Joseba Barandiaran Andueza.

Inoren buruko kaskatekoak

2018ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
New Yorken Dorre Bikiak bota zituztenetik, aurten 17 urte; Euskaldunon Egunkaria bortxaz itxi zigutela, ia 15. Martitzen eta eguen hartan non eta norekin zeundeten gogoan baduzue, ulertuko didazue: gaztetxotan ez bezala, «20 años no es nada» (20 urte ez da ezer) dioen tangoari zentzua hartzen hasi natzaio.

Nago frankismoa eta haren aurkako borroka zer izan zen, edo ikastolak sortzea zer izan zen, nekez barneratu(ko) dugula. Bai, mila eta bat bider entzun ditugun, edo esan dizkiguten, gauzak dira. Baina gaztelaniaz bada esaera bat, Gotzon Garatek berak ere (internet gabeko garaian, pentsa zelako lana egin zuen) pareko esaera euskaldunik topatu ez ziona: «nadie escarmienta en cabeza ajena»; «inoren buruko kaskatekoekin, ezin ikasi» moduko zerbait.

Alegia, geuri zaharragoekin gertatu bezala, nekez ulertuko digutela ondorengoek soldaduska eta intsumisio mugimendua zer izan ziren, Dorre Bikiak begien aurrean jausten ikustea zer izan zen edo Euskaldunon Egunkaria itxi zigutenekoa nolako erasoa izan zen. Adierazpen askatasuna emantzat edo lortutzat jotzen bagenuen, Egin edo Ardi Beltza salbuespentzat joz, kaskatekoa gordinean geroni iristean ohartu ginen frankismoaren itzalaren luzeaz, eta gure lozorroaren sakonaz. Frankismo ilunena ezagututakoak ez ziren geu beste harrituko, noski, guztiok sumindu arren.

Bertsozale Elkarteak ere bazekien zerbait «Transmisioa» lantaldea abiatu zuenean. Hitza bera ez da luzea baina, atzean dakarren soka, oso. Nola helarazi, nola jakinarazi, nola sentiarazi, nola abisu eman gure ondorengo belaunaldi narriatuei emantzat, egiatzat edo ziurtzat dituzten hainbat gauza ez direla berez hala! Telefono bat (lehen etxean, orain eskuan) izatea ez dela betiko kontua. Ez da betirakoa ere. Eta adierazpen askatasuna? Nola esan, gogorarazi, azpimarratu Alfredo Remirezek, @erreharriak, 100dik gora egun daramatzala espetxean klik bat medio? Eta nola transmititu ez dela kasualitatez euskalduna, ez dela kasualitatez iritzi jakin batzuk txiokatzeagatik zigortua izan? Era berean, ez dela kasualitatea Google AdWordsek, bat-batean, euskarazko iragarkiak bertan behera uztea, islandierari gertatuko ez zaiona? Uste dut kapaz garela, bihar-etzi, soldaduska motaren bat berriro ere gure bizkar gainean ezartzen ikusteko, edo jai herrikoien eredua ahitzen uzteko. Izan ere, asteburuak bi egun berez dituela sinistera iritsi gara. Zenbatetan ez ote dugun entzun «zapatu ingelesa» zeritzona ezarri zutenekoa, sindikatuen borrokaz, larunbat arratsaldeak langileentzat jai bihurtzen zituena. Pasa den mendeko kontuak. Nork azaldu oraingo ume bati «igandetarako arropa» kontzeptua; Primarkeko atean?

Dena den, errotarik ez dabil joandako urarekin. Iturri zaharrak beti ur berria ematen duen legetxe, egungo egarri eta galderentzat, egungo ur eta erantzunak behar dira. Digitalizazioaren garaian, enpresa pribatu erraldoi gutxi batzuen esku uzten ari gara gure irudi asko, gure datsegit edo «like» asko, gure iritzi edo jarrera asko; inoizko informazio gehien. Ezabatu ezingo ditugun oinatz digitalak. Eta informazioa boterea omen, ezta? Eta bai, konputazio eta kontrol ahalmen itzeleko erraldoi batzuk monopolioak eratzen ari diren bergisan, lehen pentsaezinak ziren aukerak ere eskaintzen ditu egungo teknologiak. Norteko ferrokarrila izan zena, 3, 4 edo 5G uhinak edo sareen sare ikusezin hori dira gaur. Mundu berri bat, bere arrisku eta aukera berri guztiekin. Geroni sardinen gisa biltzen gaituen sare ikusezin hori bera, bestalde.

Alfredo txiolari kaiolatuak, kazetari edo iritzi emaile deseroso torturatuak, edota Lauaxetaren moduko artista fusilatuak egongo dira, zalantza barik, aurrera ere; azalak azal, aurretik izan diren lez, baina mamiak mami, eta maniak mani. Eta geure kaskatekoen minak belaunaldi berrien buruetan, nola edo hala, errepikatuko ote diren susmoa dut. Zaila da historiaren ezagutza, esperientzia propioak, momentuko min eta borroken zentzua transmititzen. Norbere motxilan ere harriak nola pilatzen diren. Motxiladun umeei euren motxilen jatorria, edota beste ume batzuen motxilen berri azaltzea, zaila den bezala. Altzoko Handiak ezin baitzuen, nahita ere, behinola utzitako Altzo hartara bertara itzuli; denboraren joana da. Euskara batuaren sorreran hatxearen inguruko eztabaidaren hori irrigarria, edo harrigarria behintzat, iruditu izan zait niri beti; baina batuan ez omen du bere burua topatzen herriko irratian berriki agertu den azkoitiar batek; edo ondarruera hobesten du, Euskal Herri osora zuzendutako prentsa oharrean, pertsonaia publikoa den futbolari batek. Eta horrek bai, ni kezkatu nau. Baina sutzeko, jakin Angel Acebes ministro ohiak milioi bat eurotik gorako soldata jaso duela jada Iberdrolako kontseilari gisa; eta gu, aldiz, 5.000 BERRIAlagun berri osatu ezinik. Eta horrela. Gezurra ez baitu atertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.