'Guernica' Gernikara, askatasuna Euskal Herrira

Jon Argintxona - Gernika Batzordea

2017ko abenduak 5
Picassoren Guernica izan daiteke gaur egun mundu mailako koadrorik ezagunenetakoa, eta agian gehien errepikatzen dena etxe, bulego eta kaleetan; manifestazio ugariren pankartetan ere ikusten dugu maiz. Arte bikaina eta erreibindikazio aurrerazaleak ordezkatzen ditu, eta balio sinboliko handia bereganatu du, zalantzarik gabe. Gaur bertan zabaltzen da Bilbon erakusketa, Madriletik ekarria, Picasso, todos los viajes del Guernica izenekoa.

Gernikatik bertatik interpelazio zuzena egin behar dugu: Picassoren Guernica ondo dago Madrileko Reina Sofia museoan? Interpelazio hori egitera gatoz Gernikatik Bilboko Uribitarte-Abandoibarrara, erakusketa horren inaugurazioaren atarian jarri eta gure egia hau agertzera.

Uste dugu ez dagoela batere ondo han. Uste dugu Guernica Gernikara ekarri behar dela lehenbailehen. Hemen azalduko ditugu horren aldeko arrazoi eta motibo guztiak.

Picassoren koadroak 80 urte bete ditu aurten, Gernikako bonbardaketatik joan diren urte berberak. Bonbardaketa anker hura izan zen, hain zuzen ere, Picassok koadroa egiteko motiboa. Egia da Picassoren koadroak 80 urte horietan bidaia ugari egin dituela: Parisen sortu zenetik 1937 hartako maiatza-ekaina bitartean, gerora Europan eta Amerikan zehar 11 herrialde bisitatu izan ditu eta 41 erakusketa desberdinetan izan da mihise handi zabalak. Bidaia luzea benetan, Guernica koadroarena. Baina Madrileko Reina Sofia museo hori izan behar da azken portua? Eta zergatik ez Gernika bera, portu naturala? Bada, orain esaten digute «arrazoi teknikoak» daudela, koadroa ezin dela mugitu gehiago. Argudio absurdoa berau, gaur egun baldintza teknikorik egokienak daudenean Madriletik Gernikaraino bidaia egiteko. Azken bidaia hori modu ondo babestuan egin dezake Picassoren Guernica-k, bere leku egokia, munduan duen egokiena, Gernikan bertan aurkitzeko.

1937, apirilak 26, merkatu eguna Gernikan. Arratsaldeko 16:20an, ustekabean, hegazkin batzuek zeru gainean, bonbak jaurtitzen dituzte herri gainera. Hortik aurrera, arratsaldeko 19:40 arte, etengabeko bonbardaketa burutzen dute, 27 hegazkin bonba apurtzaile eta suemaleak erabiliz, 46 tona bonba, eta horrez gain 32 hegazkin ehiztari, ihesean zihoan jende guztia metrailatuz. Hegazkinak uholdeka zetozen Gernika gainera Burgosen, Sorian, Gasteizen eta Lasarten, frankisten menpe zeuden aireportuetatik. Kondor Legio alemanekoek, Aviazione Legionaria faxista italiarrenek, eta frankisten hegazkin batzuek. Txikizio itzela burutu zuten Gernikan: 2.000 pertsona baino gehiago hil zituzten, defentsarik gabeko herritar xeheak guztiak, eta haien etxeak hondatu, Gernikako eraikin guztien % 85 guztiz txikitu eta erre.

Franco general matxinatuak agindu zuen Gernikako bonbardaketa kriminal hura; berak eta Mola generalak hautatu zuten Gernika, hiri hau euskaldunontzako askatasun eta iraupen sinbolo nagusia delako; nazi alemanek eta faxista italiarrek jarri zituzten hegazkinak eta bonbak ekintza kriminal horren zerbitzura. Baina gau berean, Francok eta haren jarraitzaile guztiek ukatu egin zuten munduaren aurrean bonbardaketa egon zenik, eta gudari euskaldunei eta komunistei leporatu zieten Gernika erre izana. Gaur egun «egia alternatiboa» deitzen den manipulazio politiko eta mediatiko erraldoia, beraz, Gernikako bonbardaketarekin hasi zen, Xabier Irujo historialari bikainak bere azken obran, La verdad alternativa liburu argitaratu berrian zehazten duen moduan.

Egiaren alde, Gernikako bonbardaketaren kronika zehatza idatzi zuen The Times egunkari britainiarrean George Steer gerra-kazetariak, eta bertsio kontrajarri horien erdian, Picassok Parisen jakin zuen Gernikako sarraskiaren berri, L´Humanité egunkari komunistak George Steerren kronika txertatu zuenean. Baina Picassoren Guernica unibertsala da, hain zuzen ere, Gernikan sustraitua dagoelako eta mundu guztiko sarraskien eta gerra krimenen salaketa indartsua delako, zehaztasun horrek ematen diolako indar unibertsala. Gernikan sustraitzen da Guernica.

Picassoren Guernica koadroa lekuz kanpo dago Madrileko Reina Sofian. Kontuan izan estatu espainiarrak ez duela gaur arte bonbardaketan daukan erantzukizuna onartu; Alemaniako estatuak egin du aitortza, baina Espainiak ez; indarrean dagoen estatu-bertsio ofiziala, gaur egun ere, frankistena da, euskaldunok erre genuela Gernika esaten duena. Kontuan izan Gernikako bonbardaketa estatu espainiar frankista inposatuaren ekintza fundazionala izan zela, eta estatu hura, funtsean, mantendu egin zela 78ko trantsizioa deitu prozesuan. Trantsizioaren estatu espainiarrak aurreko estatu frankistaren zutabe nagusiak bereganatu zituen, artean Espainiaren batasun ukiezina eta nazio espainiarraren derrigortasun inposatua. Horregatik ari da estatua lehertzen Katalunian gaur egun. Horregatik ezin dio Gernikako bonbardaketari eta Euskal Herriaren suntsipen prozesuari aurrez aurre begiratu eta estatu horren fundazio-ekintza bezala aitortu. Gernikak subertsiboa izaten jarraitzen du estatu espainiarrean, Euskal Herriak ukatua izaten jarraitzen duen moduan. Picassoren koadroa 1981. urtean Madrilera eraman bazuten, trantsizioaren estatu horri berez ez duen legitimazio irudia ematen saiatzeko egin zuten hori, besterik gabe.

Horregatik da zentzuaren aurkakoa Picassoren Guernica estatu horren hiriburuan, Madrilen egotea, eta are Reina Sofia museoan bahitua bezala gordetzea.

Horregatik behar ditugu Picassoren Guernica Gernikan eta askatasuna Euskal Herrian. Zuzenbide eta arrazoi unibertsalaren izenean.

ARTIKULU HAU HONAKO HAUEK ERE IDATZI DUTE: Maitane Azurmendi, Oihana Cabello, Javier Etayo Tasio, Sabin Ibazeta, Juantxu Izagirre, Karmelo Landa, Ibon Meñika, Xabier Onaindia, Camino Saiz eta Alberto Gabika.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna