Kale-argi baten eraistea

2017ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Gaur egungo Katalunian, iduri du sekula ez dela izan hango parlamentuak onarturiko aldebakarreko independentzia deklarazioa (DUI). Are gehiago: iduri du inoiz ez dela onartu. Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioak, batez ere, zera ekarri du: gobernu bat desegin dute, eta beste gobernu bat osatzeko hauteskundeetara deitu. Bi-biak, gobernu autonomikoak, beste independentzia deklarazio bat bultzatzeko asmorik gabe sortzen den edozein bezala.

Hauteskunde eztabaidei begira nago, eta iruditzen zait kale-argi bat—hau da, DUI— eraitsi izanaren ondorioei buruzko eztabaida bat ikusten ari naizela. Prozesuari —beste termino bat jadanik zaharkitua— sinpatiaz begiratzen dioten euskal herritarrek, porrot independentistaren ondorio materialei ez ikusi eginez, diskurtso abstraktu bati ekin diote, eta argiaren balioaz mintzo zaizkigu, erabakitzeko eskubidearen garrantziaz. Kataluniako alderdi politikoak, berriz, errealitaterik gordinenean baitaude, banaturik daude: batzuek kale-argiaren burdina nahi dute, ilunpetan egon; batzuek uste dute ez zuela nahiko argitasunik ematen, eta beste batzuek, argitasun handiegia ematen zuela. Batzuek udal ekipamenduren bat suntsitu nahi dute, edo beste zernahi. Jarri asmo bakoitzari Kataluniako alderdi baten sigla, eta hauxe ondorioztatuko duzue: azkenean, denak ilunpetan.

Horixe da Kataluniako hurrengo hauteskundeetarako nire pronostikoa: iluntasuna. Ez dut uste bloke subiranista nagusituko zaionik unionistari, ezta alderantziz ere. Ez dut uste bloke bakoitzaren barrenean alderdi bat gailenduko denik besteen gainetik. Zinez, ez dut uste blokeez hitz egin daitekeenik ere: hain dira asimetrikoak, bai bata bestearen aldean, bai bakoitza bere osaeran, ezen osoa ezin baita ulertu parte baten arabera bakarrik.

Nik neurea, eta besteak hor konpon: hori izan da 155. artikuluaren aplikazioaren ondorio makurra, eta horrek berdin-berdin balio du bai nagusi izateko lehian dabiltzan alderdi subiranistentzat eta bai unionistentzat, beste hainbeste egiten ari dira eta. Zintzotasun falta mingarri bat dago Kataluniako politikarien artean. Salbuespena CUP da, baina iragartzen dut bere koherentzia intrantsigenteak ez diola emaitza onik ekarriko, joko politikoak ziaboga egin baitu printzipismotik errealismo politikorik arruntenera. Kataluniako bizitza politikoa aritmetika huts bihurtu da, batuketak eta biderketak egiteko ariketa huts, zenbakien eta zifren gurpil zorabiagarri. Inolako alderdik ez du egitasmo komun baterako proposamenik egin, ezta aliantza komunei buruz hitz egin ere. Aldez aurretik hauteskunde emaitzen kontuan galdurik dabiltzanez, posibilitate askotako etorkizun bat galduko dute.

Gainera, jokalari ikusezin bat dabil emaitzen gainetik: dirua, zeinak, antza denez, bizia esan nahi duen, dena egiten duen. Bene-benetakoak dira ihes eginiko hiru mila enpresak, industria gune handiak lekualdatzeko mehatxua, joan-etorri turistikoen edo etxe merkatuaren jokabidearen inguruko zalantzak. Eta duda egiten dut hori guztia ez ote duten kontuan hartuko hautesleek, zeinek samaldaka joko duten bozkalekuetara, seguru asko.

Horra hor gakoetako bat: alde egin dutenen boterea eta geldirik geratu direnen boterea aurrez aurre. Subiranismoak sorturiko ziurgabetasun ekonomikoek motibatuko ote dituzte hautesle erabakigarriak, hau da, orain arte hauteskunde autonomikoez edo prozesuaz paso egiten zuten horiek? Gerta litekeen hauteskunde mobilizazio horri kontrapisua jarriko ote dio lanturua garaipen kantu bihurtzen duen urguilu minduak? Hautesleak mobilizatzeko ez da aski printzipio abstraktu bat: zerbait emozional behar da, arrunt motibatua dagoen zerbait. Kartzela, erbestea —euskaldunok badakigu zertaz ari garen—, grina politikoaren erregai indartsuak dira.

Katalunia mediterraneoa da, eta Euskadin ahaztu egiten zaigu frankotan. Duela gutxiko solasaldi batean, buruzagi subiranista nabarmen batek horixe gogorarazi zion Andoni Ortuzarri, eta hark niri kontatu zidan. Politikari katalanak ohartarazi zuen eten bat dagoela bere alderdiaren eta hautesleen artean, merkataritzaren harako oinarri haren ondorioz: bezeroak arrazoi du beti; oraingo honetan, ANCk eta Omnium Culturalek mobilizatutakoek. Merkataritza kontratu bat litzateke, beraz. Euskal alderdiek, haren ustez, bizirik irauteko esperientzia pilatu dute: errealitate soilarekin moldatu beharra daukate bizirik irauteko. Beraz, kontratu existentzial bat litzateke.

Baina jainko-jainkosa grekoak ere badira Mediterraneoa. Homerok, Odisea-ko IV. kantuan, kontatzen digu Proteok maite duen horren forma hartzen duela. Jainko txiki bat da, jakintza handikoa, eta hainbat forma hartzeko gai da, galderei ihes egiteko. Erantzutera behartzeko modu bakarra dago: gogor eustea, ostera bere jatorrizko forma hartu arte. Susmoa dut abenduaren 21eko hauteskunde emaitzak ez direla izango Kataluniak bere jatorrizko forma edo beste inolako forma ezagun onartzeko bezain argiak, eta dena ilunpetan geratuko dela.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.