere barnean ez dauka ustelkeriak eragindako arazorik, handia bada ere, leku batean edo bestean lokalizatuta, minbiziarekin gertatzen den bezala. PPren barnean ustelkeria ez da gaixotasun larri bat, ez da desbideraturiko politikari batzuen jokaera onartezina. Lapurrak leku guztietan omen daudela diote. Agian, zoritxarrez, egia da. PP bera da arazo kriminala. 'Gurtel auziaren' fiskaltzaren hitzetan, krudelak baina zehatzak: «Eroskeriak eta komisioak estrukturalak dira, Correa Taldearen bizimodua; delituak egiteko sorturiko erakunde baten jokaera jarraitua da, PPko arduradun publikoentzako zein funtzionarioentzako komisioen truke kontratu publikoak lortzeko bidea».

Kasu honetan, hitzek bere garrantzia dute: «Estrukturala, bizimodua, delituak egiteko erakundea, jokaera jarraitua...». Zer ekartzen digute gogora?

Beste modu batez deituta… Mafia: Cosa Nostra (Sizilia), Yakuza (Japonian) edo Triada (Txinan). Beraz, Correa Taldea (Madrilen) ez ote da mitikoak diren erakunde horien sinonimo bihurtuko? Ala PP Espainian? Jakina denez, Al Capone harrapatu zuten delitu fiskal huts batengatik, ez mafia-erakunde bat zuzentzeagatik. Oroimen txarra badaukagu ere, joan den uztailaren 26an Mariano Rajoyk epailearen aurrean deklaratu behar izan zuen, ez Espainiako Gobernuaren presidentea izateagatik (komunikabide askotan horixe azpimarratu bazuten ere), baizik eta PPko buruzagiaren paperean. Ustezko erakunde kriminal baten liderra omen da, eta, hala ere, Europar Batasunaren Gobernu baten presidentea ere bada, gezurra badirudi ere. Gezurra? Agian, beste mundutik datorren norbaiten begietan. Hemen, ia ezerk ez gaitu harritzen. Eta hor dago arriskua.

Rita Barberari loreak eramatea atxikimendu keinu sasifolkloriko gisa uler dezakegu. «Begira, valentziar hauek, ustelkeria goraipatzen», pentsatu ohi dugu nagusitza-konplexuak jota, izurrite horretatik libre bagina bezala. Nafarroan, oraindik, txantxak egiten ditugu Miguel Sanzen kontura, kitarrarekin jotak jotzen zituela gogoratuz, ala Demostenesen ezpataren (sic) bertuteak aletuz. Bai, oso folklorikoa zen, baina 23 urtez egon zen Gobernuan, ia ia Rita Barbera bezala. Nafarroako Kutxaren gainsoldaten afera izan ez balitz (huskeria, diruaren kopuruari erreparatuz gero), nola geundeke gaur egun?

Eta orain, PPren ustezko erakunde kriminal horrekin, gaurko aldaketaren Gobernua (sic) ustezko negoziazioetan dabil Abiadura Handiko Trena eta Foru Hitzarmena adosteko ahaleginetan. Adostu? Ala Madrilek eman nahi duena publikoki onartzeko modu duina bilatzen? Zer-nolako negoziazioa egon daiteke «delituak egiteko sorturiko erakunde» batekin? Zer zilegitasun politiko dauka horrelako erakundeak, PP deitzen dena eta Espainiako Gobernuan dagoena? Beldurra ere ematen du: azken hamar hilabetetan, gutxienez hamaika (11, ez da gehiegikeria) lagun hil dira, gehienak egoera susmagarrietan, hain justu PPren aurka deklaratzera zihoazenean. Besteak beste: Rita Barbera, Miguel Blesa (Caja Madrideko buruzagi ohia), Antonio Pedreira (Gurtel ikertzen zuen epailea), Isidoro Cuberos kazetaria, Sanchez Arranz (Iberiako kontseilaria eta Boadilla del Monteko PPko zinegotzia), Leopoldo Gomez (Pozueloko ingeniaria), Francisco Yañez (Luis Barcenasen testaferroaren aita)... Zerrenda beltz horretako azkena Gaztela eta Leongo presidenteorde ohia izan da (Tomas Villanueva).

Ikusten denez, jokoan dagoena ez da gauza makala. Hala ere, batzuk ez omen dira konturatzen. «PPrekiko akordioekin ez gara bere ustelkeria zuritzen ari», entzun diogu Erkorekari. «PPk bere ustelkeriaren kasuen azalpen osoa eta sinesgarria eman beharko du», gehitu zuen EAJren diputatuak, agian PPren errugabetasunean konfiantza izaten. Beti bezala, askoz argiagoa zen Joseba Egibar: «Ustelkeriak ez du PP politikarako ezgaitzen» aireratu zuen azken EAEko kupoa eta Espainiako aurrekontuak sinatu baino lehen.

Euskal politikari askok pentsatzen dute, oraindik ere, PPko ustelkeria alboko arazoa dela, neurri zuzentzaile batzuekin bideratu ahal dena. Azken finean, unean uneko krisia antzeko zerbait ala gaixotasun iragankor izan daitekeela, garai zahar-onak itzuli arte zeharkatu behar den zubi estua eta hauskorra. Baina Gasteiz eta Iruñetik Madrileraino doan zubi honek eutsiko duela uste dute, tartean Cosa Nostrari ahalik eta etekinik handienak ateratzeko.

Egunen batean, Rita Barberarentzako loreak ere ordaintzea egokituko zaigu, zubi ustel hori ez badugu zabortegira botatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.