Joseba Azkarraga Etxagibel.

Desglobalizazioa, aukeratu zein

2016ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Aspaldiko mantrarik adostuena izan da «ea Clintonek irabazten duen». Pragmatikoa izan behar da, bidea moztu behar zaio nazi orangutanari, eta halakoak haizatu dira. Bai, egia da, hautu zinez konplikatuetan sartzen ari da mundua, hain da bihurria egoera globala. Eta hiperbole posibilistak lortu du protagonismoa, baita errespetagarritasun intelektuala ere. Munduak Clinton masan besarkatzeraino, hau da, oligarkia finantzarioa eta gatazka armatuekiko gustua. Txisteak balio du gertatutakoa azaltzeko: galdetu dio lagun batek besteari ea zertan ari den farolaren argipean. «Giltzaren bila», erantzun dio. «Farola azpian galdu al duzu?». «Ez, baina hauxe da argiztatua dagoen eremua». Hillary argiztatu zuten psikismoaren kiropraktikoak diren hedabide masiboek. Besterik da non dagoen zentzuzko norabiderako giltza.

Iparraldeko euskal herritarrak laster egon daitezke antzeko alternatiba etsigarriaren aurrean. Bitartean, Gasteizen hautatu da lehendakaria, hain eramangaitza inondik ere izan ez den aukeraketan. Hori bai, bi lehendakarigai eta bi proposamen sozioekonomiko. Merezi du gogoetatzea zein paradigma ideologiko duen hondoan batak eta besteak. Planetaren txoko txiki honek munduari bultza zein norabidetan egingo dion batarekin eta egingo liokeen bestearekin.

Lau dira aipatu ohi diren eszenategi global posibleak hurrengo bi-hiru hamarkadatan (2020-2045), eta Valladolideko Unibertsitateko zientzialari talde batek ikertu du euretako bakoitza mamitzeko dagoen aukera erreala, kontuan izanik erregai fosilen agortzea. Lehen agertokia: baikortasun ekonomikoa eta hauspoa globalizazio neoliberalari. Merkatu gero eta lehiakorragoak, komertzio askea eta hazkunde ekonomikoa sustatu dira. Erreformak egin dira merkatuaren akatsak zuzentzeko, pobreziari aurre egin eta ingurumena babeste aldera. Garapen teknologiko azkarraren bidez gainditu da mineral eta energia eskasia. Diru-sarreretan konbergentzia gertatu da munduko erregioen artean. Finean, guztiok globalizazioaren onuradun. Eta muga ekologikoak? Garapen teknologikoarekin konpondu dira.

Bigarren agertokia: garapen jasangarri globala. Hazkunde ekonomikoaren helburuari sendo atxikita, gizadiak arreta handiagoa jarri die ingurumena babesteari eta ezberdintasunak gutxitzeari, horretarako erabiliz nazioarteko lankidetza, bizimoduetan aldaketak eta, batez ere, teknologia berriak (ekoefizientzia, ekonomiaren desmaterializatzea, eta abar). Aurrekoarekin alderatuta, ukitu sozialagoa duen globalizazioa da, eta kapitalismo berdearen paradigma du ardatz.

Hirugarren agertokia: erregioen arteko lehia eta subiranotasun nazionalera buelta. Merkatu erregionalak babestu dira: protekzionismoa, isolazionismoa eta desglobalizazioa. Munduko erregio ezberdinek autoaskitasuna, subiranotasun nazionala eta identitate erregionala lehenetsi dituzte. Ondorioz, tentsioak areagotu dira erregioen artean. Bakoitzak bere segurtasuna bilatzen du, eta arreta gutxi jarri da ondasun komunetan eta nazioarteko itunetan (klima, edota garapenerako lankidetza). Geldoak dira aurrerapen teknologikoak, murrizketa handiak gertatu baitira teknologiaren hedapenean. Agertoki honen adibideak dira Brexita, Trump, Europako eskuin muturraren goraldia, edotaSiriako gerra.

Laugarren agertokia: garapen erregional jasangarria. Globalizazioak atzera egin du eta munduak balore aldaketa sakona ezagutu du: lehenetsi da bizitzaren alde egitea eta kontsumismo zentzugabearen aurka. Bai herritarrek bai herrialdeek erabaki dute erreferente «berdeak» izatea besteentzat. Hesiak berreraiki dira merkantzien komertzioarentzat, baina ez informazio fluxu globalarentzat. Soluzio erregionalak aurkitu zaizkie arazo sozial eta ekologikoei, errotiko aldaketak gertatu dira bizimoduetan, eta gobernantza deszentralizatua gailendu da. Agenda ekologista historikoa gauzatu da, ardatz harturik autonomia lokala eta lankidetza. Gizadiak ulertu du desafioa dela ongizatea bermatzea, guztiona, behera egin bitartean material eta energiaren kontsumoak.

Non kokatu PNV-PSE akordioa? Diskurtsoak batez ere bigarren agertoki sozialdemokratan du inspirazioa (praxiaren zenbait eremutan, aspirazioa lehen agertoki liberalagoan, beharbada). Hori etorriko delakoan, hori indartu behar delakoan. EH Bilduren lehendakarigaiak erradikalizatu egin zuen 2 agertokiaren sozial izaera, baina 4 agertokiaren zantzuak ere izan ziren diskurtsoan, aipatuz zibilizazio krisia, bizitzaren iraunkortasuna, krisi klimatikoaren izaera sistemikoa, demokrazia energetikoa, Naomi Klein, eta eredu berrirako trantsizioa. Noski, esango zaio errazagoa dela Olentzerori idaztea gobernatuko ez duzula dakizunean.

Galdera da: kontuan izanik ekonomia-energia-klima hirukoa, izango ote du munduak aukera errealik 1 eta 2 agertokietarako? Zaila dirudi oso. Valladolideko ikertaldeak dioen bezala, bi horiek baitira xahutzaileenak eta, beraz, problematikoenak baliabideen agortzearen ikuspegitik (nagusiki energia). Aski baliabiderik ez dagoenez mundu guztia klase ertain kontsumista izan dadin, herrialdeek agertoki horiek gauzatu nahi izateak logika ekofaxistak eskatuko ditu: eskasten doazen baliabideak eskuratzeko bulkada errukigabea. Armak inoizko onenak eta ugarienak direnean.

Hirugarren agertokian esplizitua da jarrera ekofaxista: «Errefuxiatuak ez daitezela sar, ez ditugu nahi», dio Europako eskuin muturrak. Adi, baina, sibilinoagoak diren adierazpideei: «Etor daitezela, hartu nahi ditugu, baina ez dugu auzitan jarriko hango lurraldeetan egiten ari garen sakeoa, ezta gure kontsumo maila ere».

Muga biofisikoak saihetsezinak dira. Eta datuek gero eta ozenago iradokitzen dute alternatiba politikoa dagoeneko ez dela globalizazio neoliberala edo keynestarra. Jarrai dezakegu bilatzen farolak argiztaturiko eremuan, baina limitearen giltza ez dugu hor aurkituko. Eta kontua da limitea geuk topatzea geure borondatez, antolatuz trantsizio justua eta baketsua. Ostantzean, limiteak berak aurkituko gaitu, injustizia, kaos sistemiko eta militarismo dosi altuko trantsizio behartuaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.