David Fernandez.

Kataluniako eraso terroristaren ostean: «Ez dira pasatuko»

2017ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
«Xuxurlaka eta

kantaz diotsut:

Bartzelona, maite zaitut!»

Ovidi Montllor

Amesgaiztoek —gaiztoek eta gaiztoenek— denbora deuseztatu ohi dute. Oraindik eragin emozionalaren pean, hunkituta naukatelarik hiri zaurituak, basakeria nihilistaren hibris-ak, hauskorrak garelako ebidentzia maiz ahantziak eta itzuliko ez den iragan gotortu batean sinesten duten retrotopia politikoen arteko su gurutzatuak, oso nekeza egiten zait idaztea. Are, beharbada, hobe izango nuke isildu, elkartasunez —isiltasun sorgor kolektiboa, erresistentea bezain menderaezina—, biktimak babestearren, harik eta minak lutoari toki eginik berriro ekin diezaiegun, ukituta eta traumatizatuta, gure bizimodu konpartituei. Badira egun miserableak, zeinetan ez datorkigun hitz doirik; badira abagune tragikoak, zeinetan oldean datorkigun ezen mundua oraindik ere toki okerragoa izan litekeelako uste erabatekoa; eta badira toki komunak zeinetan gogora datorkigun ezen ihesean dabiltzan errefuxiatuak —eta oraindik ere hartu ez ditugunak— atzo jendea Rambletan ihesi zebilen horrexetatik dabiltzala ihesean.

Eta heriotzak —hemengoak eta hangoak, inolako hierarkiarik gabe— jada lazgarriki atzeraezinak baldin badira, horien ustezko ondorio kaltegarri zorigaiztokoak errotik saihestu behar dira, gaurtik hasita. Galtzetan lasai ez egonagatik ere, kolpe bakar batez kordokatzen diren hareazko gazteluen gainean eraikitako gizarteetan: dena airean eraikia egongo balitz bezala, eta furgoneta batek dena pikutara bidali eta hondatu balu bezala. Baina Bartzelona minduta eta jipoituta egonagatik ere, gogoan izan beharko genuke gehienbat musulmanak direla fundamentalismo jihadista globalaren biktimak. Eta munduak, eguneroko indarkeriaz mukuru, eztanda egiten duela edozein latitudetan; eta jada unibertsalak direla atzaparkadak, eta minaren internazional bat behar dugula premia larriz. Atzo: 30 hildako Maidugurin, eta haur burugabetuak Molain. Gaur: Bartzelona. Eta diagnostikoan huts egiten baldin badugu, konponbidean huts egingo dugu. Fundació per la Pau erakundekoek atzo bertan gogora ekarri ziguten ebidentzia hau: «Indarkeria, bakea bezala, ez da egitate bakana eta ezustekoa, emaitza bat baizik. Lehendik egin den —eta egin ez den—guztiarena. Eta hemendik aurrera etengabe egin beharko denarena, hori aldatuko bada».

Baldin eta norbaitek uste badu Boko Haramek, Aleporen suntsiketak, Daexek, Kobaneko emakume askeek, Nizako heriotzek, Azoresko hirukoak, Trump-Putin-Erdoganen egia-osteak, M-11k eta Falluja sakailatuak ez dutela zerikusirik edo ez dutela lotura esturik beldurraren eta izuaren globalizazioarekin, geopolitikaren miseria kriminalarekin, diktadura toleratu edo babestuekin eta desberdintasunen metastasiarekin, nonahiko pobreziarekin eta ustelkeriarekin, norbait horrek ezin izango du toki komun hobexeagoa bihurtu mundua. Perbertsioaren taulan lehiatzen da beldurrak berea egingo duelako arriskua, eta islamofobiak eta erradikalizazio jihadistak elkar elikatuko dutelakoa zismogenesi espiral izugarri baten osagarri, zeinak berekin ekarriko baitu beste mehatxu bat: kohesio ezinbestekoak hautsi, ezin onartuzko segregazioak piztu eta ergelkeria politiko irrazionalak eragin.

Fantasiak, politikan, infernua erakarri ohi du. Eta giza kondizioa, ezinago anbiguoa izaki, izugarrikeriarako eta sublimetasunerako gai da oraindik. Ez dago zertan lehiatu ea nor den basatiago. Jakiteak hauskor garela, paradoxaz, erresistenteago egiten gaitu gaur; jakinik zer den gal dezakegun dena, orduan eta gehiago gorde behar baitugu oraindik ere badaukaguna eta den-denon artean eraiki duguna. 1991ko Diari de la Pau aldizkariaren hiri horretan bertan, Irak sakailatu zuen gerra ilegalaren kontrako manifestazio jendetsuetan kaleak mukuru bete ziren hiri horrexetan, M-11n Madril sentitu zen Bartzelona horretan, joan den otsailean errefuxiatuekiko elkartasunez lepo bete genituen etorbide horietan, pixkanaka bihurtzen ari garen herrialde kaleidoskopiko —plural, korapilatsu, askotariko— hori definitzen duten eta 300 ama hizkuntzatik gora dituzten auzoetan. Beldurrari —beldurrak beldur— beldurrik gabe ekiteak esan nahi du, halaber, atzo bertan behealdean aterpetu zela elkartasuna: taxilariek abiasaria kendu zuten, bebarru guztietako ateak zabal-zabalik zeuden, auzokoek urez drainatu zuten beldurraren kaiola, kolorez ezabatu ultraeskuindarren pintaketa guztiak, Eulen enpresakoek bertan behera utzi zuten beren greba bidezkoa, denok ere elkar ezagutu genuen nonahi gure zerbitzu publikoetan eta bizien ilarek gainez egin zuten ospitaleetan. Bat eginik, bai. Horrela bakarrik aurre egingo diogu.

Ez naiz haren oso zalea, baina, 1941ean, hauxe idatzi zuen Churchillek guk 1938an izan genuen bonba jasaren harira: «Ez dut gutxietsi nahi gure bizkar dugun probaren zorroztasuna, baina uste osoa dut gure herrikideak gai izango direla eusteko, Bartzelona herri ausartak egin zuen moduan». Hala izan bedi, nahiz eta ni ateoa naizen, dena delakoa izanik ere jainkoa. Nahiz eta, xaloki (dena parentesi artean esatearren), nik uste izan geroxeago irtengo zirela argitara minaren proxenetak, shockaren doktrinario apologoak, korritu politiko zekenen aprobetxategiak eta estatuaren operazio kaskar grisak. Nahiz eta, halaber, atzo baino konbentzituago egon dagokien-dagokienean, politikariek ez ezik, zenbait kazetarik ere eman beharko luketela dimisioa: ez dut izenik esango, nork bere kasa egina baitu kaskarkeria ikaragarrizko horren autorretratua.

Oraina iluntzen duen sufrimendu saihesgarri horren kontra, asko dago egiteko oraindik. Baina uko egiten baldin badiogu —baldin eta jada ez badugu geure buruan sinesten—, ahuldu egiten baldin bagara —baldin eta arrakalatu egiten bagara—, amore ematen baldin badugu —baldin eta jada ez badugu aldezten bakea, kooperazioa eta justizia direla etorkizuna—, horrek guztiak esan nahiko luke haiek jada irabazi egin dutela. Izkin egin diezaiogun horri: internazional bat minarena, Mediterraneoaren bi itsasertzetako itxaropenarena, komunitatean bertan eraiki behar da, auzo bakoitzean, kafetegi bakoitzean eta etxepe bakoitzeko eskaileretan. Gaur, sekula baino gehiago, geure burua sentitu behar dugu, mugarik eta barrerarik gabeko, Charlotesvilleko antifaxista bat bagina bezala, bazter auzo bateko musulman europar bat, Varsoviako ghettoko judu bat, Egiptoko kristau kopto bat, Kobaneko emakume kurdu aktibista bat, noiz itzuliko den ez dakien emakume siriar erbesteratu bat: mundu bat, alegia, non mundu guztiak kabitzen baitira oraindik, besteen munduak ukatzen dituztenak izan ezik. Beldurraren buruhaustearen kontra, bihur dezagun hiri hau geure aterpe. Zutik, gaurko zauri irekiekin eta bihar ere izango ditugun orbainekin, baina zutik. Egiten dutena egiten dutela ere, aurrerantzean ez daitezela sekula pasa: ez batzuk, ez besteak. Ez sekula. Ez inon. Ez inoren kontra.

(Erredakzioan itzulia)

Jatorrizkoa 'Ara'-n argitaratua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.