Marxen 'Kapitala' egungo patriarkatuan

Jule Goikoetxea. Teresa Larruzea

2017ko abenduak 28
Orain dela 150 urte idatzi zuen Marxek Kapitala obraren lehen alea. Gure garaiko analisirik handienetakoa, dudarik gabe, eta kapitalismoa ulertzeko giltza politiko-ekonomikoa. Hala ere, oraingoan ez zaigu Kapitala azaltzea egokitu, haren kritika feminista egitea baizik.

Kritika nagusia hurrengoa da: balioa sortzen duen lana merkantzien produkzioan oinarritu izana erreprodukzioaren esparrua balioaren teoriatik kanpo utziz. Marxek ez zuen lan erreproduktiboa, emakumeek soldatarik jaso gabe egiten duten lana, kapitalismoaren metaketaren zergatian edo nolakotasunean barneratu. Hau da, ez da metaketa horren explanandum-a. Eta horren ondorioz, kapitalismoaren lanaren bidezko esplotaziotik eta soldatak langileria klasean sortzen duen zatiketatik at utzi zituen emakumeak, eta horrekin, beren lana, bizitza, balioa, historia, eta subjektu politiko izateko aukera.

Kapitala obraren arabera, lan indarra sortzeko behar den bakarra merkantzien produkzioa eta merkatua dira. Izan ere, lan indarraren balioa beharginek behar dituzten merkantzien (etxea, janaria, arropa, eta abarren) arabera neurtzen da, berauek sortzeko behar den lan-denboraren arabera, non lantzat gizonek egiten duten hori bakarrik hartzen den, merkantziek, beren baitan, lan indarraren merkantzia sortu ahal izango balute bezala.

Bigarren olatu feministaren magalean teorizatu zuten feministek erreprodukzio lanak ahalbidetzen duela produkzio kapitalista. 1960ko eta 1970eko hamarkadetan erakutsi zuten lan indarra sortu eta birsortzeko merkantzien kontsumotik harago joan beharra dagoela, janaria prestatu, arropak garbitu eta gorputzak zaindu egin behar direlako. Eta hori norbaitek egin behar duelako. Langile zehatz baten ekoizpenaz arduratzen da behar erreproduktiboa, eta, beraz, familiaren, sexualitatearen, ugaltzearen eta espazio pribatuaren sorkuntza eta antolaketa zehatz batez. Patriarkatu modernoaren zutabe den horretaz, alegia. Beraz, emakumeak emakume izateagatik sistematikoki menderatzen dituen sistema batek bermatzen du, besteak beste, menderakuntza kapitalista. Eta hargatik jarraitu zuten feministek, 1980ko hamarkadan, etxeko lanaren balioaren aldeko borrokan, ez soilik kapitalaren metaketaren kausetako bat delako, baizik eta kapitalismoa ez delako identifikagarria soldatapeko lan kontraktualarekin bakarrik, berau emakumeek ordaindu gabe egiten duten lanean funtsatua dagoen heinean.

Horrez gain, bigarren olatuak erreprodukzio lana deitu izan den horren aintzatespen galtzeak emakumea izatearekin duen lotura ere erakutsi zuen, eta azaldu zuen emakumeak biolentzia sinbolikoaren eta desprestigioaren bidez sortzen diren izaki subalternoak direla, hori izaki patriarkatu kapitalistaren eta metaketa kapitalistaren oinarria. Dalla Costa, Fortunati, Mies eta Jamesen analisiei jarraikiz, Federicik arrazoi du dioenean sorginen erretzea emakumeak domestikatzeko eta erreprodukzio lana dohainik egitera behartzeko egin zela. Bestela esanda, pentsamendu dikotomiko eta sexuatuan oinarritutako lanaren banaketa sexuala (generoa) kapitalismo modernoaren zutabe gisa proposatzen ari gara. Hartara, marxismoak kapitalaren eta soldatapeko lanaren arteko gatazka ekoizpen modu kapitalistaren kosubstantzial gisa proposatzen bazuen, feminismoak, edo feminismo marxistak, lan produktibo zein erreproduktiboarekiko gatazkan kokatzen du kapitala. Eta azken batean, Perez Orozcok dioenez, bizitzarekiko gatazkan, kapitalaren balorizazio prozesua bizitzaren jasangarritasunarekiko egiturazko kontraesanean dagoen heinean.

Horren guztiaren ondorio zuzena da gaur egun, Euskal Herrian (lurraldeen artean ezberdintasun txiki batzuk egonik) barne produktu gordinaren %32 emakumeek dohainik egiten duten lanetik eratortzea. Gaur, hemen, emakumeek gizonek baino %27 gutxiago kobratzen dute lan berarengatik, eta gizonek baino %20 behar gehiago egiten dute, etxeko lan edo zaintza lan ez ordainduen bidez, sarri. Gizonek ez dute apenas ordaindu gabeko lanik egiten, ez dute kasik zaintza eta etxeko lanik egiten, eta arrazoia ez da proletarioak direla edo frantsesak edo euskaldunak. Ez, gizonek ez dute ordaindu gabeko lanik egiten gizonak direlako. Arrazoi horrengatik, emakumea eta gizona erlazio hierarkikodun klase sozioekonomikoak direlako, gizon-emakume klaseen arteko borroka proletario-kapitalista klase borrokarekiko azpiratua izan da historikoki. Eta horrenbestez, egun, ez euskal jendartean, ez komunitate militantean, emakumeak ez dira beren bizitzaren protagonista (finantzetan, gobernuan, patronalean, sindikatuetan, unibertsitatean, kalean, industrian, ekonomian, komunikabideetan…), Engelsek aspaldi esan zuen moduan, proletarioaren proletarioak direlako.

Horregatik daki ezkertiar orok zer den merkantilizazioa eta nola lortu desmerkantilizazioa, alegia, gizon zurien askatasuna eta duintasuna, baina inor gutxik daki zer den familiarizazioa eta nola lortu des-familiarizazioa, alegia, emakumeen askatasunerako eta duintasunerako baldintza.

Feminismoak ez du langileria klasea zatitzen. Langileria klasea zatituta dago. Eta zatituta dago emakumeak eta gizonak ere klase politiko eta sozioekonomiko bat direlako.

Mari Domingiri zera eskatu genion neguko solstizioan: Kapitala obra bezain xehea, indartsua eta sofistikatua den Patriarkatu Kapitalista izeneko obra sortzeko behar den jakin-mina, irmotasuna eta aliantza feministak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna