Aporiatik eraldaketara

2016ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Ezuste batzuk gure hausnarketa gaitasunik at geratzean, edota gure balore-sisteman iraulketa sortzen dutenean, aporia egoeran eror gaitezke. Aporiatik atera ahal izateko, gogoeta sakona egitea eta aurreikaspen asko zalantzan jartzea beharrezkoa da. Aporia hitz greziarra da. Euskal unibertsoan ere, esamolde batez antzeko egoera antzeman dezakegu: «hamaika ikusteko jaioak gara».

Azken hauteskundeak izan eta gero, Katalunia eta Euskal Herriko ezker independentistan aporia egoeran geratu dira zenbait. Aporiatik askatutakoan, eraldaketa emankorra lor daitekeelakoan, lerro batzuk egiteari ekin diot.

Euskal Herriko mapa politikoan gertuen izan ditudan lagunak Aralarreko Irauli korrontean lerrokatu ziren. Behin, Gernikako Akordioaren ekitaldi batetik gentozela, umorez, horietako batek horrela adierazi zuen: «hau marka!, gu gara kritikoen, kritikoen, kritikoen, kritikoak, hau ganoraz kudeatzea zaila da benetan». Izan ere, Irauli Aralarren korronte kritikoa zen; Aralar, Ezker Abertzalearen enbor nagusiarekiko kritikoa; Ezker Abertzalea jeltzaleen nazionalismoarekiko kritikoa eta bukatzeko, abertzale guztiok frantziar eta espainiar estatuen arerioak.

Oro har, jarrera kritikoa eta eszeptikoa oso osasungarria da, gizakiak egin dituen aldaketa nagusiak egitura zaharrak gainditzean gertatu baitira. Hori dela eta, jokabide kritikoa elikatu beharreko jarrera aktiboa dela uste dut. Hala ere, hiperkritikook zenbait gaitz ere baditugu, horietako nabarmenena: gainideologizazioa.

Arlo soziopolitikoan ekintzaile den orok bere jardunari zentzua emateko ideologia-sistema baten baitan kokatzen du. Zenbat eta gehiago sakondu, hainbat eta zorrotzagoa bilakatuko da ekintzailea. Herri Mugimenduen eraginaren indarrak horretan datza, hain zuzen ere. Hots, jendartean esparru jakin batean eraldaketa beharrezkotzat jotzen denean, (ekologismoa, esaterako) esparru horretako taldea espezializatuko da, aditua izango da. Hausnarketa erradikala egiteko premia izango du eta lanketa horrek ekintza bilakatuko da jendartean aldaketa sortze aldera. Jardun-metodologia hau oso eraginkorra izaten da. Esaterako, duela gutxi arte minoritarioak ziren hainbat eta hainbat lorpen sozioekonomiko eta kulturalak oso txikiak ziren herri mugimenduen lanari esker lortu dira. Haatik, erakunde politiko orokor batentzat, gainideologiaren mugak handiagoak izan daitezke.

Bistan da erakunde politiko, sindikal edota sozialetan ari garenok gertaerak ikuspegi gainideologizatu batetik ikusten ditugula. Horren ondorioz, sarritan antolatu gabeko herritarren begirada ulertzea zaila egiten zaigu. Adibide bat azkeneko hauteskundeetan ukan dugu, eta ez naiz solik EH Bilduz ari, CUP eta EAEko Podemoseko zuzendaritza ohiari buruz ere ari naiz, hiru taldeetan bere esparruko herritar askoren hautua aurreikusteko gaitasunik ez dute/dugu izan eta.

Gainideologizazioak mugak ditu, pedagogiaz eta komunikazioaz gainditu beharreko hesiak. Inondik inora ez dut zalantzan jartzen hausnarketa politiko erradikalak zuzenagoak direla arinkeria ideologikoak baino. Alabaina, jokuzelaiaren arauak sistemaren aldeko eragileen alde egin direnez, jokabide berriak asmatu beharko ditugula ematen du.

XXI. mendera egokitzen

Euskal Herriko jendarte zibila duela 20 urte baino askoz desideologizatuta dago. Jendarte zaharkitua izateaz gain, kapitalismoaren baloreak nahi genukeen baino askoz barneratuago daude, Joseba Egibar berehala ohartu zen eta kanpaina pare bat eginez, boto-emaile poltsa ederrak eskuratu dituzte jeltzaleek. Euskal kulturaren ezaugarriak oso minorizatuta daude, euskararen ohiko erabilera %13ko tasa beldurgarri bezain lotsagarrian dago. Gatazka armatuaren zauri asko oraindik ez ditugu sendatu…

Agertoki zail honetan, ezkerreko independentismoak prozesu bikoitza abian jarri nahi du: kapitalismoa alboratuko duen sistema sozioekonomiko alternatibora eramango gaituena; euskal errepublika burujabera eramango gaituen prozesu askatzailea. Erronka handia bezain ederra eta beharrezkoa. Ustez baino luzeago joko duen arren, eskura daukagun prozesu eraldatzaile bikoitza.

EH Bilduren jaiotzan egon zen aldeko olatua baretu da. Indar sistemazaleek neurria hartu diote eta hurrengo faseari ekiteko garaia da.

Gutxi lagundu dio EH Bilduri «partidokrazia» (zorionez) ukatzen den hauetan, alderdi politiko tradizionalen gaitz gehienak garatu izanak. Gutxi lagundu dio erabaki taktiko guztiak politikari profesionalen begietatik hartu izanak eta kalte ikaragarria egin dio ezker subiranistari lehenengo hauteskundeetan lortutako arrakasta itzelak hegemonia eskura izango zuela amesteak.

80ko hamarkadaren bukaeran, ezker independentistaren ordezkaritza ez zen egungoa baino txikiagoa, desberdintasuna joera soziokulturaletan dago. Urte haietan, ordurako, ETA erakundea jasangaitza zen gurpil eroan sartzen hasita bazegoen ere, ezkerreko abertzaletasuna gazteentzako korronte ideologiko-estetiko erakargarriena zen; orain, belaunaldi berrietan, non eklektismoa nagusitu den, ezkerreko abertzaletasuna aukera anitzen arteko beste bat baino ez da.

Ziur naiz, XXI. mendearen hastapena den honetan, korronte ideologikomodernoenak , beharrezkoenak, eta zuzenenak, ezkertiarrak eta subiranistak direla. Bai hemen, baita Katalunian eta Grezian ere. Herritarron burujabetza, herrion burujabetza, ekonomikoaren sozializazioa, ama lurra babestea, demokrazia erradikala aldarrikatzea punta-puntako aldarrikapenak dira. Oso erakargarriak pedagogia handiz plazaratzeko eta garatzeko gai bagara.

Pablo Gorostiagak esan zuen: «erori gara», altxatzean dena ezberdin ikusiko da eta gauza asko errotik aldatu beharko dira.

Arestian nioen, ezker subiranista eta independentista ez da korronte ideologiko hegemonikoa, ez da epe laburrean izango, baina horrek ez du esan nahi helburu estrategikoak balizko etorkizun zoragarri baterako atzeratu behar direnik.

Helburu estrategikoan egunerokotasunean praktikan jarri behar dira, etxetik hasita eta gehiengo alternatiboak dauden tokietan.

Helburu estrategikoetako bat, benetako demokrazia izanik, ezkerreko independentismoan lerrokatuta dauden talde guztiak gardentasun eta zorroztasun osoz demokratikoak izan behar dira, parte hartzaileak eta herritarrak. Hegemonia eduki gabe, eraldaketa posible da. Kritikoen kritikoen kritikoen kritikoek sarritan egiaztatu dugu. Horren xelebre, arraro, friki ez zaretenok gaitasun eta ardura handiagoa daukazue. Animo, aporiatik eraldaketara pasa gaitezke eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.