Europa bidegurutzean

2017ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Bihar, martxoaren 25ean beteko dira hirurogei urte Erromako Itunak sinatu eta Europako Ekonomia Erkidegoa (EEE), hots, gaur egungo Europar Batasunaren aurrekaria sortu zenetik. Urteurrenaz gogoetan, bata bestearen atzetik datozkigu galderak eta zalantzak. Zer-nolako bilakaera izan du europar proiektuak ordutik hona? Bete al ditu hasiera hartan ezarri ziren helburuak? Zein zen, baina, proiektu hura abian jarri zutenen benetako xedea?

Batzuen ustez, Europan bake eta garapen iraunkorra bermatzea zen xedea; beste batzuen ustez, kapitalaren interesen araberako esparru ekonomiko huts bat sortzea. Bai iritzi batekoek, bai bestekoek arrazoiaren parte bat izango dute edo dugu seguruenik, baina maiz denoi ahazten zaigu gogoratzea Monnetek, Schumanek, Hallsteinek eta europar proiektuaren gainerako aitzindariek bazutela beste xede edo amets bat proiektua abian jarri zutenean: nazioz gaindiko Europa bat eraikitzea, hots, joan den mendean Europan bi mundu gerra eta milioika hildako eragin zituzten nazionalismoak eta nazio-estatuak historiaren putzu ilunera betiko botako zituen Europa bat sortzea.

Erromako Itunak sinatu zirenetik hirurogei urte igaro direnean, ezin esan liteke, ordea, europar proiektuaren aitzindarien ametsa bete denik. Aitzitik, amesgaiztoak hartu du Europa, eta Europaren ideia amildegiaren ertzean kulunkan dago, politika neoliberalek eragindako desberdintasun ekonomikoek, immigrazioak, benetako egitura demokratikoen gabeziak, Brexitak eta nazionalismoaren gorakadak bultzatuta. Sentimendu identitarioak berpiztu dira, birnazionalizaziorako joerak nagusitu. Hasierako uste okerraren aurka, nazio-estatu zaharrek ez dute desagertu nahi, eta, okerragoa dena, ez diote aitzindariek amestu zuten nazioz gaindiko Europa berriari bide eman nahi.

Hain zuzen, Europar proiektuaren gidaritza nazio-estatuei emateko erabakia hartu izana da, batez ere azken urte hauetan gertatutakoari erreparatuz gero argi geratzen denez, europar proiektuaren eraikuntza osoa lur jotzeko arriskuan utzi duen egiturazko akats larria. Nazio-estatuek behin eta berriz saboteatu dituzte Europaren batasunean sakontzeko proposamen guztiak, Europako Batzordearen eta Parlamentuaren jarduna setaz eta amarruz oztopatu dute. «Urrutiko» Bruselari egozten zaizkion erabaki zalantzagarri askoren atzean «gertuko» nazio-estatuen ezkutuko eskua dago sarri, eta Europar Kontseilua izan da suntsitze lan hori egiteko nazio-estatuek erabili duten suntsipen handiko arma eraginkorra.

Arrazoi horiengatik guztiengatik, ez zaizkigu sinesgarriak iruditzen orain zenbait nazio-estatu abesten ari diren sirena kantuak, urperatzekotan den europar ontziari itsasaldiko enbatak eta ataka gaiztoak gaindituz porturatzen laguntzeko. Nola gauzatuko dute ba nazio-estatuek europar proiektuaren aitzindarien ametsa, proiektuaren arrakastak beren porrota eta desagerpena baldin badakar ezinbestean? Hori egin ordez, nahiago izan dute europar ametsa kale itsu batera eramatea.

Hortaz, nori dagokio orain europar proiektuaren gidaritza eta hura kale itsu horretatik ateratzeko ardura bere gain hartzea? Oro har Europako herritar guztioi, eta bereziki euskaldunoi, zeren, Koldo Mitxelenak zioen bezala, euskaldunok ezin baikaitezke zalantzan hasi Europari buruz, gure sustrai guztiak Europan baititugu, eta nazioz gaindiko bestelako Europa hori izan litekeelako, Brexita dela-eta Eskozian gertatzen ari denak erakusten duen bezala, pentsamolde bateko zein besteko euskaldunon elkargune, eta, zergatik ez, independentistek eta independentista ez direnek etorkizunean partekatuko duten orube komuna. Izan ere, independentziaren ideia, Joxe Azurmendik dioen bezala, beste Europa baten ideia baino ez da, eta, nazio, nazionalismo eta nazio-estatuez harago, Europako herritar guztiak, euskaldun, andaluziar edo katalan izan edo gaztelau, galego, bavariar, bretoi edo okzitandar izan, aniztasunean baturik egongo lirateke Europa berri horretan.

Aurrean dugun bidegurutzean, europar herritarroi dagokigu erabakitzea, gu baikara egiaz subiranoak eta ez nazioak edo nazio-estatuak, porrotera kondenatuta dagoen nazio-estatu berekoien EB itxi eta ez-demokratiko bat iraunarazi nahi dugun, edo kontinenteko hizkuntza eta kultura aniztasuna babestuko dituen nazioz gaindiko Europar Errepublika aske eta ireki bat eraiki nahi dugun. Gu guztioi baitagokigu erabakitzea, Stefan Zweigek esango lukeen bezala, Europak bere burua suntsitzen jarraituko duen edo bateratu egingo den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.