Dilistak eta duintasuna

2017ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren gaia, olatuen antzera, aurrera eta atzera ibiltzen diren horietako bat da, beti gure artean eta noizbehinka zipriztintzen gaituena. Orduan ohartzen gara gaia hor dagoela, eta orduantxe izaten dugu eztabaida sozial eta politikoaren erdian kokatzeko presa.

Azken urte hauetan, krisialdi ekonomikoa dela-eta, eztabaida asko izan dira eskubide sozialaren inguruan. Alde batetik, murrizketak; atzo baino okerrago gaudealako sentsazioa bestetik, edota gure seme-alabek ez dutela aukera izango gu bezalako bizi-kalitatea edukitzeko... errazki esan ohi dugu Europako politikariak, bankuak edo ez dakit zer-nolako erakunde erraldoiak beti izan direla gure zorigaitzean iturri eta erantzule. Baina egia ere bada, pertzepzio horiek guztiak aldatu egiten direla politika sozialetara hurbiltzen garenean, alegia, errenta sozialaren kudeaketarekin gure desadostasuna plazaratzen dugunean, hor ia-ia beti jasotzaileak izaten ditugu errudun. Eta krisialdi ekonomikoaren gogoeta hor utzita, lasai sentitzen gara, arlo handietan batzuk eta txikietan besteak errudun izanik, beraz, gure burua salbu!

Egia da errealitatea askoz ere gazi-gozoagoa dela eta gauzak ez direla hain txuria edo beltza. Gainera, aurreko errealitateari gehitu beharko litzaioke gizarte modernoetan ematen diren giza harreman korapilatsuak. Horregatik, Gizarte Politikaren historia begiratzen badiogu ika-mika anitz aurki daitezke, nahiz eta egia ere baden gaur egun adostasun komun bat lortzera iritsi den gure politika sozialaren arloa: zaindu behar dugun zerbait da. Osasuna, hezkuntza, enplegua, pentsioak eta laguntza sozialak beharrezkoak, eta babestu beharrekoak ikusten ditugu, eta, zergatik ez esan, harro gaude orain arte egindako bidearekin; jakinda, ez dela dena denen gustukoa.

Orain dela gutxi, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak ondorengo hau esan zuen prentsaurreko batean: «DBSE eta Etxebizitzako Laguntza gehigarriak direla medio, 130.000 biztanlek adio esan diote pobreziari gure Autonomia Erkidegoan». Ez dakit zenbakia zehatza den ala ez, baina gure ikerketek ere hala diote, gure gizartea egiten ari den esfortzua makala ez da, eta bere ondorio baikorra eman du, eta ematen jarraitzen du.

Hori dela eta, zaindu eta landu egin behar dugu orain arte lortutakoa, eta ez etsi «iruzur» hitza edonola erabiltzen dutenen aurrean. Eta nola ez, ozenki salatu behar dugu zaratatsu horiek gezurretan dabiltzanean, beste gauza batzuen artean, irregulartasunak ez direlako %1era ailegatu; eta, bestalde, erruak ez baitira bakarrik laguntzak jasotzen dituztenen aldetik, baizik eta administrazioarenak ere badirelako.

Eusko Jaurlaritzaren martxoko txosten batetik ateratako azken datuak mahai gainean jarriz gero, 2016. urtean Euskadin 65.491 pertsonak jaso zutela. DBSE laguntza ikus daiteke, horietatik 39.994 Bizkaian, 15.451 Gipuzkoan eta 10.446 Araban. Lanbide enplegu zerbitzuko arduradunek 135.000 miaketa egin ondoren, 392 iruzur aurkitu dituzte, hots, gutxi gorabehera %0,3. Badakit, «iruzurra» badagoela konbentzituta daudenei, datu horiek ez diete iritzia aldaraziko, baina errealitatea burugogorragoa da, datuak hor dituzte.

Datuekin jarraituz, martxoan ere, zergekin lotuta dagoen beste datu bat jakin izan dugu. 2016an, 12.953 milioi euro jaso zuten Foru Aldundiek; 2015ean, berriz, 6.715 milioi Bizkaian, 4.197 milioi Gipuzkoan eta beste 2.041 milioi euro jaso zituzten Araban. Duela gutxi Arabako Ogasun Diputatuak adierazi duenez, bere behaketa zerbitzuak 124 milioi euroko iruzurra aurkitu zutela iragarri zuen. Datu horiei erreparatuz, eta Araba kontuan izanik, %6,07eko «zuloa» izan da.

Aurreko datu guztiak kontuan izanik, gizarte laguntzen iruzurra Euskadin %0,3 dugu; zergei dagokienez, Araba bakarrik kontuan izanda, %6,07. Egia da okerrak zuzendu behar ditugula, baina egia ere bada gizarte honek kontuan izan behar duela garbi non dagoen iruzurra, eta aurreko datuek argi uzten dute hori.

Bukatzeko, esango dut gure gizarteak baduela lekua elkartasunarentzat, eta horren adierazgarri da errefuxiatuei, immigranteei, behartsuei eskaintzen zaien laguntza. Esan beharra dago ekintza eta gogoeta ugari plazaratzen direla han eta hemen. Hala ere, hurrengo hilabeteetan Legebiltzarretik pasatuko da Lanbide eta haren zerbitzuak birmoldatzeko proposamen berria, eta, ziurrenik, gizartean eztabaida sortuko da berriro. Egoera horren aurrean bi jarrera egon litezkeela pentsatzen dut: batetik, behartsuei gizarte laguntzaren premiari erantzuna ematea, nahiz %0,3 iruzur minimoaren erantzule izan; edo, bestetik, datuak ahaztu, eta iruzurraren diskurtso bortitza areagotzea, lapurrak izango balira bezala legeztatuz.

Datozen egunetan, alderdi politikoek hor izango dute beren erronka, eta badakit, bai, murrizketaren diskurtsoak baduela arrakasta eta horrek botoak erakartzen dituela. Baina kontuan izan beharko da duintasuna, batzuetan dilista plater batekin lehiaturik dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.