Nahi ez zuten bideari ihesean

Jardunaldi bakarra falta da Espainiako Lehen Mailako lehen itzulia amaitzeko, eta nahi baino gehiago sufritzen ari dira Athletic, Reala eta Oiartzun. Orain arte izandako arazoak onartu dituzte hiru entrenatzaileek, baina denboraldi hasierako helburuak gauzatu ditzaketela sinetsita daude.

Ezkerrean, Yulema Corres baloiarekin,Itxaso Uriarte atzetik segika duela;eskuinean, Marina AgouesLeyre Fernandezekin lehian. A. L.-J. C. R. / ARP.
unai zubeldia
2017ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun
Liga irabazi duen taldeak berriz ere liga irabaztea izaten du helburu; lau onenen artean tokia egindakoak, talderik onenak are gehiago estutzea; eta mailari eroso eutsi dion taldeak fitxaketaren bat edo beste egin eta helburu hori berrestea. Ez Athletic, ez Reala, eta ez Oiartzun ez daude egon nahiko zuketen lekuan. Gabonak igarota, behetik gorako bideari ekiteko erronka daukate Lehen Mailan ari diren hiru euskal taldeek.

Bosgarren postuan daude bilbotarrak, 26 punturekin, eta 11 puntura urrundu zaie jada Atletico Madril —hamarrera Bartzelona eta Levante—; 11. postuan daude donostiarrak, hamalau punturekin, eta laura daukate Kopa jokatuko lukeen azken taldea, Huelvako Sporting; eta azken postuan daude oiartzuarrak, lau puntu eskasekin; bost puntura daukate mailari eusteko langa.

1. Ligako lehen hamalau partidak jokatuta, zer moduzkoa izan da orain artekoa?

2. Taldeak zer dauka hobetzeko?

3. Zein dira taldearen helburuak?

4. Zer azpimarratuko zenuke beste bi euskal taldeak egiten ari diren lanari buruz?

JOSEBA AGIRRE Athleticeko entrenatzailea

«Defentsako lanean daukagu hobetu beharra bereziki»

1



Ez gaude egon beharko genukeen lekuan, baina, gertatutakoak gertatuta ere, egon beharko genukeen lekuan egoteko aukera daukagu oraindik. Arduratuta egon gara, lesio asko izan dugulako une eta postu jakin batzuetan. Ez da berdina 10-11 jokalarirekin entrenatzea, edo, orain bezala, hemezortzirekin aritzea. Bolada txarra izan dugu lesioekin, baina ari gara osatzen. Ainhoa Alvarez, Maria Blanco eta Alazne Gomez Txiki salbu, jokatzeko moduan daude gainerako jokalariak [belauneko lesioa daukate hirurek]. Txapeldunen Ligan, berriz, amorrua ematen du Fortuna Hjorringen aurka nola galdu genuen gogoratzeak, baina harro egon beharko genuke, azken unera arte borrokan ibili ginelako Europako talde garrantzitsu baten aurka.

2



Defentsako lanean daukagu hobetu beharra bereziki. Atzeko sendotasuna izan zen gakoa joan den denboraldian, eta, alde horretatik, hobetzeko tarte handia daukagu oraindik. Egia da gero eta hobeto ari garela azken partidetan, baina are lan handiagoa egin behar dugu atzean. Erasoan, berriz, ondo egiten ari garen hori guztia indartzen jarraitu behar dugu. Baloia gure oinetan edukitzeaz gain, aukera asko behar izaten ditugu golak sartzeko, baina ondo landuta daukagu alor hori. Egunaren arabera gehiago edo gutxiago asmatzen dugu, baina eraginkortasun horri eutsi behar diogu [gol gehien sartu duen hirugarren taldea da Athletic (32), Atletico Madril (44) eta Bartzelonaren (42) atzetik].

3



Gabonen aurretik lau partida jokatu genituen oso denbora tarte txikian, eta laurak irabaztea zen erronka. Realaren aurka berdindu egin genuen, ordea, eta ezinezkoa izan zen, baina puntu asko pilatu genituen. Gabonetatik bueltan irabazi beharreko partida asko jokatuko ditugu [Espanyol, Albacete, Sporting, Tacuense, Betis, Santa Teresa eta Oiartzunen aurka], eta ondoren iritsiko dira lehia gogorrenak. Valentzia, Levante eta Bartzelonaren aurka jokatuko dugu etxean, eta Atletico Madrilen zelaian ere jokatu beharko dugu. Lau partida horietan 9-10 puntu lortuz gero, zerbait lortzeko borrokan sartzeko aukera izan dezakegu; lehen postua ez bada, bigarrena, hurrengo denboraldian Txapeldunen Liga jokatu ahal izateko.

Partidaz partida joan beharra daukagu, baina sailkapenean gora egin behar dugula sinetsita. Bederatzi puntura daukagu bigarren sailkatua, Bartzelona, eta nahikoa partida badaude oraindik amore ez emateko. Kopari begira jarri eta ligan lasaitzen bagara, ezinezkoa da ondoren Kopan ezertxo ere egitea. Ligan indartsu egon beharra dago ondoren Kopan zerbait egin ahal izateko.

4



Oso ondo landutako taldea dauka Realak, eta Lezaman bertan erakutsi zuen hori, gure aurkako partidan. Jokalari bakoitzak badaki momentu bakoitzean zer egin behar duen, eta bigarren itzulian gora egingo dutela uste dut. Oiartzunen kasuan, berriz, dinamika txarrean sartuta zaudenean oso zaila izaten da egoera hori iraultzea. Hainbat partida galdu dituzte azken minutuetan, baina etxean indartsu aritu beharra daukate. Gaitasuna eta gogoa badauzkate, baina Euskal Herriko taldeentzat gero eta zailagoa da maila honetan jarraitzea; dauzkagun ezaugarriengatik, batez ere. Hori bai, borrokan jarraitu beharra daukate. Oiartzunek mailari eustea nahi dut, ondo lan egiten duen talde umila delako.

IGOR SAN MIGUEL Realeko entrenatzailea

«Jokoan ondo ari gara, baina azken metroetan arazo asko izan dugu»

1



Espero baino atzerago gaude sailkapenean. Aurreko denboraldiko mailan ibiltzea zen helburua, eta, ahal izanez gero, koska bat gora egitea. Baina ligak momentuz esan digu ez gaudela maila horretan eta hobetu egin behar dugula. Nahikoa denbora badago, hala ere, gora egiteko, bigarren itzuli guztia eta beste partida bat gelditzen zaizkigulako oraindik. Lehenbailehen egoera bideratzea da helburua, eta azken partidetan jada lortu dugu hobekuntza hori. Ea urte hasieran bide horri eusten diogun eta pixkanaka gerturatzen garen helburuetara. Albacete eta Espanyolen aurka etxean jokatutako bi partidak salbu, gainerakoetan aurreko denboraldiko mailan aritu gara. Maila ona eman dugu, jokoan ondo ari gara, baina azken metroetan arazo asko izan dugu. Bolada txarrean sartu ginen, eta psikologikoki nabaritu egin genuen.

2



Gola falta zaigu eta alor hori hobetu behar dugu. Aukera on asko sortzen ditugu, baina azken metro horietan asmatzea falta zaigu. Jendea urduri jarri da taldea beherago ikusitakoan, eta urduritasunarekin erabaki okerrak hartzen dira azken 30 metroetan. Antsietatea da aurkaririk handiena, eta lasaitasuna behar dugu ate aurrean. Lan ona egiten ari garela sinetsi behar dugu, baina golak emango digu gehigarri hori. Espero dezagun pare bat gol sartzen ditugunean burua lasaitzea.

3



Kopa jokatzeko ilusioa daukagu, eta lehen zortzi sailkatuen artean sartu beharko dugu horretarako. Kostatzen ari zaigu, baina sentsazioak berreskuratu eta Koparako itxaropena daukagu. Gure tokia hori dela uste dut. Partida bakarra falta da lehen itzulia amaitzeko, eta ez dut uste lehen zortzi talde horietako asko gu baino hobeak direnik. Oso maila ona eman dugu sailkapenean goi-goian dauden taldeen aurka. Lehen jardunaldian berdindu egin genuen Levanteren aurka; Athleticen aurka ere berdindu egin genuen Lezaman orain gutxi... Behin baino gehiagotan erakutsi dugu lehiakorrak garela, eta talde horien antzeko maila daukagula. Goiko borroka horretan sartzeko adinako taldea badaukagula uste dut, baina kalte egiten digu une oro aurreko denboraldiarekin alderaketan aritzeak. Iragana ahaztu, sailkapenari begiratu, eta denboraldi honetako erronkari heldu behar diogu. Lau puntura daukagu Kopa, eta eguneroko hobekuntzarekin iritsiko gara postu horietara.

4



Athleticek hutsune garrantzitsuak izan ditu, Irene Paredesena esaterako. Defentsako lanerako hutsune handia izan da Irenera, baina baita erasorako ere, sei-zazpi gol sartzen zituelako denboraldi bakoitzean. Lesio asko izan dituzte, gainera. Guri gertatu zaigunaren antzeko zerbait gertatu zaie haiei ere: liga hasieran ez zuten lortu aurreko denboraldiko postuetan mantentzerik, eta min egiten du horrek. Baina oso talde lehiakorra dauka Athleticek, eta jokalariak berreskuratu ahala goiko postuetara itzuliko da.

Oiartzun, berriz, bere borrokan murgilduta dago. Zorte txarra izan du partida askotan, gol bakarraren aldearekin galtzen ari delako norgehiagoka asko. Pazientzia behar dute amore ez emateko, zaila izango delako atzetik bi talde uztea. Argi daukate zer nahi duten, eta lasaitu egingo dira lehen garaipena lortzen dutenean. Erronka zaila daukate, denboraldi honetan dezente igo delako ligaren maila. Meritu handikoa litzateke bigarren denboraldiz jarraian Oiartzunek Lehen Mailari eustea, eta ea lortzen duen.

GARI ARGOTE Oiartzun taldeko entrenatzailea

«Oiartzunen gisako talde batek ez dakit noiz arte iraun dezakeen goian»

1



Emaitzak kontuan hartuta, argi dago denboraldia ez dela ari izaten batere ona. Oraindik ez dugu irabazi partidarik; lau garaipen eta hamar porrot izan dira guztira. Sentsazioak eta jokoa ez dira izan hain txarrak, hiru partidatan izan ezik gainerakoetan ondo lehiatu garelako. Gol baten aldearekin galdu ditugu zazpi partida, eta zerbaiten seinale da hori. Partida bakoitzean borrokan jarraitzen dugu azken unera arte, baina akats batzuk egin ditugu hainbat momentutan, eta kontuz ibili beharra daukagu.

Hala ere, garaipenak iritsiko diren itxaropena daukagu. Azken minutuetan galdu ditugu partida asko, eta, ondorio logiko gisa, sentsazio on horiek desagertuz joaten dira pixkanaka. Kolpe asko jaso ditugu jada, baina lanean jarraitzeko grinarekin daude jokalari guztiak, eta horri eutsi behar diogu amaierara arte. Lehen garaipenaren atarian gaude, hala sentitzen dugu, nahiz eta arrazoi batengatik edo besteagatik ihes egiten ari zaigun behin eta berriz. Ziur gaude iritsiko dela, baina asteak pasatzen ari dira, eta... Entrenatzaileok entrenatzaile eta psikologo izaten gara askotan, eta ea, bada, denon artean aurrera egiten dugun pixkanaka-pixkanaka.

2



Denetik pixka bat, entrenamendu bakoitzetik hasita. Gure akatsen ondorioz galdu ditugu partida batzuk, eta xehetasun txiki horiek zaindu behar ditugu. Defentsako lan ona egiten ari gara denboraldia hasi zenetik, eta aurrealdean min egitea falta zaigu orain; ea Gabonetatik bueltan gol gehiago sartzen ditugun, eta bigarren itzulian gai garen hain beharrezkoa den oreka hori lortzeko. Kolpe asko jaso arren, taldea indartsu dago oraindik, eta lanean jarraitu behar dugu. Baina, oinak lurrean izanda, Oiartzun zer den jabetu behar dugu; gure ustez, udan ondo indartu genuen taldea, baina Lehen Maila asko ari da indartzen. Dirua sartu da eta fitxaketa asko egiten ari dira talde gehienak. Egoera aztertuta, Oiartzunen gisako talde batek ez dakit noiz arte iraun dezakeen goian, Lehen Mailan.

3



Argi dago: mailari eustea. Partidaz partida joatea zen hasierako erronka, eta argi gelditzen ari da taldea gai dela partidaz partida lehiatzeko, nahiz eta partida gehienak galdu. Badakigu oso zaila dela goiko taldeen aurka jokatzea, baina eurei ere kostatzen ari zaie guri irabaztea. Lehen itzulia amaitzera doa, eta zulo-zuloan ez gelditzea da gertueneko helburua, bukaerara arte Lehen Mailan jarraitzeko borrokan sartuta egon ahal izateko. Beheko taldeek baliabideak dauzkate fitxaketak egiteko, eta hemendik edo handik inguratuko dituzte jokalariak. Baina gurea egin behar dugu guk besteei begira egon gabe. Hor dago gakoa.

Oso garrantzitsua izango da bigarren itzuliaren hasiera, sailkapenean behean dauden taldeen aurka jokatuko dugulako. Hortik hasi behar dugu lehian. Zaragozan jokatuko dugu urtarrilaren 8an, eta partida hori besterik ez daukagu orain buruan. Gero iritsiko da Espanyolen aurkakoa. Baina etorkizunerako oso garrantzitsua izango da ondorengo hilabete, hilabete eta erdia. Lehen Mailan, oraindik, ez dugu irabazi partidarik etxetik kanpo, baina dagoeneko berdin zaigu etxean edo etxetik kanpo irabaztea. Garaipenak behar ditugu.

4



Hiru euskal taldeontzat ez da batere positiboa izan ligaren lehen erdia. Athleticek liga irabazita ekin zion denboraldiari, eta Txapeldunen Liga jokatu zuen gero; ondorioz, hasiera gogorra izan zuen. Lesio asko izan zituzten, gainera, eta nekearen eragina ere nabaritu zuten gero. Kosta egin zaie erritmoa hartzea, eta, azkenerako, agian, uste baino jokalari gutxiago dauzkate lehen taldean. Hala ere, pixkanaka ari dira jokalariak berreskuratzen, eta gora begira hasita daude dagoeneko. Realaren kasuan, berriz, bikaina izan zen aurreko denboraldia, eta jokalari batzuk fitxatuta, pixka bat gorago ibiltzea esperoko zuten ziurrenik. Baina partida on asko jokatuta ere, sailkapenean behean dauden taldeen aurka puntu asko galdu dituzte azken minutuetan, eta uste baino puntu gutxiago lortu dituzte orain arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.