Agur, DSS2016!

2016ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
365 egun. 46,8 milioi euro. 98 proiektu. 3.000 ekimen. Kultura. Elkarbizitza. Arrakasta. Orain dela urtebete «gertakizuna» heldu zela iragarri zen, DSS2016 egitasmoaren hasiera ekitaldi eztabaidagarri eta etsigarri batekin. Galderak erantzun ziurrak baino ugariagoak ziren; Ezkon aurreko ezbaiak deitu nion une hari. Orain, hamabi hilabete igarota, udako amodio bat bizi izan dugula pentsa genezake. Oso ederrak eta bereziak izaten dira udako amodioak: lilura, berritasuna, ustekabea eta zoramenak txunditzen gaitu. Tentazioz beteriko egun intentsoak eta are intentsoagoak diren gauak bizitzen ditugu eta Lekeitioko antzarrak heltzerako, eta, kantak dioen bezala, summertime sadness moduko batean murgiltzen gara: liluraren puxika erraldoia hustu egiten da eta udako amodio horren gazi-gozoak pairatzen ditugu.

DSS2016ren agurrean, udako amodio horri amaiera emateko herriko parkinean egiten den agur sutsu batean murgilduta egongo bagina bezala ari gara: agur arina, azalpen handirik gabe eta etorkizunaren gaineko errukizko gezurrez beteta. Agian, kultur hiriburuaren programazioarekin, gure udako amodioekin gertatzen den legez, saturatuta bukatu dugu eta epe luzean oinatz sakonik utziko ez digun sentipena dugu. Kultura sadness moduko bat biziko dugu datozen hilabeteetan.

Hainbeste eskutatik pasatu den makroproiektua izanda, aurrekontua gutxituz zihoalarik lantalde desberdinak desagertuz eta berriak osatuz, koordinazio taldeak ez du bide erraza izan. Aurpegi bikoak izango ginateke txarto irtendakoaz bakarrik gogoratuko bagina eta egindako lan guztia aintzat hartuko ez bagenu. Orain egindako lan guztiaren balorazioari aurre egin behar zaio. Zelan neurtzen da horrelako makroegitura batek izan duen kultur proiektu baten eragina eta arrakasta? 30 euroren truke saldu diren sarreren kopurua kontuan hartuz? Beste behin ere, azterketa kuantitatiboak kualitatiboak baino garrantzi handiagoa du. Inpaktu-azterketa ekonomikoaz gain, kulturaren errentagarritasuna (baldin eta argi badu norbaitek zer demontre den hori) aurreikusteaz gain, ez al da garrantzitsua balorazioa egiteko herritarren iritzia jakitea? Zergatik ez hurbildu instituzioek eta politikariak parte hartu duten kultur eragileengana, proiektu xumeak aurrera atera dituzten artistengana? Eta tabernetara, parkeetara, institutuetara, hondartzetara, autobus geltokietara ere joan beharko lirateke eta jendeari iritzia galdetu. Elkarbizitza ez zen gure bandera?

Zer espero dugu instituzioek egindako balantze horretaz, orduan? Politikariek eta kultur kudeatzaileek oso ondo betetzen dute euren papera; harro agertu dira helburu gehienak bete direlako, eta hainbeste maite dituzten azaleko esaldiak behin eta berriro aipatuz: «munduan leku bat geureganatu dugu», «inbertsio gehiena hemen geratu da» eta «jendea, oro har, oso pozik gelditu da». Eta hor sortzen dira DSS2016ri buruzko balorazioaren inguruko pertzepziodesberdinak.

Eta zelan ulertu beharko genuke egunero zortzi ekintza baino gehiago programatu izana, komunikazio estrategia ikaragarria falta izan denean? Zelan ulertu beharko genituzke erakundeen arteko etengabeko desadostasunak? Zelan ulertu, gainera, artearen bidez gizartea ulertzea, aldatzea eta eraldatzea aldarrikatzen badugu gainera, muga instituzionalak ipini eta zentsura normaltzat baliatu izana? Zelan ulertu Udaleko kultura saria torero batek jasotzea?

Izango da oraindik pentsatuko duenik elkarbizitza txistu, danbolinez eta trikitiagaz konpontzen dela, baina proiektuak haratago heldu nahi zuen eta zubigile lana egin nahi zuen kultura eta elkarbizitza lotuz. Hiriburutza tokiko, estatuko zein Europako erakunde politiko eta kulturalen arteko harremanen katalizatzaile bihurtu nahi zen eta legatu hori bermatzeko 1,8 milioi inbertituko dira datozen hilabeteetan. Egun hauetan legatuaz asko hitz egingo da, baina epe motzean, oraindik behintzat, zerbait lausoa izango da.

Udan Marseillan lanean egon nintzen egun batzuetan. Egunero gosaltzen nuen kafetegiko zerbitzariari galdetu nion ea bere ustez 2013ko Europako Kultur Hiriburutzak utzitako legatua zein zen eta haren erantzuna erabatekoa izan zen: «Legatua? Ez, hemen antzerki eta gauza asko egin ziren, baina gero bakoitza geure etxera joan ginen». Baina Donostiako «marko paregabean», politikari azkarren bati kentzea ez bazaio okurritzen behintzat, bada artelan bat DSS2016ren inguruan hausnarketa egitera gonbidatzen gaituena. Igor Rezolaren obraz ari naiz, Hormek diote proiektuaren baitan kokatzen dena. Hemendik aurrera Urumeako igogailutik pasatzen garenean eta paretako kapital irakurtzen jarraitzen dugunean kultur hiriburutza zer izan den (zen) gogoratuko dugu eta kultura hitzaren beraren inguruan, haren baitan dauden esanahi eta kontraesan ugarirekin, behar zen baino gutxiago jardun, eztabaidatu eta gogoeta egin dugula (genuela) gogoratuko dugu.

20 urte ostean, Europako Kultur Hiriburua Danimarkara bueltatzen da, Ã…rhus hirira, eta «kultur marketinaren makina» berriro aktibatu da: Let´s Rethink lelopean, eta dekorazio kate ultrafamatu baten eslogana bailitzan, we will have plenty of 'Hygge'! esaldiarekin gonbidatzen gaituzte. Hainbeste idealizatzen dugun kultura nordikoan, itzulpenik ez duen kontzeptua da hygge: bizitzaz plazer txikiekin eta modu natural batean disfrutatzeko daukagun gaitasuna. Edo bestela esanda, goxo-goxo bizitzaz gozatzea. Egun hotz hauetan, udako amodioak jadanik ahaztuta, oporrak amaitzen ari direla eta DSS2016ri agur esanda, hygge eran bizi dezagun kultura. Hori ere elkarbizitza baita, zuk eta nik bat egitean sortzen dugun espazioa leloaz gogoratuko gara, eta tarte horretan huts egin, erori eta berriro altxatzen bagara, hobeto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.