Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Iritzia Abiadura handiko ustelkeria

Publizitatea

Iritzia

Abiadura handiko ustelkeria

 

2017-06-30 / Oskar Matute - EH Bilduko diputatua, Espainiako Kongresuan

Joan den astelehenean, ekainaren 26an, Luis Barcenasek agerraldia egin zuen Madrilgo Diputatuen Kongresuan, Alderdi Popularraren legez kanpoko finantzaketa ikertzen duen batzordearen harira. Hutsaren hurrengoa izan ziren bertan ginen diputatuok atera ahal izan genizkion erantzunak, ezer gutxi esan baitzuen. Izan ere, zilegizko defentsak ahalbidetzen dion isiltasunaren aitzakiapean, gero eta argiago dago «omerta» deritzon isiltasun itun bat dagoela atzean. PPren diruzain ohiak alderdiaren erantzukizuna arindu nahi du eta, horren truke, Espainiako erresuman eta bere eredu ekonomikoan hain agerikoa den ustelkeria sistema honen pagaburu izan denarentzat zigor ahalik eta txikiena lortuko dute.

Batzorde horretan, ERC zein EH Bildutik tesi jakin bati eutsi genion: ustelkeria ez da koiunturala, sistemikoa baizik; ez da behin-behineko gaitza, ezta inor harritzeko moduko ezer ere, orokorra eta agerikoa baita. Luis Barcenas negozio eredu horren peoia baino ez da, ekonomia eta politikaren arteko harreman ereduarena, zeinetan gainsoldata eta alderdirako dohaintzek ordaina duten: obra publikorako kontratuak, ate birakariak eta abiadura bizian aberastea. Hauxe besterik ez dago «mirari espainiarra» deritzonaren atzean.

Baina zer dela eta diogu hau guztia? Gure ustez, froga ugari eta anitzak daude, eta horietako asko Barcenasen agiriekin zerikusia duen gauza orotan azaltzen dira. Espainiako estatuaren geografian zehar esleitu diren obra publikoetan gauzatu dira frogak, baina modu berezian topatu daitezke gure herrian Abiadura Handiko Trena eraikitzeko lanetan ere.

Barcenasek dio enpresaburu desberdinek PPri eginiko dohaintzak —legeak ezarritako mugatik harago, ez dezagun ahaztu, botere ekonomikoa politikoaren gainetik dagoela gogoratzeko behintzat— alderdiarekiko atxikimenduaren emaitza zirela. Alegia, enpresariek PP miresten edo maitatzen zutelako ematen zuten dirutza, oso gustura eman ere. Ez zegoen inolako ordainik alderdi edo gobernuan zeuden erakundeetatik. Istorio honen aurrean, gutxienez, bi aztergai nagusi azaltzen zaizkigu. Batetik, ea benetan Barcenasen agirietan azaltzen diren enpresa guzti-guztiak PPren aldekoak edo gertukoak ziren eta, bestetik, ea dohaintzak egin ostean «laguntzarik» eskuratu zuten obra publikorako esleipenen bidez. Goazen ba aztertzera:

Agerikoa da gobernuan pairatzen ditugunen aldeko enpresaburu asko dagoela, egiten dituzten politikak gutxiengo dirudun horren mesederako baitira (eta ondorioz, noski, herritarren gehiengoaren kalterako). Baina, horrela izanda ere, dohaintzak egin zituzten guztiak PPren ildokoak al dira?

Diru-emaileen artean Urazca euskal enpresa ageri da, 2007an 90.000 euroren dohaintza egin ziona garaiko kontseilari ordezkari Ignacio Ugartetxeren izenean. Enpresa honen sortzaile izandako Antonio Pinal Gil edo Emilio Alvarez Lopez, Euskal Autonomia Erkidegoan nagusi den alderdi bati eta Bruesa taldeari modu estu eta zuzenean lotuta egon dira. 2006an 48.000 euro eman zituzten, baina harro azaldu dira PP ez den estatu mailako alderdi indartsu batekin harreman estua dutelako. Oraindik ere, PPrekin atxikimendu ideologiko gisa enpresek egindako dohaintzak direla, hemen aipatutakoak barne, mantenduko al dugu? Edo onartuko dugu behingoz obra publikoen esleipenen erruletan sartu nahi duen edozein enpresak ordainketa kutxatik pasa behar duela? B kutxatik, noski.

EH Bildutik 2016ko irailaren 14an eskatutako idatzizko informazioaren harira, ADIFek burututako AHTaren euskal ibilbiderako lanen esleipendun enpresei zegokien inguruan aurtengo maiatzaren 31n jasotako erantzunak aurreko paragrafoan aipatzen genuen susmoari erantzuna eman zion. Esleipendun enpresei dagokienez, ia guztiak Barcenasen paperetan ageri dira eta, ondorioz, inputatu gisa ageri dira egun irekita dagoen epaiketan. AHTaren ibilbiderako kontratuak lortu zituztenen artean OHL, Sacyr Vallehermoso, Azvi, FCC eta Urazca ageri dira, kasu gehienetan esleipenaren aurreko eta ondorengo hilabeteetan PPri dohaintza altruistak egindakoak. Ez, kasualitaterik ez dago hemen. Gutxienez 8 urtez aritu ziren azpijokoetan, 2000 eta 2008 urte bitartean. Kasualitatea ala kausalitatea? Guk ez dugu zalantzarik, bigarren aukera da zuzena.

Batzordearen lana hasi besterik ez da egin. Oraindik ahots ugari entzun beharko ditugu, ehunka galdera egingo dizkiegu eta tonaka agiri ditugu mahai gainean ikertzeke. Barcenas lehenengoa izan da. Bere paperek eztabaida kokatzeko balio dute eta izen-abizenak jartzen dituzte diru publikoa xahutu eta lapurtzeko sortutako sare honetan; noski, betiko eliteen mesederako. Baina gehiago etorriko dira, Gurteleko buru Alvaro Correa kasu, eta espoliazio honetan zeresana duten beste batzuk.

EH Bildutik guztion diru publikoa eraman nahi duten lapurrak maskaragabetzeko lanean jarraituko dugu. Izan ere, lapurreta horren beste aldean daude murrizketak osasungintzan, hezkuntzan edota zerbitzu sozialetan. Sistema publikoaren gainbeheratik porlanarekin eta inolako etekin sozialik zein bideragarritasun ekonomikorik ez duten azpiegitura erraldoiekin —AHTa besteak beste— aberasten direnak egon badirelako. Baina guk argi dugu ikerketa batzordearen lana hasi besterik ez dela egin. Ustelkeria Espainiako erresuman guztiz ezarrita dago, eta aurre egiteko dugun bitartekorik onena gure errealitate propioa eraikitzea da. Zintzotasunean, justizian eta duintasunean eraikitzeke dagoen errealitate horren izena Euskal Herria da.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak