Aitor Servier Etxetxuri.

Burujabe izateko

2017ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Frantziaren besta egun nazionala den Uztailaren 14an mobilizazioa antolatzeak salaketa kutsua du ezinbestean. Frantziako iraultza burgesaren garaian finkatu ziren hizkuntza bakartzat frantsesa duen Errepublikaren oinarriak. Berdintasunaren izenean, Frantziak jarrera uniformizatzailea izan du ordutik, Euskal Herria asimilatzeko saiakerak etengabeak izan direlarik. Haatik, Donibane-Lohizuneko karrikak ez ditugu iraganaz mintzatzeko beteko, oraina irauli eta geroa irabazteko baizik. Guhaur baikara herri honen oraina eta geroa. Besta egun arrotza izateaz gain, bagarela adierazteko eguna da Uztailaren 14a gazte ezkertiar eta abertzaleontzat.Guk Euskal Herria!lelopean, gure eredua aldarrikatzeko parada ezin hobea. Burujabe izanez, gure bizitzen arlo guzietan erabakitzeko ahalmena izan nahi dugu. Nehoiz baino argiago dugu euskal gazteriaren nahi eta beharrei erantzungo dien herri-eredua eraikitzea dela alternatiba. Euskal Herrian molde duinean lan, bizi eta ikasteko aukera bakarra.

Eskolatik lan mundurako jauzia ekuazio erraz baten bidez azaldu ziguten. CAPak, BTSak, lizentziak, masterrak egin eta lan aukera andana izanen duzue. Gure gurasoek baino bizi-maila hobea lortuko genuenaren segurtamena 2007ko krisia lehertu zenean bukatu zen. Orduz geroztik, bankuak salbatu eta herritarren bizitza hipotekatzeko hautua egin du Frantziako estatu kapitalistak. Murrizketak bata bestearen gibeletik aplikatu dizkigute, gehiengo bat are gehiago pobretu eta gutiengo bat are gehiago aberastuz.Aprendizgoko kontratuak, ordaindu gabeko ikastaldiak, zerbitzu zibikoak, aldi baterako kontratuak, CDDak... hau da gazteok besterik ezean onartu behar dugun miseria.

Guti batzuek laborantzarako lurrekin espekulatzen duten bitartean, laborantzatik bizitzeko zailtasunak gero-eta handiagoak dira. Ogi papurrak besterik ez gune ekonomiko nagusietatik kanpo direnentzat. Turismoari bideraturiko ekonomiak Behe Nafarroaren eta Zuberoaren hustea eragiten du. Folklorezko karta postal itxura eman nahi dioten Lapurdiko kostaldean berriz, gazteon kalterako izaten dira turismoaren ondorioak. Lehenago aipaturiko lehen prekarioen bidez eusten diogu turismoari. Gainera, bi etxebizitza izateko eskubidea etxebizitza bat izateko eskubidearen gainetik jarri dutenez, gure herrian bizitzea ezinezkoa zaigu. Herri honetan jaun eta jabe diren esplotatzaile eta espekulatzaileek gure bizitza proiektua eraikitzea ukatzen digutenean, gure geroa lapurtzen digute.

Garai bateko erdeinuak hor dirau, euskarak ez du balio goi-mailako jakintzarako edo ikerketarako. Ikasleok Pauen, Bordelen edo Tolosan ikasi behar dugu, gure herritik kanpora joanez. Fatalitate horri men ez egiteko behar du Ipar Euskal Herriak euskarazko unibertsitate propioa. Halaber, Baxoa eta Brebetan euskarak ez lekurik, eta azterketa frantsesez egin beharrak euskaraz ikasteko dugun eskubidea larriki urratzen du. Euskaraz bizitzearen alde borroka egitea justiziaren alde egitea ere bada. Justiziak, haatik, berehala zangopilatu ohi ditu euskararen ofizialtasuna egikaritzeko abiaturiko ekimenak; Uztaritzeko Herriko Etxearena, kasu. Hizkuntz politika honek bigarren mailako hiztunak izatera garamatza. Euskaldunok bigarren mailako hiritarrak gara.

Euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak ez dira oraino deserritik etxera itzuli. Are gehiago, euskal presoei salbuespen legeak aplikatzen zaizkie molde ankerrean. Sakabanaketa, isolamendua, edo preso erien kasua dira espetxe-politika kriminalaren adibide. Hori guti balitz, euskal militante politikoak kondenatzeari ez dio utzi Parisek. Hitza eta erabakia Frantziaren eta Espainiaren monopolioa diren bitartean, ez da baldintza demokratikorik izanen gure herrian.

Pairatzen ditugun zapalkuntzen kontzientzia hartzea gure buruak askatzeko lehen urratsa da. Salatu eta eraikitzea dagokigu. Euskaraz bizitzeko eremuak sortu eta ofizialtasunaren aldeko herri-presioa areagotzea. Lan-baldintza duinen alde borrokatu eta eskubide berriak irabaztea. Etxebizitzaren arloan alternatibak sortu eta ukatzen digutena hartzea. Sexu-genero-arraza aniztasunaren alde diskriminazioak deuseztatzea. Feminismoa gure eguneroko praktikara ekartzea. Gaztetxeetan kultur eta aisialdi-eredu alternatiboak asmatuaz. Auzolanaren alde, elkartasun erauntsian bustitzea. Gisa honetako herria dugu helburu Guk Euskal Herria aldarri egiten dugunean. Nehori baimenik eskatu gabe eta nehoren beha egon gabe, gure buru, bihotz eta eskuekin marraztuko dugun eraldaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.